Klima-aldaketari aurre egiteko munduko hiririk handienak prestatzen ari diren egokitzapena, ezbaian

“Klima-aldaketari aurre egiteko munduko hiririk handienak prestatzen ari diren egokitzapena, ezbaian “

 

Munduan diren hiririk handienak ez dira era egokian prestatzen ari klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko, BC3-ko hainbat ikertzailek Landscape and Urban Planning aldizkarian (ikerlan urbanoei buruzko nazioarteko aldizkaririk ospetsuena) argitaratu duten ikerlan baten arabera.

Citation

Olazabal, M., Ruiz de Gopegui, M., 2020. Adaptation planning in large cities is unlikely to be effective. Landscape and Urban Planning

https://doi.org/10.1016/j.landurbplan.2020.103974

[Bilbo, 2020ko azaroaren 9a] Mundu osoko hiririk handienek klima-aldaketari aurre egiteko prestatu dituzten plangintzek ez dute emaitza eraginkorrik lortuko epe ertain eta luzean, orain planteatu diren moduan. Hori da Marta Olazabal eta María Ruiz de Gopegui Basque Center for Climate Change (BC3) zentroko ikertzaileek argitaratutako ikerlanaren ondorio nagusia.

 Klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioaren ondoren, are garrantzi handiagoa hartu du egokitzapenak nazioarteko negoziazioetan. Testuinguru horretan, hiriek eta erregioek eginkizun nabarmenagoa hartzen dute, eta horregatik beharrezkoa da jakitea nola ari diren prestatzen klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko. Artikulua Lanscape and Urban Planning aldizkarian argitaratu da, ikerlan urbanoen eremuko aldizkari ospetsuenean, eta zehaztasunez aztertzen ditu itsasertzeko 59 hirik —munduan diren handienetakoek— prestatu dituzten egokitzapen-planak, haien sendotasunak eta ahuleziak erakutsiz. Ikerlan horren oinarria beste ikerlan bat da, iaz BC3-ko hainbat ikertzailek egindakoa eta munduko 136 hiri aztertzen zituena, eta beraz, nazioarteko egungo egoerari buruz eskaintzen duen ikuspegia adierazgarritasun handikoa da.

“Eraginkortasunik eza esaten dugunean esaten ari gara ez direla gai izango kalteberatasuna murrizteko, ez eta hirien erresilientzia handitzeko ere, klima-aldaketaren inpaktuen aurrean” zehaztu du Marta Olazabalek. BC3-ko ikertzaileak azaldu duenez, “egokitzapen-planak eraginkortasun gutxikoak dira oraindik, besteak beste, finantzazio-prozesuak ez daudelako ongi zehaztuta, behar adina erantzukizun esleitzen ez direlako, politika eta plangintza horien izaera arau-emailea eskas samarra delako, klima-aldaketaren inpaktuei eta arriskuei buruzko ezagutza ez delako sortzen, ez eta egoki erabiltzen ere, eta azkenik, ekitatearen eta justizia sozialaren inguruko gaiak artean ongi integratu gabe daudelako”.

Ikerlanaren izenburua da “Adaptation planning in large cities is unlikely to be effective”; oinarrian du iazko beste ikerlan batean argitaratutako 53 neurketa-sorta bat, aztergai berezia izan zena, hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundearen Klima-aldaketari buruzko Nazioarteko Panelak (IPCC) hirien inguruan antolatutako konferentzian.

Espainiako hiriek, egokitzapen-plan eraginkorrik gabe

Aurreko ikerlanak milioi bat biztanletik gorako itsasertzeko 136 hiririk handienak aztertzen zituen, eta agerian jartzen zuen 59 besterik ez zirela tokiko egokitzapen-planak zituzten hiriak, eta plan horietako asko, artean, ezarri gabe zeudela. “Oraingo ikerlan honetan sakonago aritu nahi genuen, eta plan horien kalitatea ikusi; izan ere, inplementazio-maila urri samarra da, eta premiazkoa da jakitea zertan huts egiten ari garen” azpimarratu du Olazabalek.

