COP26: non gogoa… han zangoa?


Publikazioaren iturria (Berria)
Egilea: Elisa Sainz de Murieta ikertzailea

Amaitu da COP26, Glasgow hirian. Seguraski inoiz baino gehiago somatzen zen larrialdi giroa. Baina 200 herrialderen arteko adostasuna eskatzen duen prozesu bat nekez izango da eraldatzailea. Itzalak badaude noski, baina argi izpi garrantzitsuak ere bai. Lehenik, erabakiak hartzeko oinarri gisa zientziaren zereginaren eta informazio zientifikoaren aintzatespen esplizitua nabarmendu nahi dut; hain xumea dirudien hori, Poloniako COP24ean ezinezkoa izan zen. Glasgowko Itunak IPCCko adituen azken ebaluazio txostenaren garrantzia aitortzen du; baita tenperaturaren igoera 1,5 gradutara mugatuz gero inpaktuak askoz txikiagoak izango direla ere. Horrela, inplizituki, zientziak dioenaren ildotik, onartzen ari da horixe izan behar duela helburua.

Estatuen konpromisoak, oro har, oraindik ez dira nahikoak 1,5 graduko helburua betetzeko, baina herrialde askok euren konpromisoak gorantza berrikusi dituzte. 2015ean Parisko Akordioa onartu zenean, proiekzio klimatikoek industriaurreko tenperatura baino 3 edo 4 gradu gorago eramaten bagintuzten, COP26aren ondoren, beroketa 2.4 gradu inguruan egongo litzateke -betiere konpromiso horiek betetzen badira-. Ezin ahaztu herrialde industrializatu gehienek, orain arteko isurketa gehienen erantzule direla eta hala ere, asmo handiko helburuak ezarri dituzte, hala nola 2050 inguruan isurpen-garbiak zero izatea. Txinak, berriz, 2060an egingo duela iragarri du eta Indiak 2070ean. Haatik, epe laburrera murrizteko konpromiso handiagoak falta dira eta adituek isurketa globalak % 45 murriztu beharko liratekeela 2030erako ohartarazi dute. Glasgowko Itunak premiaz jarduteko eta epe laburreko helburuak indartzeko beharra aitortzen du, eta hurrengo goi-bilera eguneratzeko deia egiten du.

Garrantzitsua da negoziazio ofizialekin batera adostutako ekimen sektorialak nabarmentzea, adibidez baso-soiltzea geldiaraztea, metano-isurketak murriztea, automobilgintzaren sektorean trantsizioa sustatzea edota ikatzaren erabilerarekin amaitzea. Nahiz eta garrantzitsuak diren herrialde guztiek ez duten bat egin, estatuko eragileek eta eskualdeek, hiriek, enpresek eta finantza-erakundeen anbizio gero eta handiagoaren isla dira.

Glasgown Parisko Akordioa gauzatzeko Arauen Liburua ere amaitu da, aurretik itxaron gelan zeuden gai garrantzitsuak onartuz. Hauek dira, bereziki, gardentasun-esparrua, herrialdeen helburuak jakinarazteko oinarriak, bere neurketa eta jarraipena ezartzen dituena, eta karbono-merkatuak, kontabilitate bikoitza saihestea ahalbidetzen duten lankidetza-mekanismoak ezarriz.

Bestalde, orain arte bigarren mailan egon den egokitzapena, inoiz baino gehiago ageri izan da negoziazioetan, batez ere herrialde ahulenen eskutik. Ildo horretan, egokitzapenerako finantzaketa bikoizteko konpromisoa hartzen da, eta egokitzapenaren arloko aurrerapenen jarraipena egiteko lan-plan bat abian jartzen da. Baina aurrerapen hori lausotu egin da herrialde industrializatuek 2020tik aurrera garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko urtean 100.000 milioi dolar mugiarazteko konpromisoa ez betetzeagatik; izan ere, herrialde horiek gutxiago bultzatu dute klima-aldaketa, baina ondorio larriagoak pairatzen ari dira. Gainera, garapen bidean dauden herrialdeak jasaten ari diren galerak eta kalteak (loss and damage) konpentsatzeko akordio esanguratsurik ere ez da lortu.

Zalantzarik gabe alderdi horiek guztiak gai-zerrendako lehenengo puntuak izango dira Egipton, datorren urtean burutuko den hurrengo goi-bileran. Afrikan egiteak, horrek arlo honetan dituen erronkak mahai gainean ipiniko ditu. Oraingoz, zangoa Afrikarako bidean jarriko dugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.