Azterlan berri batek azpimarratzen du genero-ikuspegia klima-politiketan txertatzeko premia larria dela


Energy Research & Social Science aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek azpimarratzen du genero-ikuspegia txertatu behar dela klima-politiketan. Eva Alonso-Epelde BC3ko ikertzailea buru duen azterlan hau gaiari buruzko literaturaren lehen berrikuspen sistematikoa da, genero-ikuspegitik, PRISMA ikuspegia erabiliz.

“Emakumeak, arau kulturalengatik eta baliabide naturalekiko duten mendekotasunagatik, ahulagoak dira klima-aldaketaren ondorio kaltegarriekiko. Hala ere, oraindik hutsune esanguratsua dago ikerketan eta generoarekiko sentikorrak diren neurrien aplikazioan”. (Eva Alonso-Epelde, BC3ko ikertzailea)

Klima-politiketan, genero-ikuspegia ikerketa-arlo berria da, eta duela gutxi hasi da eremu akademikoan interesa sortzen. Gaur egun 29 argitalpen baino ez dira identifikatzen gai honi buruz, eta gehienak azken lau urteetan argitaratu dira. Gainera, gero eta interes politiko eta sozial handiagoa dago, eta horrek gaiari buruzko ezagutzak areagotzeko beharra berresten du.

Alonso-Epeldek nabarmendu du, halaber, ez dagoela genero-ikuspegitik klima-politiken eraginen irismena kuantifikatzen duen azterketarik, eta horrek zerikusi zuzena du generoaren arabera banakatutako metodologiarik eta datu ezarekin. Era berean, ikerlariak adierazi du beharrezkoa dela diskurtso feminista eta genero-ikuspegia modu eraginkorrean sartzea genero-politiken azterketan, eta garrantzitsua dela azterlanen irismena dibertsifikatzea, hego globaleko emakumeak birbiktimizatzen dituen diskurtsoari ekarpena egiteari utzita.

“90eko hamarkadatik dabiltza nazioarteko erakundeak ingurumen-politikan genero-ikuspegia txertatzeko beharra azpimarratzen. Hala ere, oraindik informazio faltak zaildu egiten du zeregin hori “. (Eva Alonso-Epelde, BC3ko ikertzailea)

Azterlanak ondorioztatzen duenez, metodologia egokirik eta sexuaren arabera banakatutako daturik ez izateak mugatu egiten du klima-politikek genero-ikuspegitik duten eraginaren azterketaren irismena. Alonso-Epeldek gomendatzen du metodologia berriak garatzea, generoarekiko sentikorrak diren azterlan kuantitatiboak egiteko eta datuak generoaren eta beste kategoria sozial batzuen arabera bereizteko etorkizuneko ikerketetan.

“Zientziak XXI. mendeko erronka handienetako batzuei aurre egiteko ezagutza erabilgarria sortzen lagundu nahi badu, garrantzitsua da arlo horretako ezagutza zabaltzea, teoria feministarekin berriz konektatzea eta identifikatutako ikerketa-hutsuneak zuzentzea”. (Eva Alonso-Epelde, BC3ko ikertzailea)

Artikulu honi buruz:

Titulua: Climate action from a gender perspective: A systematic review of the impact of climate policies on inequality

Link: https://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S2214629624001026

Doi: 10.1016/j.erss.2024.103511

Egileak: E. Alonso-Epelde, X. García-Muros, M. González-Eguino

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.