Fiskalitate berdearekin eta bidezko trantsizioarekin lotuta dieselaren kasuko konpentsazio-neurrien inpaktua analizatzeko ikerlanaren aurkezpena

Fiskalitate berdearekin eta bidezko trantsizioarekin lotuta dieselaren kasuko konpentsazio-neurrien inpaktua analizatzeko ikerlanaren aurkezpena

 

  • Atzo, Madrilgo Ateneoan aurkeztu zuten azterlana ikertzaileek
  • BC3ko ikertzaileek egin dute azterketa, eta justizia sozialarekin fiskalitate berdean aurrera egiteko neurriak teknikoki aztertzen ditu.
  • Dieselari egindako gehikuntza fiskalak konpentsatzeko neurri bideragarriak erakusten ditu azterlanak

[Bilbon, 2021eko abenduaren 15n]

Neutraltasun klimatikorako trantsizio energetikoak Europako Itun Berdean ezarritako bideari jarraituko dioten presazko neurriak eskatzen ditu, eta fiskalitate berdea da jarduteko zutabeetako bat.

Berriki, Europako Batzordeak Energiaren Fiskalitateari buruzko Direktiba aldatzeko proposamena egin du, eta bertan gutxieneko zerga-tasa berriak ezarri dira energia-ondasunentzat. Garraiorako dieselaren kasuan, Espainia ezarritako gutxienekoaren azpitik dago, eta, beraz, pentsatzekoa da hurrengo urteetan dieselaren fiskalitatea aldatu beharko dela.

Erreforma horrek irabazleak eta galtzaileak sortuko lituzke. Hori dela eta, trantsizioa “bidezkoa” izan dadin, funtsezkoa litzateke proposamen horiei aurrea hartzea eta haien ondorio kaltegarriak zuzendu ditzaketen konpentsazio-politikak diseinatzea.

Ikerlan honetan, OTEAk eta BC3k aztertzen dute zer banatze-ondorio izango lukeen dieselaren eta gasolinaren zerga-tasak azken kontsumitzaileentzat parekatzeak (erabilera profesionalak salbuetsita), bai eta hainbat eragilerekin batera diseinatutako konpentsazio-politikek ere.

Emaitzek erakusten dutenez, zergaren igoera pixka bat erregresiboa izango litzateke, eta landa-eremuko etxeei eta klase ertainekoei eragingo lieke gehien erreformak. Hala ere, konpentsazio-sistemak ezartzen badira 1.242 milioi euroko diru-bilketa gehigarriarekin finantzatuta, erreforma progresibo bihur daiteke:

  • 1. eta 4. dezilen artean (166 €/etxe) dauden etxe guztietara transferentziak egiten dituen egoera da bidezkoena, Giniren indizea % 0,54 murriztuko bailitzateke.
  • 1. eta 7. dezilen artean (95 €/etxe) dauden etxe guztietara eginez gero transferentziak, saihestu egiten da erreformak kalterik handiena klase ertainekoei egitea, baina ongizate-irabaziak apalagoak izango lirateke errenta-maila baxuenetan.
  • Etxebizitza kalteberetara eta landa-eremukoetara eginez gero transferentziak (178 €/etxe), progresibotasun handiaren eta kolektibo horien babes zabalagoaren konbinazio ona lortuko litzateke.

Azken finean, lan horrek frogatzen du fiskalitate berdea eta bidezko trantsizioa batera joan daitezkeela politika egokiak konbinatuz gero. Gainera, etxebizitza kaltetuenak identifikatuta, posible da biztanleria-talde jakin batzuei zuzendutako politika eta jarduera espezifikoak diseinatzea.

Aurkikuntza horiek interesgarriak izan daitezke herrialdeko arduradun politikoentzat, eta karbonotan neutroa, bidezkoa, onargarria eta politikoki bideragarria den ekonomia baterako trantsizioa lortzen laguntzen dute.

Azterketaren egileak:

Manuel Tomás1, Xaquín García-Muros1,2, Eva Alonso-Epelde1, Iñaki Arto1, Alejandro Rodríguez-Zúñiga1 Cristina Monge1,4, Mikel González-Eguino1,3

1Basque Centre for Climate Change (BC3), Leioa. 2Massachusetts Institute of Technology (MIT), Boston. 3Universidad del País Vasco (UPV/EHU), Bilbao, 4Universidad de Zaragoza (UZ), Zaragoza.

,

Kontaktua:

 

BC3ri buruz

Basque Centre for Climate Change (BC3) diziplinarteko nazioarteko ikerketa-zentroa da, eta Bilbon du egoitza, Eusko Jaurlaritzak zientzia eta ikerketa sustatzeko sortu zuen.Zentroa BERCen (Basque Excellence Research Center) artean dago, eta bazkideen artean ditu Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ihobe, Ingurumena Kudeatzeko eta Kontserbatzeko Euskal Sozietatea, eta Maria de Maeztu estatuko zentroetako bat da. BC3 aktiboki aritzen da lankidetzan gizarte- eta enpresa-ingurunearekin, eta diziplina anitzeko ezagutza sortzen du, nazioartean garapen jasangarrirako erabakiak hartzea errazteko eta bultzatzeko.

 

OTEAri buruz:
BC3ren ekimena da OTEA, trantsizio energetikoan eta klima-ekintzan adituak diren BC3ko diziplina anitzeko ikertzaileen talde batek osatua. OTEA Iberdrolak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren María de Maeztu bikaintasun-zentroetarako laguntza-programak finantzatzen dute. AEMENER (Asociación Española de Mujeres de la Energía), AEEE (Asociación Española de Economía de la Energía) eta etorkizunean formalki atxikiko diren beste erakunde batzuen laguntza du. https://otea.info/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.