Egokitzapen-planak diseinatzeko garaian, hiri batzuek beste batzuek baino ahalegin handiagoak egin dituztela erakusten dute. Ildo horretatik, aipagarria da Los Angeles eta Baltimore (AEB), Montevideo (Uruguai), Lisboa (Portugal) eta Ulsan (Hego Korea) hirien ahalegina. Bestalde, azterketan emaitzarik okerrenak Hong Kong eta Shanghai (Txina), Sapporo (Japonia), edo Lurmutur Hiria (Hegoafrika) hirietako politikek lortzen dituzte.

Espainiaren kasuan, oraingo ikerlanak Bartzelonari erreparatzen dio, baina BC3-ko ikertzaileek lehen egindako ikerlanetan probintziako 54 hiriburutik 11 hiritan bakarrik aurkitu zituzten egokitzapen-planak, eta haien analisiak antzeko emaitzak eman zituen: Espainiako hirien egokitzapen-planak ez dira diseinatu klima-aldaketaren aurrean eraginkorrak izateko.

Nolakoak izan beharko lukete klima-aldaketaren aurreko egokitzapen-planek?

BC3-ko ikertzaileek honako ekintza hauek proposatzen dituzte klima-aldaketaren aurreko egokitzapen-politikak etorkizunean eraginkorrak izan daitezen:

  • Klimaren inguruan orain dugun informazioa eta informazio hori plangintza-prozesuetan erabiltzeko moduak hobetzea.
  • Finantzazio-bideak areagotzea tokian tokirako, udaletxeetatik ez ezik, baita erregio eta herrialdeetatik ere.
  • Egokitzapen-neurrien alderdi arau-emailea indartzea, gomendioetatik haratago joateko.
  • Monitorizazio- eta ebaluazio-sistemak indartzea, behaketaren bidez hobetu ahal izateko.
  • Parte hartzeko eta koprodukzioko prozesuak sendotzea, eta kontuan izatea talde kalteberak, bai eta gardentasunari, justiziari eta zilegitasunari dagozkien gaiak ere.

Kontaktua:

Komunikazio Saila

press@bc3research.org

+34 944 014 690

 

BC3ri buruz

Basque Centre for Climate Change (BC3) diziplinarteko nazioarteko ikerketa-zentroa da, eta Bilbon du egoitza, Eusko Jaurlaritzak zientzia eta ikerketa sustatzeko sortu zuen.Zentroa BERCen (Basque Excellence Research Center) artean dago, eta bazkideen artean ditu Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ihobe, Ingurumena Kudeatzeko eta Kontserbatzeko Euskal Sozietatea, eta Maria de Maeztu estatuko zentroetako bat da. BC3 aktiboki aritzen da lankidetzan gizarte- eta enpresa-ingurunearekin, eta diziplina anitzeko ezagutza sortzen du, nazioartean garapen jasangarrirako erabakiak hartzea errazteko eta bultzatzeko.

Baliabide gehiagarriak:

Irudiak Landscape and Urban Planning https://photos.app.goo.gl/EgDcCdyu2gJKHV9x8

Jatorrizko artikulua Landscape and Urban Planning: https://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0169204620314572

Olazabal, M., Ruiz de Gopegui, M., 2020. Adaptation planning in large cities is unlikely to be effective. Landscape and Urban Planning https://doi.org/10.1016/j.landurbplan.2020.103974

 

Informazio gehiago | Prentsa-oharrean aipatutako artikuluen erreferentziak:

  1. Olazabal, M., Galarraga, I., Ford, J., Sainz de Murieta, E., Lesnikowski, A., 2019. Are local climate adaptation policies credible? A conceptual and operational assessment framework. International Journal of Urban Sustainable Development 11, 277–296. https://doi.org/10.1080/19463138.2019.1583234
  2. Olazabal, M., Ruiz de Gopegui, M., Tompkins, E.L., Venner, K., Smith, R., 2019. A cross-scale worldwide analysis of coastal adaptation planning. Environ. Lett. 14, 124056. https://doi.org/10.1088/1748-9326/ab5532
  3. Sainz de Murieta, E., Olazabal, M., Sanz, E., 2020. ¿Están las ciudades españolas adaptándose al cambio climático? Papeles de Economía Española 163, 160–178.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.