Prentsa oharra: BC3ko Marta Olazabalek zuzenduko du munduko itsasertzeko hiri handiak egokitzeko politikak ebaluatuko dituen ikerketa

“BC3ko Marta Olazabalek zuzenduko du munduko itsasertzeko hiri handiak egokitzeko politikak ebaluatuko dituen ikerketa”

AXA fundazioak, nazioarteko lehia-prozesuan, BC3ko ikertzaile senior Marta Olazabalen ikerketa-proiektua hautatu du, eta 130.000 euro emango dizkio bi urtean proiektu horri.

Proiektuak munduan klima-aldaketara egokitzeko politika publikoek eta hirietan xede horretarako egiten ari diren inbertsioek zenbaterainoko kalitatea eta eraginkortasuna duten ebaluatuko du.

Zarautzen izugarrizko gertakizuna, Euskadi. Otsaila 2014. Asier Aranzadin argazkia.

Itsas mailaren igoerak eta muturreko gertakari klimatikoek mehatxupean dute planetako eremu ugari; haien artean, itsasertzeko hiriak, non milioika lagun bizi baitira. Hiri horiek duten arriskua etengabeko kezka-iturri izan da eta hala da gaur egun ere. 1997az geroztik, hamaika neurri ari dira aplikatzen, era guztietakoak, nazioarteko konpromiso eta hitzarmenen ondorioz (adibidez, 2015eko Pariseko Akordioak). Hala ere, komunitate zientifikoak eta arduradun politikoek ez dute behar adina informazio ebaluatzeko zer inpaktu duten mundu mailan egokitzapen-politika horiek. Helburu horixe du AXA funtsak finantzatzen duen eta Marta Olazabal ikertzaileak zuzentzen duen ikerketak: mundu mailan esperimentu bat diseinatu, garatu eta koordinatzea ebaluatzeko zenbaterainoko kalitatea eta eraginkortasuna duten egokitzapen-politika publikoek eta hiriek egiten dituzten inbertsioek, bereziki itsas mailaren igoera gehien pairatzen duten eta muturreko fenomeno klimatiko gehien izaten dituzten hirietakoek.

Ikerketa-proiektuak bi urte iraungo du, eta 130.000 euro jasoko ditu. Ikertzailearen arabera, “egiazko informazioa emango dugu orain arte egin diren inbertsioen emaitzei buruz, leku bakoitzeko arrisku-profilera egokitutako egokitzapen-politikak bideratzen laguntzeko”. BC3ko ikertzaileak azpimarratzen du zeinen garrantzitsua den informazio nahikoa eta egokia edukitzea egiten diren ahaleginak ebaluatzeko; izan ere, “etengabeko aurrerapen zientifikoei esker, klima-eredu hobeak ditugu, eta horrek eraginkorrago egiten ditu egokitzapen-politikak. Funtsezkoa da politika horiek ebolutiboak izatea eta maiz berrikustea”, nabarmendu du.

Proiektuak aukera emango du alderatzeko klimari lotutako berariazko arriskuei buruz dauden datuak (kostako 120 hiritan dauden klima-arriskuei buruz BC3k garatu duen datu-basearen bidez) eta milioi bat biztanle baino gehiagoko hiri horietan egin diren egokitzapen-politika publikoei eta inbertsioei buruz bildu beharreko datuak. Proiektuari esker, tokiko gobernuek lege-mailan egiten dituzten ahaleginak arrisku-eredu zientifiko horiekin lotu daitezke, eta, horrenbestez, erreferentzia-esparru bat eskain daiteke, hala hobeto ulertzen baitira arriskua murrizteko aukerak (noiz eta nola) eta hirietan egiten diren esku-hartzeak hiriok gaitasun handiagoa izan dezaten klima-aldaketara egokitzeko.

INFORMAZIO GEHIAGO

  • BC3ko ikertzaile senior Marta Olazabal hiri-jasangarritasunean eta -erresilientzian eta klima-aldaketaren gobernantzan espezializatuta dago. 2012az geroztik da BC3ko kide.
  • AXA fundazioa, berriz, erakunde filantropikoa da, AXA aseguru-etxearen menpekoa, eta funts bat dauka aurrerapen soziala xede duen ikerketa zientifikoa sustatzeko. Jardunean daramatzan 10 urteetan, AXA ikerketa-funtsak 180 milioi euro bideratu ditu 35 herrialdetako 563 proiektu finantzatzera. 10. urteurrena duela eta, berritu berri du zientziak sustatzeko duen konpromisoa, eta iragarri du beste 50 milioi euro emango dituela, datozen bost urteetan, lehentasunezko bi arlotarako: energia-trantsizioa eta emakumeen osasuna.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.