Giza-ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatzeak biodibertsitate, klima eta garapenaren helburu globalak lortzea erraztuko luke

“Giza-ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatzeak biodibertsitate, klima eta garapenaren helburu globalak lortzea erraztuko luke”

 

BC3n lan egiten duen Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzailea parte hartu duen ikerketa batean, kontserbazioaren ikuspegitik lehentasuna izan beharko luketen lehorreko eta kostaldeko eremuak identifikatu ditu. Ikerketa ospe handiko Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu da

2022ko azaroaren 30 – Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena (CDB) aste batzuk barru bilduko da Montrealen, biodibertsitatea kontserbatu, leheneratzeko eta kudeatzeko helburu berriak finkatzeko asmoz. Hiru esparru horiek zuzenean eragingo diete hamarkada osoko garapen jasangarriari, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen aldeko mundu-mailako konpromisoarekin eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioarekin batera.

Ekosistemak eta biodibertsitatea babesteko helburuak biziki kritikatu izan dituzte, zuzenean horien mende bizi diren pertsonen beharrak kontuan ez hartzeagatik, adibidez komunitate indigenenak eta tokiko beste komunitate batzuenak. Hartara, naturak pertsonei zuzenean egiten dizkien ekarpenak identifikatzea funtsezkoa da natura kontserbatzeko erabakiak modu zuzen eta bidezkoan hartuko direla ziurtatzeko.

Basque Centre for Climate Change (BC3), Ikerbasque eta Minnesotako Unibertsitateko Natural Capital Proiektuko ikertzaileek osatutako nazioarteko zientzialari taldea parte hartu duen ikerketa berri batek argi utzi du naturaren kontserbazioak giza-ongizateari laguntzen diola toki-mailan zein maila globalean, eta gizarte ongizatean maila globalean laguntzen duten tokiko komunitateen funtsezko ekosistemen mapa egin du.

Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako lan honek frogatu duenez, planetaren % 30 eta kostaldeko uren % 24 kontserbatuko balira, naturak egun herrialde guztietako pertsonei egiten dizkien ekarpenen % 90ari eutsi ahal izango litzaioke. Naturak eskaintzen dituen giltzarrizko onura horiek izugarrizko balio kultural eta ekonomikoa dute, elikagaien nahiz edateko uraren hornidurarekin, ongizate fisiko eta mentalarekin eta ezin kalkulatuzko balioa duten kultura arloko bestelako onurekin lotuta dauden aldetik.

Natura-aktibo kritikotzat” identifikatu diren eremuak kontserbatu, babestu eta lehengoratzeko ahaleginei lehentasuna emanez gero, proportzio handian manten litezke pertsonek naturatik jasotzen dituzten onurak. “Planetako pertsona guztiek lortzen dute onura naturatik”, ziurtatu du Becky Chaplin-Kramer Minnesotako Unibertsitateko ikerketagile nagusiak. “Deigarria da zenbat jendek ateratzen dion onura mundu osoko lurrazalaren zati txiki samar bati. Eremu horiek egungo egoeran mantendu ahal izango bagenitu, kontserbazio-mekanismoren bitartez, pertsonentzako onura horiek bia toki-mailan zein maila globalean urteetan bermatzeko gai izango ginateke”.

Ekosistema baliotsu horiek planetako bazter guztietan daude. Batzuk ingurumen-balioaren iturri ezagunak dira, Kongo ibaiaren arroko basoak kasu. Beste batzuk ezezagunagok dira, baina ezinbestekoak horiei lotuta bizi diren komunitateentzat. Aipatzekoa da herrialde guztietan daudela klima arindu eta biodibertsitateari eusteko mundu-mailan ezinbestekoak diren eremuak, Amazonia kasu, baina eremu horiek ezin dituzte eman euren onura kritiko guztiak tokiko-mailan, eta ondorioz, eskatzen dute inguruko eremuen kontserbazioan arreta handiagoa jartzea; adibidez, Hego Amerikaren erdialdeko hainbat biztanle-gune lotzen dituen hala nola Parana ibaia. Era berean, Yangtze eta Mekong ibaien goiburuak oso garrantzitsuak dira Asiako jende askorentzat.

