OTEA 2021 urteko txostena aurkezteko eta fiskalitate berdeari buruz eztabaidatzeko jardunaldia

“OTEA 2021 urteko txostena aurkezteko eta fiskalitate berdeari buruz eztabaidatzeko jardunaldia”

-Onlineko ekitaldia-

  • Martxoaren 4an OTEA 2021 urteko txostena aurkeztuko da onlineko ekitaldi batean; partaide-kopurua mugatua izango da, eta izen-ematearen ordena errespetatuko da: https://bit.ly/3v79aAT
  • MITERDeko Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendari Valvanera Ularguik emango dio hasiera ekitaldiari
  • Asunción Ruiz (SEO/BirdLife), Cristina Monge (UNIZAR), Bernardo Soto (CEOE), Joaquín Nieto (OIT) eta Pedro Linares (Comillas Unibertsitate Pontifikala) adituek fiskalitate berdearen inguruan eztabaidatuko dute.

(Bilbo, martxoaren 2a)
Trantsizio Energetikoaren eta Klima Ekintzaren Behatokia (OTEA)  BC3ren (Basque Centre for Climate Change) ekimen bat da, eta Espainian deskarbonizazioaren eta haren inplikazio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen jarraipen zehatza egiteko helburua du. OTEA 2021 txostenean jasotzen diren mugarri nagusiak aurkeztuko dira ekitaldian, eta behatokiak urtean zehar egindako azterketa batzuk ezagutaraziko dira; haien artean, fiskalitate berdeari eta bidezko trantsizioari buruzko azterketa bat. Horregatik, fiskalitate berdea politikoki eta sozialki bideragarria izateko gakoen inguruko eztabaida bat antolatuko da ekitaldian.

Valvanera Ulargui Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioko Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendariak emango dio hasiera ekitaldiari, eta María José Sanz BC3ko zuzendari zientifikoak harrera egingo du.

Ondoren, Mikel González-Eguino BC3ko ikertzaile eta OTEAko zuzendarikideak OTEA Urteko Txostena aurkeztuko du, trantsizio energétikoaren inguruko 2021eko mugarri nagusiak azaltzeko, eta, gero, eztabaida bat moderatuko du, non aztertuko baitira fiskalitate berdea politikoki eta sozialki bideragarria izateko gakoak. Berreskuratze Jasangarriaren aldeko Manifestuaren taldeak bultzatzen duen fiskalitate berdearen zikloan integratzen da eztabaida hau eta aditu nabarmen batzuek hartuko dute parte eztabaida horretan: Asunción Ruiz (SEO/BirdLife), Cristina Monge (UNIZAR), Bernardo Soto (CEOE), Joaquín Nieto (OIT) eta Pedro Linares (Comillas Unibertsitate Pontifikala).

Hauek dira OTEA 2021 txostenaren mugarri garrantzitsu batzuk:

  • Tenperatura globalaren goranzko joerak eta muturreko gertaera klimatikoek bere horretan jarraitzen dute. Hala, 2021a seigarren urterik beroena izan da munduan 1850az geroztik.
  • Berotegi-efektuko gasen emisioak % 5 inguru hazi dira Espainian, 2020an % 13,6ko jaitsiera historikoa lortu ondoren. Errebote-efektuak etorkizunean ere iraun dezake, jarduera ekonomikoa oraindik urrun baitago pandemiaren aurretiko jarduera-maila berreskuratzetik.
  • Energia berriztagarrien kuota % 20,7 izan zen azken kontsumoan; hau da, aurreko urtean baino 0,5 puntu txikiagoa.
  • Estatuan energia eolikoa izan zen sorkuntza elektrikoaren lehenengo iturria 2021ean, zentral nuklearren sorkuntza gainditu baitzuen.
  • 2021eko potentzia instalatuari dagokionez, energia berriztagarrien 5 GW instalatu ziren : 3.234 MW eguzki-energia fotovoltaikoan, 1.151 MW autokontsumoan —eguzki-energia fotovoltaikoa kontuan izanda ere— eta 652 MW energia eolikoan.
  • Ibilgailu elektrikoen matrikulazioari dagokionez, 42.229 ibilgailu elektriko matrikulatu ziren (aurreko urtean baino % 12,5 gehiago); hau da, matrikulazio guztien % 3,1.
  • Elektrizitatearen prezioek maximo historikoak izan dituzte, gasaren prezioak eta CO2-aren prezioak inoiz ez bezalako igoera izan baitzuten nazioarteko merkatuetan, eta Gobernuak salbuespenezko neurriak hartu behar izan zituen. Hala, argindarraren batez besteko prezioa 111 €/MWh izan zen merkatu elektrikoan 2021aren itxieran; hau da, historiako serie osoaren batez besteko prezioak halako bi edo hiru.
  • Energia-pobretasuna pixka bat jaitsi da 2020an, baina etxe zaurgarrien zorra gero eta handiagoa da, eta fenomeno horrek emakumeei eragiten die bereziki.
  • Glasgowko klimaren gailurrean aurkeztutako NDC berriak ez dira nahikoa Parisko Akordioa betetzeko, eta batez besteko tenperatura globala 2,4 °C igoko lukete 2100erako.
  • Europako Batzordeak “Fit for 55” neurri-sorta atera du, 2030. urterako BEGen emisio garbiak gutxienez % 55 murrizteko konpromisoarekin bat egiten duena. Eta Klimaren Europako Legea sartu da indarrean, EBk klimaren arloan datozen hogeita hamar urteetan jarraituko duen lege-esparrua ezartzen duena.
  • 2021. urtea funtsezkoa izan da Espainian trantsizio energetikoa bultzatuko eta erraztuko duen lege-esparru bat sortzeko. Testuinguru horretan, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea izan da dokumentu esanguratsuena.
  • Klimaren aldeko herritarren lehenengo batzarra abiatu da Espainian.
  • 2030ean Energia eta Klima Plan Nazionalaren (PNIECen) helburuak lortzeko bide zuzenean gaude. Helburu horiek sakonduko dira aurkezpenean.

