BC3 prentsa-oharra: “Ingurumen-zerbitzuengatiko ordainketen” diseinuko hutsuneek zalantzan jarri dute horien eraginkortasuna
“Ingurumen-zerbitzuengatiko ordainketen diseinuko hutsuneek zalantzan jarri dute horien eraginkortasuna”
BC3n lanean diharduen Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzailearen partaidetzaz Nature Sustainability aldizkari ospetsuan argitaratutako lanaren arabera, ingurumen zerbitzuengatiko ordainketek mundu osoko ingurumena babesteko tresna baliagarria den arren, nahitaezkoa da horren ebaluazioa egitea eta testuinguru kultural eta sozio-ekonomiko bakoitzera egokitzea.
“Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketen eginkizuna arreta handiz ebaluatu behar da, izan ere, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketek inpaktu desberdinak izan ditzakete talde sozial desberdinen gainean; esaterako, gizarteari zuzendutako ingurumen-zerbitzuak eskaintzeagatik ordainketa eskatzen duten pertsonengan (adibidez, lurjabeak eta lurrik gabeko nekazariak), edota ordainketak egiteko kostuei eutsi behar dieten pertsonengan (adibidez, hirietako ur-kontsumitzaileak, pobreak nahiz aberatsak)”
Erreferentzia:
Wunder, S., Brouwer, R., Engel, S., Ezzine de Blas, D., Muradian, R., Pascual, U., Pinto, R.(2018). From principles to practice in paying for nature’s services. Nature Sustainability.
https://doi.org/10.1038/s41893-018-0036-x
Bilbon, 2018ko martxoaren 14an – Bizlanteriaren hazkundeari eta oinarrizko produktuen eskariari lotutako presioek ekosistema globalari eragiten dioten mehatxu gero eta handiagoen ondorioz, pizgarri ekonomikoak hil ala biziko osagaiak dira ingurumenaren kontserbazioari dagokionez.
Azken 20 urteotan, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketak (IZO) delako fenomenoa sortu da. Praktika honen bidez, diruzko nahiz espeziezko pizgarriak eskaintzen zaizkie lurjabeei eta nekazariei, lurrak ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta kudea ditzaten. Ordaindutako zerbitzu horietan, lurzoruetako nahiz basoetako karbonoaren kontserbazioa sartu ohi da klima-aldaketa arintzeko, baita arro hidrografikoen kudeaketa ere, ur garbia hornitzeko, edota bioaniztasunaren babesa, bereziki mehatxatutako habitat eta espezieena.
Nature Sustainability aldizkariak gaur argitaratutako ikerketa berri baten arabera,diseinuko eta gauzatze aldiko hutsuneak direla eta, praktikan, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketa programak ez dira izan beharko luketen bezain eraginkorrak, eta horrek lurjabeei pizgarri egokiak eskaini eta horren bitartez ingurumen-inpaktu positiboa lortzeko gaitasuna mugatzen die. Ikerketa hau Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroak (BC3) eta Ikerbasque Ikerketarako Euskal Fundazioak landu dute, Brasil, Kanada, Alemania eta Frantziako ikertzaileekin batera.
“Ondo diseinatuta eta gauzatuta baldin badaude, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketa programek garrantzi handiko eginkizuna izan dezakete mundu osoan ingurumena babesteko eta gizarteari mesede egiteko”, BC3 zentroan lanean diharduen Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzailearen hitzetan. “Egoera batzuetan, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketak egungo nahiz geroko belaunaldientzat baliagarriak diren eta bestela galtzeko zorian egon litezkeen ingurumen-zerbitzuak zaintzeko aplika daitezke, baina horretarako, nahitaezkoa da gizarteak ordain egokiak eskaintzea jabeei, ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako lur-erabilerak gauzatzeko egiten dituzten ahaleginengatik”.
Sven Wunder Nazioarteko Baso-Ikerketarako Zentroko (CIFOR) ekonomialari nagusiaren esanetan, “testuinguruak, lehentasunak eta helburuak desberdinak direnez gero, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketa programetan ere desberdintasunak egon ohi dira diseinuari eta gauzatzeari dagokienez”. “Ondo baino hobeto dakigu estrategiak aldakorrak izango direla beti, baina konturatu gara, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketen diseinatzaileek oso praktikoak ez diren bidezidorrak hartzen dituztela sarri, tokian tokiko inguruabar sozio-ekonomikoak sobera sinplifikatuz, eta horrek hutsuneak dakartzala gauzatze-aldian eta, ondorioz, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketen inpaktuan”.
Ondorio hauetara iristeko, zientzialariek mundu osoan azken 20 urteotan gauzatutako Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketen arloko 70 proiektutan jasotako datuak aztertu dituzte. Aztertutako Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketen kasuen deskribapenetatik abiatuta, bakoitzaren diseinu eta inplementazioaren ezaugarriak kodifikatu dituzte, landa-lanetan oinarrituta landu dituzten behaketak osagarritzat gaineratuz.
Ebaluatutako Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketa programen artean, Ipar Amerika, Hego Amerika, Asia, Ozeania eta Afrikako arro hidrografikoak kudeaketzeko kasuak eta baso-karbonoaren nahiz bioaniztasunaren kontserbazioaren aldeko estrategiak sartu dira.
Egileek egiaztatu dutenez, batzuetan, politiken arduradunek Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketak panazea balira bezala ikusten dituzte, eta horren ondorioz, askotan egokia ez den inplementazioa bultzatzen dute, izan ere, beste politika-programa batzuk egokiagoak izan litezke ingurumena babesteko helburuari dagokionez.
Nature Sustainability aldizkarian agertutako argitalpenaren arabera, ingurumen-zerbitzuaren onuradunek zerbitzu-hornitzaileak aurreikusitakoa baino ordain txikiagoa eskaintzen dutenean, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketak kudeatzeko esparru instituzionalik edo legalik ez dagoenean, eta jabeak ingurumen-zerbitzuaren gainean duen kontrola ahula denean sortu ohi dira aipatutako zailtasunak.
Munduan zehar, finantza arloko mugapenak eta ingurumen-degradazio gero eta handiagoa direla eta, bereziki pobrezia eta bestelako gizarte-arazoak nagusi diren eskualdeetan, presioak areagotzen ari dira kontserbazio-programak eraginkorragoak izan daitezen. “Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketen eginkizuna arreta handiz ebaluatu behar da, izan ere, Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketek inpaktu desberdinak izan ditzakete talde sozial desberdinen gainean; esaterako, gizarteari zuzendutako ingurumen-zerbitzuak eskaintzeagatik ordainketa eskatzen duten pertsonengan (adibidez, lurjabeak eta lurrik gabeko nekazariak), edota ordainketak egiteko kostuei eutsi behar dieten pertsonengan (adibidez, hirietako ur-kontsumitzaileak, pobreak nahiz aberatsak)”, adierazi du Pascualek.
“Espero dut, mundu osoko azken 20 urteotako esperientzian oinarritutako ebaluazio mota honek Ingurumen-Zerbitzuengatiko Ordainketa programa hobeak diseinatzen laguntzea, ingurumenaren ikuspegitik eraginkorragoak izan daitezen, efizienteagoak ekonomiaren ikuspegitik eta bidezkoagoak gizartearen ikuspegitik “.