Pertsonei onura garrantzitsuak ematen dizkieten eremuak neurtu eta kartografiatzeak beharrezko informazioa emango lieke arduradun politikoei, kontserbazio zein inbertsio politikak aukeratzerakoan tokiko komunitateetan eragin daitezkeen inpaktuak kontuan har ditzaten. BC3 zentroan Ikerbasqueko irakasle dabilen Unai Pascual Dibertsitate Biologiko eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Plataformaren (IPBES) azkenaldiko Naturaren askotariko balioei eta balorazioari buruzko Ebaluazio-Txostenaren presidentekide eta ikerlan honen egilekidearen esanetan, “ikerketa honek erantzuna eman ahal izango dio funtsezko galderari: non bildu behar ditugu natura kontserbatzeko ahaleginak ikuspegi global batetik? Ikerketak kontserbazioaren ikuspegitik lehentasuna izan beharko luketen lehorreko eta kostaldeko eremuak identifikatu ditu, aurrerantzean ere ur garbiaren hornidura, elikagaien segurtasuna, ekaitzen aurkako babesa eta naturaren gainerako onurak tokiko komunitateetara eta gizateria osora iritsiko direla ziurtatuz, adibidez klimaren erregulazioaren bidez”

Ikerlanak orain arte mundu mailan kartografiatu den ikuspegirik osatuena eskaintzen du naturak pertsonei egiten dizkien ekarpenei buruz. Gainera, garatutako ikuspuntua erabakiak hartzeko hainbat eskalatan erabil daiteke, eta adituen eta tokiko alderdi interesdunen ekarpenen osagarri gisara. “Mapa globalek ikuspegi globala eman dezakete, eskala handiko patroiak agerian utziz, baina tokiko testuingurua behar dute erabakiak hartu ahal izateko. Antzeko zeozer gertatzen da zure telefonoan mapa-aplikazio batek lehendabizi ibilbidearen ikuspegi orokorra ematen dizunean, izan ere, helmugara iritsita ingurua nolakoa den ikusi nahi izanez gero, kale mailako bistara aldatu beharko duzu: biak ala biak behar dituzu benetan nora zoazen jakiteko”, azaldu du Chaplin-Kramerrek.

Pascualek gaineratu duenez, “ikerketa lagungarri izan daiteke kontserbazio-ahaleginek naturaren askotariko balioak kontuan izan ditzaten, espezie eta ekosistemen berezko balioak barne, pertsonek naturaz baliatzeko dituzten era askotako moduak aitortuz. Mota honetako ikerketei esker, zubi-lana egitea espero dugu kontserbazioari eta garapenari dagozkien ahaleginak optimizatzeko interesa duten mundu osoko profesionalen eta arduradun politikoen natur balioen artean”.

Ikerketa honetako laguntzaile eta bazkideen artean, honako hauek nabarmen daitezke BC3, Ikerbasque, Carletongo Unibertsitatea, Coloradoko Estatuko Unibertsitatea, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionaleko Landare Biologiako Diziplina Anitzeko Institutua (IMBIV-CONICET), Conservation International, Cornelleko Unibertsitatea, Londresko King’s College, Nature Conservancy of Canada, Pensilvaniako Estatuko Unibertsitatea, SPRING, Stanfordeko Unibertsitateko Natural Capital Proiektua, SYSTEMIQ, Nature Conservancy, UNEP-WCMC, Cordobako Unibertsitate Nazionala, Bernako Unibertsitatea, Minnesotako Unibertsitateko Elikadura, Nekazaritza eta Natur Baliabideen Zientzien Fakultatea, Sienako Unibertsitatea, Tasmaniako Unibertsitatea, Washington Mendebaldeko Unibertsitatea, World Resources Institute eta World Wildlife Fund.

 

 

 

Kontaktua:

Komunikazio saila

press@bc3research.org

+34 944 014 690

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2026 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.


We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options. If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.

ACEPTAR
Aviso de cookies