BC3 Prentsa Oharra: BC3k María de Maeztu akreditazioa jaso du

“BC3k María de Maeztu akreditazioa jaso du”

Akreditazio horrek 2 milioi euro emango dizkio Basque Climate Centre for Climate Change erakundeari, zeinak aurten 10 urte betetzen dituen klima-aldaketari buruzko nazioarteko ikerketan.

Zazpi erakundek dute María de Maeztu bikaintasun-unitatearen saria, eta haietako bat da BC3.

Aurten, BC3rekin batera, Astrobiologiako Zentroa, Bartzelonako Unibertsitateko Neurozientzien Institutua eta CIC Biomagune daude, besteak beste.

“María de Maeztu akreditazioak aintzatesten du klima-aldaketari buruz ikuspegi bateratu batekin egindako talde-lana, eta gai horretan jakintza-alor askotan aurrera egiteko ahalegina saritzen du. Gure 10. urteurrena ospatzeko era bikaina da”.

María José Sanz, BC3ko zuzendari zientifikoa

Leioa, 2018ko uztailaren 16a._ Ikerketako Estatu Agentziak adierazi du “María de Maeztu” akreditazioa eman diola BC3 (Basque Centre for Climate Change) erakundeari, han egiten den ikerlanaren kalitatea eta bikaintasun-maila aintzatesteko. Ebaluazio-batzordeak, azken txostenean, azpimarratu du: “BC3n egiten den ikerketa, jakintza-alor asko hartzen dituena, eredugarria da, eta erakusten du zer izan behar luketen natura-zientziek etorkizunean”.

Akreditazio horrek 2 milioi euroko finantziazioa emango dio BC3ri, lau urtez. María José Sanzek, BC3ko zuzendari zientifikoak, esan duenez, “María de Maeztu akreditazioak aintzatesten du klima-aldaketari buruz ikuspegi bateratu batekin egindako talde-lana, eta gai horretan jakintza-alor askotan aurrera egiteko ahalegina saritzen du. Gure 10. urteurrena ospatzeko era bikaina da. Oso harro gaude aintzatespen hau lortu dugulako, eta eginahalak egiten jarraituko dugu, akreditazio hau lortzeko behar den bikaintasun-mailari eusten diogula bermatzeko”.

“María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” bereizgarria Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Plan Nazionalaren erakundeak indartzeko estrategiaren parte da, eta haren helburua da diruz laguntzea eta akreditatzea nazioartean inpaktua eta lidergo zientifikoa dutela frogatu duten eta beren gizarte- eta enpresa-ingurunean aktiboki laguntzen duten ikerketa-zentro eta ikerketako unitate publikoak, edozein zientzia-alorretakoak.

Aurten zazpi zentrok jaso dute aintzatespena, eta beste bosti Severo Ochoa akreditazioa eman zaie. Nazioartean ospe handia duten ikertzailez osatutako nazioarteko batzorde zientifiko batek egin ditu ebaluatze- eta hautatze-prozesuak; zentroen eta unitateen emaitza zientifikoak eta programa estrategikoak aztertu dituzte, hautagai guztien artean bikaintasun aparta dutenak bereizteko.

Balorazio-txostenean jarri duenez, batzorde zientifikoari aipagarria iruditu zaio “zentroan jakintza-alor asko lantzen direla eta oso emankorrak direla bai ekoizpen zientifikoa bai ikerketako beste emaitza batzuk, hala nola nazioarteko taldeetan egiten dituzten ekarpenak (adibidez, IPCC eta IPBES taldeetan) eta kanpoko funtsak erakartzeko duten ahalmena (egiten duten ikerlanaren bikaintasunaren ondorioa)”.

BC3ri buruz

  • BC3, Basque Centre for Climate Change, ikerketako BERC bikaintasun-zentro bat da, 2008an Eusko Jaurlaritzak sortua EHUren laguntzarekin.
  • Haren misioa da erabakiak hartzeko adierazgarria den ezagutzaren baterako sorkuntza estrategikoki sustatzea, klima-aldaketaren hainbat alderdi kontuan hartuta (ingurumenekoak, sozioekonomikoak eta etikoak).
  • Nazioarteko ikertalde bati dagozkion ikerketen bidez eta interes-agenteekin jakintza-alor asko bateratzen dituzten soluzio berritzaileak diseinatuz, jakintza-alor asko barneratzen dituen ezagutza sortzen du, garapen jasangarria lortzera bideratuak dauden erabakiak hartzen laguntzeko eta halako erabakiak hartzea sustatzeko nazioartean.
  • Gaur egun, 47 ikertzaile oso prestatu ari dira lanean, 11 herrialdetakoak.
  • 2016an, klima-aldaketaren ekonomia eta politikaren alorreko eragin handieneko bigarren Think Tank izendatu zuten (Europako lehena).
info@bc3research.org
94 401 46 90 ext 112
675 709 754

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.