Metanoaren ondorioak neurtzeko moduak badu eraginik klima-politiken diseinuan

“Metanoaren ondorioak neurtzeko moduak badu eraginik klima-politiken diseinuan”

 

Nature Food aldizkarian BC3ko hiru ikertzaileren parte-hartzearekin argitaratu berri den artikulu baten arabera, metanoa epe laburrean edo luzean berotzearen ondorioetan arreta ipintzeak izan dezake eraginik nekazaritzari aplikatutako klima-aldaketaren ondorioak arintzeko politiketan eta giza dieten trantsizioetan.

Metanoaren bizitza erabilgarri atmosferikoa kontuan hartu behar da hausnarkarien emisioak murrizteko politikak diseinatzerakoan –- © Ignacio Perez Dominguez
Cita

Pérez-Domínguez, I., del Prado, A., Mittenzwei, K., Hristov, J., Frank, S., Tabeau, A., Witzke, P., Havlik, P., … & Sanz, M.J. (2021). Short- and long-term warming effects of methane may affect the cost effectiveness of mitigation policies and benefits of low meat diets. Nature Food DOI: 10.1038/s43016-021-00385-8

Link to publication

(Bilbo, abenduak 16, 2021)

Metanoak (CH4) bizitza atmosferiko laburra du (10 urte inguru), berotegi-efektuko gainerako gas nagusiek eta, bereziki, karbono dioxidoak (CO2) ez bezala. Berotze-efektu oso handia du epe laburrean, baina, epe luzera, murriztu egiten da. Zer denbora-eskala hartzen dugun kontuan, nabarmen alda daiteke metanoak nekazaritza-isuriei eta klima-aldaketari eginiko ekarpena. Horrek ondorio garrantzitsuak ditu nekazaritzarako klima-aldaketa globala arintzeko politikak diseinatzeari begira.

Nekazaritzako hiru eredu ekonomikoren proiekzioetan oinarrituta, artikuluak erakusten du metanoaren balorazioek, zeinek epe laburreko edo luzeko ikuspegia jasotzen baitute, eragina izan dezaketela klima-aldaketaren ondorioak arintzeko politiken kostu-eraginkortasun erlazioan, eta, orobat, onuragarriak izan daitezkeela haragi-kontsumo apaleko dietak.

Isurpenen metrikek badute eraginik klima-aldaketaren ondorioak arintzeko politiken hautaketan.

Konbentzionalki, berotegi-efektuko gasen urteko emisioen bidez ebaluatzen da sektore jakin baten inpaktu klimatikoa. Oro har, GWP100 metrika baliatzen da, zeinaren bidez zenbatesten baita zer aldaketa izan den atmosferako oreka energetikoan 100 urtean berotegi-efektuko gas bat isurtzearen ondorioz (hau da, berotze globaleko potentziala). Hala ere, berotegi-efektuko gasen isuriak CO2 baliokide gisa jakinarazten direnez, baliteke GWP100ek adierazitako balioak ez hautematea nola aldatzen diren gasen inpaktu erlatiboak denboraren poderioz.

Hartara, esan liteke ezen, isurpenei dagokienez, helburu klimatikoak lortzeko nekazaritza-sektorean beharrezkoak diren isurpen-murrizketen ebaluazio gehienetan ez dela kontuan hartu metanoa bizitza laburreko gasa dela. Artikuluak aztertzen du metanoaren balorazioek eragina dutela nekazaritzako arintze-politiken rankingean eta, ondorioz, sektoreak beroketa globalari egiten dion ekarpenean.

Metanoaren epe laburreko inpaktura bideratutako arintze-politikek isurpen-murrizketa handiagoak eragiten dituzte.

