Klima aldaketari buruzko goi-bilera 2022 (COP27): Aldaketa berririk?


BC3k eta UIKek azaroaren 24an antolatutako Donostia Sustainability Forumaren barruan, Klima aldaketari buruzko goi-bilera 2022 (COP27): Aldaketa berririk? jardunaldi berezia ospatu zen.

Elisa Sainz de Murieta UPV/EHUko irakasle eta BC3ko ikertzaile elkartuak moderatu zuen ekitaldia, eta honako hauek parte hartu zuten: María José Sanz BC3ko zuzendari zientifikoak, Teresa Solana Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendaritzako aholkulariak, Héloïse Chicou Regions4 Sustainable Development programako kudeatzaileak eta Cristina Rivero CEOEko Industria, Energia, Ingurumen eta Klima Saileko zuzendariak.

Ordubetean zehar, 80 parte-hartzaile baino gehiagok aukera izan zuten COP27k utzi dituen emaitzak ikuspegi akademikotik, publikotik eta enpresarialetik aztertzeko. Bertan nabarmendu zen “Afrakiko COPa” funtsezkoa izan dela klima-aldaketara egokitzea lantzeko eta Glasgowko COP26an sinatu zen lan-programan lehen urratsak emateko.

Bere hitzaldian, María José Sanzek azpimarratu zuen egokitzapenak tokikoa izan behar duela, eta eragile guztiek lan egin behar dutela horretan, tokiko erakundeetatik hasi eta nazioarteko eragileetaraino. Era berean, Afrikak egokitzapen-politika berriak sortzeko duen funtsezko zeregina azpimarratu zuen, eskualde horretan ikusten baitira gehien klima-aldaketaren ondorioak. Egokitzapen Globalaren Helburua definitzeko lan-programaren aurrerapenen garrantzia ere nabarmendu zuen.

Bestalde, Teresa Solanak adierazi zuen elkartasun funtsa sortzeko akordioa izan zela goi-bileraren lorpen handienetako bat, klima-aldaketaren aurrean ahulenak ziren herrialdeen aldarrikapen historikoa izan baitzen.

Ekitaldian zehar zabaldu zen beste mezu bat Héloïse Chicourena izan zen, eskualdeek eta tokiko gobernuek klima-aldaketari aurre egiteko eta etorkizuneko egokitzapen-politikak sortzeko eta baloratzeko duten garrantziari buruzkoa.

Azkenik, Cristina Riverok sektore pribatuak aurreko goi-bileretan izan duen bigarren mailako eginkizunaz hitz egin zuen, bai eta COP27an gertatu den aldaketaz ere, klima-aldaketa arintzean eta klima-aldaketara egokitzean sektore hori inplikatzea bultzatzen duten ekimen eta aliantza berriak sortzearen ondorioz.

Hizlariak bat etorri ziren esatean COP27 erabaki historikoen gailurra izan ez bada ere, lagundu egin duela prozesuak ebaluatzen, oinarriak indartzen etorkizuneko COP28aren negoziazioak eraginkorrak izan daitezen eta eragile guztiek elkarrekin lan egin dezaten klima-aldaketara egokitzeko, goranzko planteamenduari jarraituz, bidezkoa eta eraginkorra izango dena, eta kaltetutako eskualdeak kontuan hartuko dituena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.