Euskadin klima-aldaketara egokitzeko irtenbideei buruzko haurrentzako argitalpen berri bat


Urriaren 31a, 2023 Hirien Munduko Eguna dela eta, BC3-k (klima aldaketari buruzko ikerketa zentroak), “Ilargiker eta bero-boladak hirian ” ipuina argitaratu du. Euskadiko lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta klima-aldaketaren gaia lantzeko helburu duen haurrei begirako argitalpenen bildumaren bigarren ipuina da.

2022an “Ilargiker eta izotzaren misterioak” lehen liburua argitaratu ondoren, Iratxe Rubiok, BC3ko ikertzaile asoziatua dena, eta Amelia Benito del Vallek, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikertzailea dena, lan berri honetan naturan oinarritutako hiri-egokitzapenerako irtenbideak mahai gaineratu dituzte. Horretarako, Bilboko Hiribilduan bero-boladei aurre egiteko, modu ezberdinak plazaratu dituzte.

“Tenperaturaren igoerak, haurren egunerokotasuneko ekintzak hiri handietan mugatu egin ditu. Plaza, lorategi edo parkeetan eguneko edozein ordutan egotea jada ez da ohikoena. Horregatik eta haurrei espazio horietan eta beste hiri-espazio batzuetan aisialdia garatzeko aukera badagoela helarazteko, naturan oinarritutako irtenbideak aurkeztu ditugu. Adibidez, itzala izateko zuhaitz hostotsuen presentzia handitzea edota haizea freskatzeko eta hezetasuna handitzeko etengabeko mugimenduan diharduten hiri-uretako  elementuak gehitzea.”

Bigarren lan honetan, Ilargikerreko eta Lehen Hezkuntzako pertsonaiak “Ilargiker eta izotzaren misterioak” ipuinean agertzen diren protagonista berak dira. Ilargiker, Amalurran sustraitua dagoen fikziozko pertsonaia femeninoa eta BC3ko ikertzailea dela gogoratu beharra dago. Gainera, istorio berri honetan, hirugarren protagonista batek parte hartzen du. Honakoa  hiriko alkatea da eta Ilargikerrek, bero-boladei aurre egiten laguntzeko, naturako elementuak bisita ditzan  gonbidatzen du.

“UNESCOren 2019ko Estatistika Institutuaren datuen arabera, mundu mailako emakume ikertzaileon presentzia % 30era ez da heltzen. Hori dela eta, zientzia arloetan, emakumeon presentzia urria dela esan dezakegu. Guzti honi aurre egiteko, Garapen jasangarrirako 2030 Agendak, adierazitako erronken artean genero berdintasuna aipatu du. 2019an, UNESCOk, “Descifrar el código: La educación de las niñas y las mujeres en ciencias, tecnología, ingeniería y matemáticas (STEM)” argitalpenean, arlo horietan emakumeon presentzian sakontzeko beharra agerian utzi zuen. Ondorioz, Ilargiker emakume zientifikoaren existentziaren aldarrikapen bat da eta kasu honetan, bere irakurletza klima aldaketari eta honen ondorioei buruzko kontzeptu eta gertakari xumeei hurbilpen bat egingo die”.

“Ilargiker eta bero-boladak hirian” liburua “Training Caravan Txiki” zientzia-dibulgazioko ekimenaren parte da eta BC3ko Zientzia Arduratsuaren eta Berrikuntzaren Programaren (RRI) gai-arloaren baitan kokatzen da. Aurretiaz aipatu bezala, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta proiektu honen bidez, klima-aldaketari buruzko gai nagusiei, zorroztasun zientifikoan oinarritutako erantzunak eskaintzen zaizkie. Modu honetan,  egungo ulermen zientifiko onena haurren eskura jarriz. Aldi berean, haurren interesa piztuz, ikerketa-karrera ikasleengana hurbiltzen da.

2023-2024 ikasturtean zehar, Bizkaiko Lehen Hezkuntzako ikastetxe ezberdinetan  “Training Caravan Txiki” ekimena antolatuko da eta 40 ikastetxe inguruk parte hartuko dute. UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasleek AGIS (Ahots Gorako Irakurleen Sarea) programaren bitartez, bigarren obra hau ikasgeletan ozenki irakurriko dute. Gainera, irakurmena hobetzeko, irakurketaren aurretik eta ondoren, ipuinaren gaia testuinguruan kokatzen laguntzeko eta lehen hezkuntzako ikasleek BC3k aurkeztutako edukiak uler ditzaten, jarduera didaktiko batzuk planteatuko dira.

Epe ertainera begira,  irakurketa-ekimen hau Gipuzkoako eta Arabako lurralde historikoetara iritsiz, Bizkaitik kanpoko beste ikastetxe batzuetara hedatzea aurreikusten da.  Ondoren, irakurketa horiek Euskaditik haratago eramatea ere planteatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.