Biodibertsitatearen arloko munduko ehun aditu onenak Gasteizen bilduko dira naturak ematen dituen balioak aztertzeko

IPBES

IPBES

“Biodibertsitatearen arloko munduko ehun aditu onenak Gasteizen bilduko dira naturak ematen dituen balioak aztertzeko”

 

IPBESeko adituen taldeak bigarren bilera Arabako hiriburuan antolatuko du urriaren 21etik 27ra, BC3 eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arteko lankidetzari esker

Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari buruzko Gobernu Arteko Plataforma Zientifiko-Normatiboa (IPBES) gobernu arteko plataforma independente bat da, eta Nazio Batuen babesa jasotzen du. Horren bitartez, loturak ezarri nahi dira zientziaren eta politika publikoak ezartzearen artean

Aipatutako plataformak milioi bat espezie desagertzeko arriskuan zeudela ohartarazten zuen txostena aditzera eman zuen maiatzean

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 18a

Biodibertsitatean eta ekosistemetan jarduten duten nazioarteko aditurik onenak Gasteizen bilduko dira naturak, bertoko ekosistemek eta dibertsitate biologikoak eskaintzen dituzten askotariko balioak eta onurak jorratzeko. Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari buruzko Gobernu Arteko Plataforma Zientifiko-Normatiboko (IPBES) adituen taldea gobernu arteko organo independente bat da, eta Nazio Batuen babesa jasotzen du. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eta Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroari esker antolatu ahal izan da topaketa Arabako hiriburuan. Gainera, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesa jaso du.

Topaketaren helburu nagusia IPBESen balioen inguruko ebaluazioan aurrera egiten jarraitzea da, hau da, naturarekin zerikusia duen balioen dibertsitateari dagokion ezagutza sintetizatzea ezagutzaren askotariko sistema, ikuspegi eta ikuspunturekin bat etorriz, bai eta gizakion ongizateari ematen dizkion onurak aitortzea ere. Horrekin guztiarekin, gero, azken txostena egingo da. Balioei buruzko ebaluazioa bat dator IPBESen azken xedearekin: planeta osoan ingurumeneko ekintzarako eta politikarako oinarrizko informazioa ematea.

Balioei buruzko ebaluazioa 2018ko abuztuan abiarazi zen, IPBESek Bonn hirian (Alemania) duen egoitzan antolatutako bilera batean. Ondoren, egileen lehenengo bilera egin zen Mexiko Hirian, urte bereko azaroan, eta, orain, urriaren 21etik 27ra, egileen bigarren bilera egingo da Gasteizen.

Taldea osatzen duten adituak eskualde hauetatik datoz: Amerika eta Karibea, Ekialdeko Europa, Mendebaldeko Europa, Asia-Pazifikoa eta Afrika. Lau ko-presidente ditu taldeak: Patricia Balvanera (Mexiko), Mike Christie (Erresuma Batua), Brigitte Baptiste (Kolonbia) eta Unai Pascual da, BC3 eta Ikerbasque-ko euskal ikertzailea.

Hain zuzen ere, Unai Pascual dibertsitate biologikoaren munduko ebaluazioari buruzko txostenaren egile nagusietako bat izan zen. Lana ekosistemen gainean gaur egun arte egin den ikerketa zientifikorik osoena eta zehatzena da, eta maiatzean kaleratu zen. Txostenak zalaparta handia sortu zuen nazioarteko komunitatean; izan ere, bertan ohartarazi zen milioi bat animalia- eta landare-espezie galtzeko zorian zeudela inoiz ez bezalako abiaduran eta gizakion jardueraren ondorioz.

Unai Pascualen arabera: «Erronka handia da naturaren askotariko balioak aztertzea; izan ere, naturaren eta gizartearen arteko harremanek itxura oso ezberdinak izan ohi dituzte mundu osoan zehar. Euskadin, adibidez, kulturalki, sozialki eta ekonomikoki oso harreman estua daukagu biodibertsitatearekin. Hain zuzen ere, horrexegatik erabaki genuen zientzialarien munduko talde garrantzitsu hau Gasteizera ekartzea».

IPBESi buruz

Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari buruzko Gobernu Arteko Plataforma Zientifiko-Normatiboa (IPBES) Nazio Batuek babesten duten gobernu arteko organo independente bat da, eta zientziaren zein politika publikoak egiteko prozesuaren arteko harremana bultzatzea du xede. Horrela, erabakiak hartzen dituztenek elementu zientifikoak izango dituzte eskura ingurune naturala eta biodibertsitatea zaintzea sistema normatiboetan aintzat hartu eta sar daitezen.

2012. urtean 94 gobernu nazional arduratu ziren sortzeaz. Gaur gun, berriz, mundu osoko 132 estatu-gobernuk osatzen dute. Gobernu arteko plataformaren maila eta zereginak Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) antzekoak dira.

BC3ri buruz

Basque Center for Climate Change (BC3) diziplina anitzeko nazioarteko ikerketa-zentroa da, klima-aldaketa ikertzea du ardatz eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu du zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Bilbon du egoitza. BC3 oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroetako bat da (BERC – Basque Excellence Research Center), eta haren bazkide dira Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ihobe (Ingurumen Kudeaketako eta Kontserbazioko Euskal Sozietatea).

 

informazio gehiago:

Ainhoa Azkarate, press@bc3research.org  +34 689 42 56 19 / +34 94 401 46 90

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.