BC3 Uda Ikastaroko hizlaria den Christoph Bohringer Berriari eskeinitako elkarrizketan «Agenden erdian jarri dute klima aldaketa Parisko akordioek»

Christoph Bohringer. Oldenburg Unibertsitateko irakaslea eta BC3 Uda Ikastaroko hizlaria

“Agenden erdian jarri dute klima aldaketa Parisko akordioek

Karbono zergaren merkatua eta lehiakortasuna izan ditu hizpide BC3k antolatutako EHUren Udako Ikastaroan. Bohringerrek esan du etorkizun hurbileko inbertsioa dela energia berriztagarrien aldeko apustua.

 

 

Oldenburgeko Unibertsitatean (Alemania) irakaslea eta ikerlaria da Christoph Bohringer (Herrenberg, Alemania, 1965). Horretaz gain, zientzia eta teknologietan aholkua ematen dio Alemaniako Gobernuari. Klima aldaketaren inguruko politikak eta karbono isurketa ditu ikergai azkenaldian. Horretaz mintzatu da BC3 Basque Center for Climate Changek EHUko Udako Ikastaroetarako antolatu duen jardunaldian: Klima aldaketaren erronkak Pariseko akordioaren ondoren.

Karbono isurketak eta industria lehiakortasuna ingurumen politiken erdigunean daudela esan duzu. Zer adierazi nahi duzu horrekin?

Karbono isurketek garrantzi handia dute: horren gaineko zerga leku batean ipiniz gero, isuri horrekin lotura duen edozein produkturen kostuak gora egiten duelako. Beraz, karbonoaren gaineko zerga duten herrialdeetan, gas horrekin lotura duten produktuek lehiakortasuna galtzen dute. Gainera, karbonoaren gaineko zergarik ez duen herrialde batek produktu horren ekoizpena hartzen badu, ez da isuria murrizten, are gehiago, leku batean murrizten diren isurketa guztiak kanpoan handitu daitezke. Eta klima aldaketaren arazoa globala da, ez du axola nork isurtzen duen karbono gehiago, denek egin behar diote aurre egoerari erantzukizunez.

Hain zuzen, gehiegizko isurketei aurre egiteko, zenbait estatuk Kyotoko Protokoloaren bidez karbonoaren gaineko zerga ezarri zuten. Izan du eraginik?

Azterketa ekonometriko eta enpirikoen arabera, %50 jaitsi da carbon leakage-a —karbono isurketaren gaineko kontrola duten herrialdeek zenbat karbono isuri murriztu duten halako kontrolik ez dutenen aldean—. Kyotoko Protokoloa onartu zuten herrialdeek 100 tona karbono murriztu dituzte, baina hitzarmenetik kanpo zeudenek, 50 bat tona gehiago isuri dituzte. Baina, errealitatean ez dute halako garrantzirik izan.

Dena den, kontuan hartzekoa da merkatuan neurri horiek izan duen eragina. Enpresa ugarik estatuei eskaera egin diete zerga hori kentzeko, bestela herrialdetik badoazela ere esan dute.

Carbon leakage-ak ordea, zenbait herrialdek karbono bonuak salerostea ekarri du. Zenbateraino da neurri hori karbono isurketen murriztailea?

Europako Batasunean badago karbono bonuen merkatu bat. Kontua da karbono isurketaren inguruko baimenak edo karbono bonoak banatzen direnean, herrialde horren aldez aurretiko isurketa jada murriztua dagoela, beraz, nahiz eta herrialdeek euren artean baimen horiek trukatu, karbono isuria txikiagoa da.

Uste dut oso garrantzitsua dela maila etiko eta ekonomikoak ez nahastea. Jende askok dio ez dela etikoa karbono isurketaren gaineko erantzukizunak trukatzea, baina, zergatik ez egin bono salerosketa hau herrialdeentzat merkeagoa izango bada? Uste dut karbono merkatu hauek klima aldaketaren aurkako politiketan neurri garrantzitsuak direla, baina kontuan izan behar dugu karbono isuriarekin jarraitzen dela bestelako energia berriztagarriak oraindik oso garestiak direlako. Beraz, horretan ere eragin beharko litzateke.