Bestalde, fiskalitate berdearen inguruko eztabaidari bidea ematen dion azterketan, dieselaren eta gasolinaren zerga-tasa parekatzeak azken kontsumitzaileentzat dituen eragin distributiboak aztertu dira. Emaitzek erakusten dutenez, zergaren igoera pixka bat erregresiboa izango litzateke, eta landa-eremuko etxeei eta klase ertainekoei eragingo lieke gehien erreformak. Baina diru-bilketa gehigarriarekin finantzatutako konpentsazio-politikak ezarriko balira, posible izango litzateke erreforma progresiboa izatea. Azken finean, azterlan horrek frogatzen du fiskalitate berdea eta bidezko trantsizioa batera joan daitezkeela politika egokiak konbinatuz gero. Gehiago jakin nahi baduzu azterketari buruz, kontsultatu hemen:

  • Sakatu hemen azterketa tekniko osoa ikusteko
  • Sakatu hemen Policy Briefa ikusteko
  • Sakatu hemen txostenaren dibulgazio-bideoa ikusteko
  • Sakatu hemen Diputatuen Kongresuko aurkezpenaren bideoa ikusteko

Informazio gehiago nahi baduzu:

BC3ko prentsa saila

📩 press@bc3research.org

📲 688 818 125

BC3ri buruz:

Basque Centre for Climate Change (BC3) Euskal Autonomia Erkidegoko bikaintasun-sareko ikerketa-zentro bat da, eta Maria de Maeztu saria jaso duen estatuko zentroetako bat. Klima-aldaketaren kausak eta ondorioak ikertzeko bokazio nabarmena du, lankidetza aktiboan dihardu gizarte- eta enpresa-ingurunearekin, eta diziplina anitzeko ezagutza sortzen du, nazioartean garapen jasangarriaren aldeko erabakiak hartzea errazteko eta bultzatzeko. www.bc3research.org

OTEAri buruz:

BC3ren ekimena da OTEA, trantsizio energetikoan eta klima-ekintzan adituak diren BC3ko diziplina anitzeko ikertzaileen talde batek osatua. OTEA Iberdrolak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren María de Maeztu bikaintasun-zentroetarako laguntza-programak finantzatzen dute. Besteak beste AEMENER (Energiaren Espainiako Emakume Elkartea), AEEE (Energiaren Ekonomiaren Espainiako Elkartea), SEO/BirdLife (elkartu den azkena) erakundeen eta etorkizunean formalki atxikiko diren beste erakunde batzuen laguntza du. https://otea.info/

Berreskuratze Jasangarriaren aldeko Manifestuaren inguruan:

Berreskuratze Jasangarriaren aldeko Manifestua ECODES, Hazkunde Berdearen aldeko Espainiako Taldea eta SEO/BirdLife erakundeek, UPMko giza garapenerako teknologiaren inguruko Berrikuntza Zentroak (ItdUPM) eta Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko eta Elcano Errege Institutuko ikertzaileek modu kolaboratiboan bultzatu duten ekimen bat da. https://www.porunarecuperacionsostenible.net/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.