Artikuluak nabarmentzen duenez, metanoaren epe laburreko ondorioetan arreta berezia ipintzeak isurpen-murrizketa handiagoak ekarriko ditu, metanoaren bizitza laburra kontuan hartzen ez duten politiken aldean. Arintze-politika zorrotz horien ondorioz, baliteke metanoak klima-aldaketari egiten dion ekarpena egungo mailetatik behera erortzea (desagertu egiten baita metanoaren berotze-efektua). Horri dagokionez, metano-isurpenak murriztearen eragin orokorrak CO2-a xurgatzeak edo karbonoa atzitzeko eta biltegiratzeko teknologiek lorturikoen berdinak dira. Hala ere, politika horiek ondorio larriak izango dituzte nekazaritza-sektorean, prezioei eta ekoizpenari erreparatuz gero.

 

Metanoaren nekazaritza-isurketek tenperaturaren igoera orokorrari egiten dioten ekarpena egungo mailen azpitik jaisten da, arintze-politika zorrotzak direla eta (CP500: karbonoaren prezioa, AEBko 500 dolar. LT: epe luzea. ST: epe laburra. CAPRI, GLOBIOM eta MAGNET, erabilitako ereduak).

Haragi-kontsumo apaleko dietak eraginkorragoak dira nekazaritza-isurpenak murrizteko politika ahulagoekin

Animalia-proteina gutxiko dieten inpaktua, klima-aldaketa arintzeko aukera gisa, dieta horiek aplikatzen diren inguruabarren araberakoa da, neurri handi batean. Klima-aldaketaren ondorioak arintzeko politiken oinarria metanoaren epe luzeko portaera islatzen duten metrikak badira ere (horrek balorazio erlatibo baxuagoa eragiten du), metano-isurien intentsitatea ez da murrizten hainbeste neurri teknikoekin. Horrenbestez, haragi gutxiko dietak aukera eraginkorragoa dira isurpenak murrizteko. Politikak ez badira hain zorrotzak, arintze-mekanismo bereziki ahaltsu bihur daiteke ekonomia garatuetan haragi-kontsumoa –eta, ondorioz, ekoizpena– murriztea.

Metano-isurpen globalen murrizketa orok bizkor txikituko du atmosferako metano-maila –CO2-arenak ez bezala–, eta, beraz, murriztu egingo da, orobat, atmosferako metano-kontzentrazio horrekin lotutako tenperatura. Beraz, oso garrantzitsua da metanoaren eta CO2-aren txostena bereizita egitea eta bakoitza bere aldetik lantzea klima-aldaketa arintzeko politikak diseinatzerakoan. COP26ko Metanoaren Konpromiso Globala urrats garrantzitsua da ildo horretan. Emisio biologikoak eta ez-biologikoak biltzen ditu (hau da, petrolio- eta gas-sektoreenak), 100 herrialdek baino gehiagok sinatu dute, eta metanoaren emisio globalak % 30era mugatzea du helburu, 2020ko mailekin alderatuta. Edonola ere, metanoaren emisio biologikoetan izaniko edozer murrizketak onura gehigarria ekarriko lieke klima-aldaketaren ondorioak arintzeko politikei, baina ez lituzke inola ere ordezkatu behar ekonomia deskarbonizatzeko premiazko neurriak.

Biztanle bakoitzeko gehiegizko kontsumoa duten herrialdeetan ekoizpenaren aldea arintzeko eta dietan aldaketak egiteko neurri berritzaileen konbinazioak ondorio nabarmenenak eragin ditzake nekazaritzak berotze globalari egiten dion ekarpena lehengoratzeko, CH4-isurketa biologikoak murriztearen bidez.

Prentsa saila

press@bc3research.org

+34 944 014 690

Basque Centre for Climate Change (BC3) diziplinarteko nazioarteko ikerketa-zentroa da, eta Bilbon du egoitza, Eusko Jaurlaritzak zientzia eta ikerketa sustatzeko sortu zuen.Zentroa BERCen (Basque Excellence Research Center) artean dago, eta bazkideen artean ditu Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ihobe, Ingurumena Kudeatzeko eta Kontserbatzeko Euskal Sozietatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.