BC3 Prentsa Oharra (2017-05-04)

“Asiako hego-ekialdeko, Afrika ekialdeko eta Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldeko hiriek itsas-mailaren igoerari aurre egiteko premiaz jardun beharko dute”

[Leioa, 2017ko maiatzaren 4a] Gertatzeko aukera gutxi duten, baina oso kaltegarriak diren muturreko gertakariak –suntsitzaileenak dira herritarrentzat, baita aseguru-etxeentzat ere. Desmond ekaitzak, esaterako, Erresuma Batuko ipar-mendebaldeko zonaldeak urez bete zituen 2015ean, eta Katrina urakanak hondamendia eragin zuen New Orleans hirian 2005 urtean. Gauza bera gerta daiteke, itsasoaren mailaren etorkizuneko igoera ikusita. Orain, azterlan batek ezarri du kostaldeko 120 hiri handirentzako itsas-mailaren igoeraren ondorioz sor daitezkeen kostaldeko uholdeen arriskua, eta ezagutzera eman du zeintzuk diren muturreko gertaerak bizitzeko arrisku gehien dutenak.

1900 urteaz geroztik, itsas-maila, batez beste, 1,7 mm igo da urtean. Sateliteek berriki egindako neurketek adierazten dute gaur egun balio hori hazi egin dela, 3 mm ingururaino urtean. Izotz-geruzen urtzeak eta ozeanoen zabalkuntza termikoak joera hori errazten jarraituko dute, eta 2100 urterako aurreikuspenen arabera, baliteke itsasoaren maila 44 cm eta 74 cm artean igotzea 1986-2005 aldiarekin alderatuta. Hala ere, batez bestekoen aurreikuspen horiek ez digute gerta daitezkeen muturreko gertakarien berri ematen.

BC3ko Ibon Galarraga, Luis Maria Abadie eta Elisa Sainz de Murietak gertatzeko aukera gutxi baina arrisku handia duten kostaldeko gertakariak aztertzea erabaki zuten. Horretarako, itsas-mailaren etorkizuneko igoeraren probabilitate banaketak aztertu zituzten mundu osoko kostaldeko 120 hiri handitan, hiru agertoki[1] ezberdinen arabera (RCP2.6, 4.5 eta 8.5). Kasu bakoitzean, aukera gutxieneko baina eragin handieneko muturreko gertakarien kalteak kalkulatu zituzten 2030 urtetik 2100 urtera bitartean, eta kontuan hartu zituzten, alde batetik, aukeren %95eko pertzentilaren barruan dauden hirien kostaldeko uholdeen ondoriozko kalteak eta, bestetik, gainerako aukera okerrenen %5ean gerta daitekeen batez besteko galera.

Taldearen emaitzen arabera, muturreko kosta-uholde baten ondorioz 2050ean kalterik okerrenak jasango lituzketen hirien zerrendako lehena Txinako Guangzhou hiria da. Estatu Batuetako New Orleans hiria da zerrenda horretan bigarrena, nahiz eta itsas-mailaren igoerari aurre egiteko prestatuago dagoen.

“Arrisku handiagoa dago Guangzhou hirian, New Orleans hirian baino, Txinako hiriaren itsasoaren mailaren igoera aldakorragoa delako”, adierazi zuen Galarragak. Eskualde geografiko, topografiko eta klimatikoaren araberako ezberdintasun horiek zehazten dituzte aldagai guztiak itsasoaren mailaren igoeraren banaketaren muturretan.

Hiri bakoitzeko ezaugarri geografikoez gain, ikerlariek biztanleria-proiekzioak ere kontuan hartu dute, baita uholde-arriskuan egon daitezkeen ondasunak eta horien balio monetarioa ere. “Hiri askotan biztanleria eta barne produktu gordina (BPG) haztea aurreikusten da, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan, eta horren ondorioz, etorkizunean galera ekonomiko handiagoak gerta daitezke”, adierazi zuen Galarragak.

Horren ondorioz, Asiako hego-ekialdeko hiri asko dira kalte-zerrenda horren buru: Bangkok (Tailandia), eta Indiako Bombay eta Kalkuta dira, hurrenez hurren, zerrendako hirugarren, laugarren eta bosgarrena. Azterlanaren emaitzak Estatu Batuetako Environmental Research Letters (ERL) zientzia-aldizkarian argitaratu dira.

 

Ildo beretik, Frantziako Orléans hiriko BRMGko (Frantziako Zerbitzu Geologiko Nazionaleko) Gonéri Le Cozannet ikerlaria, bere taldearekin batera, muturreko gertaeren aukerak aztertzen aritu da eta 2100 urterako itsasoaren mailaren egoerari buruzko kezkak RCP 8.5 agertokiaren arabera modelizatu ditu.

Bi azterlanok bat datoz ondorioetan: gure gain hartu ezin ditugun kalteak eragingo lituzketen gertaerez kezkatu behar dugu. Nahiz eta hondamendi horiek gertatzeko aukera baxua izan, gertatuko balira, kostua onartezina litzateke. Halako kostuari aurre egiteko neurri ekonomiko modura BPG-aren %1 erabiltzea erabakitzekotan, Galarragak eta bere lankideek beren ustez premiazko neurriak hartu beharko lituzketen hiriak identifikatu dituzte. “Gure azterlanaren arabera, egokitze-neurriak lehen bait lehen ezartzen hasi beharko liratekeen hiriak Asiako hego-ekialdean, Afrika ekialdean eta Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean daude”, baieztatu du. “Orokorrean, Latinoamerikako hiriek 2050 urtera arte itxoin dezakete, hainbat salbuespen badaude ere, eta Europako eta Australiako hiriek (hemen ere bada salbuespenik, Rotterdam hiria, esaterako) denbora gehiago dute horretarako”.

 

Oharra:

Artikulu hau Kate Ravilious-ek idatzi du, Environmental Research Letters zientzia-aldizkarian argitaratutako ikerketa batean oinarrituta, eta lehen aldiz plazaratu zen environmentalresearchweb gunean (http://environmentalresearchweb.org).

Egile-eskubidea: IOP Publishing, baimendutako berrinprimatzea.

[1] Agertokiek berotegi-efektuko gasen (BEG) kontzentrazioaren ibilbidea adierazten dute. Normalean euren ingelesezko siglak erabiltzen dira agertoki desberdinak aipatzeko, RCP (Representative Concentration Pathways, RCP). Lau agertoki edo BEG ibilbide daude: RCP2.6, 4.5, 6.0 y 8.5. Lehenak kontzentrazio txikiena adierazten du, eta beraz klima-aldaketa txikienaren isla da. RCP8.5 aldiz, BEG kontzentrazio handienak erakusten ditu eta, ondorioz, etorkizun ezkorragoa ordezkatzen du.

 

 

 BC3-an  Kontaktua:
Ainhoa Azkarate: +34 (944) 014-690/689425619
ainhoa.azkarate@bc3research.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.