Sona handia izan zuen iazko urte bukaeran Parisen klima aldaketaren inguruan egindako goi bilerak. Kyotoko hitzarmenak ere izan zuen garrantzia, baina isurtzaile handienek (Txina eta AEB), karbono gehiago jaurti dute atmosferara ordutik. Desberdintasunik egongo al da oraingo hitzarmenarekin?

Oso zaila da horri erantzutea, baina uste dut Parisko biltzarrari esker AEBetako eta Txinako herritarrak gobernua estutzen hasiko direla. Gainera, nolabait, bi herrialdeak ados jarri dira egoera onartzeko eta horri aurre nola egin hitz egiteko. Itxaropena eduki behar dugu Parisko akordioan. Bestela, zein bide dugu klima aldaketari aurre egiteko? Parisko akordioek erantzukizun boluntarioa eskatzen dute, ez dago legezko loturarik, eta egia da horrek zailtasunak ekartzen dituela, ezin baitira estatuak behartu legez isurketak murriztera. Hala ere, neurri interesgarriak har daitezke isurketak murrizteko herrialdeen arteko presio bidez; esaterako, nazioarteko hainbat merkataritza saretan sartzeko baimena, karbono isuria murriztearen truke.

Iruditzen zait Parisko akordioek lortu dutela klima aldaketa agendaren erdian ezartzea, eta arazoak duen benetako dimentsioa azaleratzea. Ez dago aldaketa gehiegirik Kyotoren aldean, baina oso garrantzitsua da munduko herrialde guztiek parte hartu izana eta prozesuaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu izana; baita karbono isurketa murrizteko neurri ekonomikoak eskaintzea garatzen ari diren herrialdeei.

Hasieran esan duzu karbono isurketa murrizteak lehiakortasun ekonomikoa galtzea dakarrela. Alemania, berriz, potentzia ekonomiko eta teknologiko nagusien artean kokatzen da, eta erabiltzen duen energiaren %34 berriztagarria da. Nola da posible?

Hazkunde berdean sinetsi behar dugu. Hori egitea posible da. Hazkundea iraunkorra izan dadin, teknologia berriztagarrien berrikuntzan eta ikerketan aritzea ezinbestekoa da. Gainera, merkatuek badakite lehenago edo geroago energia berriztagarriak erabili beharko direla, nahiz eta gaur-gaurkoz nahiko garestiak izan. Beraz, berrikuntza hauetan ondo ikertu eta inbertituz gero, etorkizun hurbil batean puntako teknologia izango du herrialde horrek eta merkatuan ere indartsu egongo da alboko herrialdeen aldean. Europako Batasunak estandar batzuk ezarri beharko lituzke nazioartean, energia eta teknologia berriztagarrietan berrikuntzak egin ahal izateko eta, aldi berean, lehiakortasun ekonomikoa ez galtzeko.

2023rako energia nuklearraren ekoizpena gelditzeko plan bat ere badu Alemaniak.

Bai, 2000ko hamarkada hasieran onartu zen neurri hori, eta 2009an zentral nuklearrak ixteko epea luzatu bazen ere, 2011n, Fukushimako [Japonia] hondamendiarekin batera, hasierako neurria hartu zen berriz. 2023an da ixtekoa azken zentrala, eta gure herrialdeko alderdi politikoren bati ere ezin zaio bururatu energia nuklearraren alde egitea; zigor soziala izugarria litzateke.

Alemaniak erakutsi du posible dela energia berriztagarrien alde eginda ere ekonomia eta teknologia potentzien puntan egotea. Beraz, karbono isurketan neutroak diren energiak dira etorkizuneko apustua, nire ustetan. Erronka, berriz, trantsizio energetikoa zein abiaduran egin eta zenbateko kostua izango duen neurtzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.