Nola babestu ahal dugu biodibertsitatea? dibertsitate genetiko globalaren monitorizazioa hobetuz


  • Animalien eta landareen dibertsitate genetikoa funtsezkoa da klima-aldaketara egokitzeko. Dibertsitate honen egungo monitorizazioa desegokia da eta garrantzi handiko aldaera genetikoen galera ekar lezake.
  • Peter Pearman BC3ri atxikitako Ikerbasqueren UPV/EHUko ikertzailea buru duen ikerlan batek Europako dibertsitate genetikoa monitorizatu beharreko lekuei buruzko informazioa eman eta espezieen nahiz dibertsitate genetikoaren nazioarteko monitorizazioa lehenbailehen hobetu behar dela egiaztatu du, klima-aldaketak espezie batzuk arriskuan jarri dituela kontuan hartuz.
  • Ikerketa Nature Ecology & Evolution aldizkari ospetsuan argitaratu da

Bilbo, 2024ko otsailaren 14a.- Gure planetako izaki bizi guzti-guztiak material hereditarioan dituzten desberdintasun txikiengatik bereizten dira bere espezieko kideengandik. Ondorioz, ingurunea aldatu eta landare zein animalientzat kaltegarria bihurtzen denean, aldakortasun genetiko horrek baldintza berrietara egokitzeko aukera eman diezaieke, betiko desagertu edo beste habitat batzuetara migratu beharrik gabe; izan ere, dibertsitate genetikoa da klima-aldaketaren garaian espezieek bizirik irauteko gakoetako bat. 2022an, Dibertsitate Biologikoari buruzko Nazioarteko Konbentzioak (CDB, ingelesezko siglen arabera) basa-espezieetan dagoen dibertsitate genetikoa babesteko beharra azpimarratu zuen, izan ere, aniztasun biologikoaren funtsezko osagaia izanik, ez da askotan behar bezala zaindu.

Berotze globalak presio handia eragin die Europako espezie askori, bereziki habitatak dagokien klima-tartearen mugetan dituztenei. Espezieek bero edo lehorte handiagoa jasateko duten gaitasuna eta ingurunea kolonizatzen duten espezie berriei aurre egiteko estrategiak dira bizirik irauteko aukerak baldintzatzen dizkietenak. Muga-mugako ingurune horietan neurtu behar da gehien dibertsitate genetikoa, espazio horietan bizi diren espezieek bizirik irauteko duten gaitasuna ebaluatzeko.

Peter Pearman BC3ri atxikitako Ikerbasqueren UPV/EHUko ikertzailea buru duen nazioarteko ikerketa batek (Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu berri da) Europako dibertsitate genetikoaren monitorizazioa aztertu zuen. Pearmanen eta lanaren gainerako egilekideen emaitzek frogatu dutenez, Europan dibertsitate genetikoa monitorizatzeko egindako ahaleginak ez dira nahikoak, eta klima-aldaketak kontserbazionismoaren ikuspegitik interesgarriak diren espezieen gainean eragindako balizko inpaktuak kontuan hartuz osatu behar dira.

Europako dibertsitate genetikoa monitorizatzeko programa guztiak aztertuta, ikerlanak monitorizazio-ahalegin handiagoak behar dituzten eremu geografikoak zehaztu ahal izan zituen, batez ere Europako hego-ekialdean (Turkia eta Balkanak). Ikerketaren arabera, Iberiar Penintsulan ere espezie asko arriskuan egongo dira klima-aldaketaren ondorioz. “Europako dibertsitate genetikoa hobeto monitorizatzen ez baldin bada, garrantzi handiko aldaera genetikoak galtzeko arriskua dugu”, adierazi du Peter Pearman ikerketaren egile nagusiak.

Monitorizazioa hobetzeak aldaera horientzat klimaren ikuspegitik mesedegarriak diren eremuak detektatu eta babesteko aukera emango luke, eta hau funtsezkoa da espezieek epe luzean bizirik iraun ahal izateko. Mehatxatuta dauden espezie horietako batzuek ezin ebaluatuzko zerbitzuak ematen dizkiete gizakiei: laboreen polinizazioa, izurrien kontrola, uraren arazketa eta klimaren erregulazioa, besteak beste.

Ikerketak 31 herrialdetako 60 unibertsitate eta ikerketa-zentro ordezkatzen dituzten 52 zientzialariren ahaleginak ere gaineratu zituen. Emaitzek iradoki dutenez, behar-beharrezkoa da Europako dibertsitate genetikoa monitorizatzeko programak sistematikoki egokitzea ingurumen-gradiente osoak eta biodibertsitate handiko eskualde kalteberak barne hartzeko.

Espainiak biodibertsitatearen murrizketa geldiarazteko sinatu dituen azken hitzarmenen ildotik, ikerketak argi utzi du monitorizazio hobea egin behar dela nazioarte mailan, klima-aldaketak espezieetan zein dibertsitate genetikoan eragindako ondorioak aintzat hartuz. Horrela, lurzoruaren erabilera hobeto planifikatu eta ekosistema kontserbatzeko eta lehengoratzeko ekintzak hobeto babestu ahal izango dira, espezieen biziraunkortasuna eta haiei atxikitako zerbitzuak bermatzen laguntzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Titulua: Monitoring of species’ genetic diversity in Europe varies greatly and overlooks potential climate change impacts.

Link: https://www.nature.com/articles/s41559-023-02260-0 

Egileak: Peter B. Pearman, Olivier Broennimann, et al. 2024.

Doi: https://doi.org/10.1038/s41559-023-02260-0

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.