BC3, Alex Txikonekin eta haren taldearekin K2-rako espedizio berrian

“BC3, Alex Txikonekin eta haren taldearekin K2-rako espedizio berrian”

Alex Txikon mendizalearen WinterTopAppel espedizioan izango da BC3. K2ra neguan igo nahi du Txikonek; lortuko balu, hori egiten lehenbizikoa izango litzateke. Munduko mendirik altuenetan bigarrena da K2 (8.611 m), eta eskalatzen zailena; horregatik, eta ezbeharren kopuruari dagokionez ere bigarrena delako, “mendi basatia” deitzen diote.

Espedizioaren oihartzunaz baliatuta, gure planetaren ingurumen-arazoak plazaratu nahi dituzte haren antolatzaileek. Horretarako, zenbait ekimen berritzaile erabiliko dituzte; besteak beste, eguzki-panelak eta haize-errotak, espedizioek ere klima-aldaketaren arazoez arduratu behar dutela adierazteko.

BALELUR proiektuaren bidez hartuko du parte BC3-k espedizioan, betiere klima-aldaketaren ondorioak nabarmentzeko. Hona espediziora joango diren zentroko zientzialarien helburuak:

Lehena, aztertzea zer ondorio eragin dituen klima-aldaketak Baltoro glaziarraren haranean eta hango mendi mitikoan (K2); bigarrena, jakitea eskualde hartako biztanleek nola ikusten duten fenomeno hori eta haren inpaktuak, eta zer neurri hartu dituzten egokitzeko; eta hirugarrena, aztertzea zer sentsibilizazio-gaitasun duten klima-aldaketaren berri emateko estrategiek sare sozialetan.

Horretarako, BC3ko ikertzaile bat joango da landa-lana egitera Alex Txikonen taldearekin; besteak beste, elkarrizketak eta inkestak egingo ditu, eta elur- eta lur-laginak jasoko garaiera desberdinetan.

Funtsezkoa da alpinisten eta zientzialarien elkarlana goi-altitudeetan elur-laginak jasotzeko eta leku horietan klima-aldaketak zer ondorio eragin dituen jakiteko. Ekosistema oso kaltebera horietan klima-aldaketa zerk eragiten duen eta zer inpaktu duen argitzen lagundu nahi du BC3k proiektu horren bidez.

WinterTopAppel espedizioko prentsa oharra: 29 11 2018 – Alex Txikon – Presentación Nueva Expedición 2019

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.