BC3 Prentsa oharra: Ekosistemen modelizazioari buruzko nazioarteko topaketa, BC3-k antolatua
“Ekosistemen modelizazioari buruzko nazioarteko topaketa, BC3-k antolatua”
Zenbait herrialdetako ikertzaileak jardungo dira modelizazioaren alorreko azken berrikuntzez, ekosistemen jasangarritasuna hobetzeko eskaintzen dituzten zerbitzuak jorratzen
[Bilbo, urriak 8]
Urriaren 8tik 12ra bitartean egingo da, Bilbon, International Spring University (ISU) topaketa. Urtero antolatzen du BC3-k jardunaldi hori, ekosistemen modelizazioa sakon aztertzeko.
Mundu osotik etorritako adituak jardungo dira, astebetez, giza jardueraren eta ekosistemen jasangarritasunaren arteko erlazioa ulertzeko balio duten eredu zientifikoak jorratzen.
Topaketan aztertuko diren eredu zientifiko berriei esker, ingurumena kudeatzeko baliogarri den informazio zehatzagoa eman daiteke, eta topaketa honetan honen ebidentzia eman nahi dute. Bereziki, topaketak “ekosistemen zerbitzuen” garrantziak, hau da, gizakiok ingurumenetik jasotzen ditugun onurak aztertuko ditu. Zerbitzu horietako onura batzuk biztakoak dira: elikagaiz, lehengaiz, landarez, animaliaz eta abarrez hornitzea. Beste batzuk, baina, ez dira aintzat hartzen giza jarduera planifikatzeko eta kudeatzeko; besteak beste, erregulazio-zerbitzuak (laboreen polinizazioa, lurzoruaren higaduraren prebentzioa eta uraren araztea), eta zenbait zerbitzu kulturalak (adibidez, aisialdiko zerbitzuak edota ongizate hobeagoa ematen diguten zerbitzuak).
Gaur egungo ikerketek ingurumena azaltzen saiatzen diren eredu matematikoak sortu dituzte, giza jardueraren eta ekosistemaren arteko harremana nolakoa den erakusten dutenak eta harreman horiek etorkizunean zer jokalekutara irits litezkeen ebaluatzen dutenak.
Ekosistemak egokiro kudeatzeko, berriz, zerbitzu horien eginkizunak sakonago ulertu behar dira, eta haietan eragina duten erabaki politikoak hobeago planifikatu eta kudeatu, beti jasangarritasuna eta berdintasuna irizpide nagusitzat hartuta.
BC3-ren, Basque Centre for Climate Changeren, ekimen bat da International Spring University, eta “María de Maeztu” ziurtagiria jaso du duela gutxi. Severo Ochoa-María de Maeztu (SOMMa) aliantzako partaide da BC3. Espainiako ikerketaren bikaintasuna zaintzea eta sustatzea du helburu aliantzak, eta ikerketaren eragin ekonomikoa eta soziala areagotzea, Espainian zein nazioartean.
Bestalde, hamar urte dira aurten BERC zentro gisara sortu zela.
2013an hasi zen International Spring University, ekosistemen modelizazio topagune espezialista gisara, eta, harrezkero, mundu osoko ehunka ikertzailek eta teknikarik hartu dute parte haren jardunaldietan. 2018ko topaketan, berriz, laguntzaile dira Novia Salcedo Fundazioa eta IHOBEren Basque Ecodesign Hub-a.