BC3K Trantsizio Energetikoaren eta Klima Ekintzaren Behatokia (OTEA) eta 2020ko Txostena aurkeztu ditu gaur

“BC3K Trantsizio Energetikoaren eta Klima Ekintzaren Behatokia (OTEA) eta 2020ko Txostena aurkeztu ditu gaur”

  • Gaur, martxoaren 29an, OTEA aurkeztu da jendearentzat irekitako onlineko ekitaldi batean (esteka)
  • Teresa Ribera laugarren lehendakariorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak parte hartu dute ekitaldian.
  • OTEA ren helburua da datuak, analisi zorrotz bat eta ezagutza zientifikorik onenean oinarritutako metodologia berriak eskaintzea, Espainiako trantsizio energetikoaren eta trantsizio horrek ekonomian, gizartean eta ingurumenean dituen ondorioen jarraipen egokia egiteko.

[Bilbon, 2021eko martxoaren 29an] Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Ekintzaren Behatokia (OTEA) aurkeztu du gaur, martxoak 29, onlineko ekitaldi batean (esteka).

OTEAk informazio fidagarri, eguneratu eta eskuraerraza eskaintzen dio gizarteari, Espainiako trantsizio energetikoaren jarraipen zehatzagoa egiteko. BC3n garatutako metodologia eta ikerketa berriak garatzen ditu OTEAk, gizarteari informazioa ematen eta erabakiak hartzen laguntzeko. Gainera, trantsizio energetikoa kontu teknologiko edo energetiko hutsa ez izaki, OTEAk badu gizarte- eta ingurumen-dimentsio garrantzitsua ere, eta trantsizio energetikoaren inguruko alderdi guztien ikuspegi zabala ematen duten adierazleak hartzen ditu barnean, hala nola pobrezia energetikoa edo energia sektoreko genero-dimentsioa.

Irekiera ekitaldian, Teresa Ribera laugarren presidenteorde eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak parte hartu du, eta behatoki hori sortzearen garrantzia nabarmendu du, baita “BC3ren ekarpenak eta gogoetak izatearen pribilegioa eta zientziaren ezagutzarik onenean oinarritutako erabakiak hartzeko funtsezkoa eta erabakigarria den informazioa desenkriptatzeko duen gaitasuna” ere. Era berean, Jokin Bildarratz-ek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, BC3k klima-aldaketaren esparruan egindako bikaintasun-ikerketari egindako ekarpen garrantzitsuari eta gizarte osoari hedatzeko duen eginkizun aktiboari balioa eman dio.

Mikel González-Eguino BC3ko ikertzaile eta OTEAko koordinatzaileak OTEA Urteko Txostena aurkeztu du: COVID-19aren eraginak hain markatuta dagoen 2020. urtearen mugarri nagusiak eta behatokiak berak egindako zenbait azterketa azaldu ditu. Horretaz gainera, COVIDaren osteko etorkizuneko trantsizio energetikoaren giltzarriei buruzko eztabaida bat izan da gai horretako aditu nabarmen batzuekin: Asunción Ruiz (SEO/BirdLife), Cristina Rivero (CEOE), Joaquín Nieto (OIT) eta Pedro Linares (Comillasko Unibertsitate Pontifizioa). Moderatzailea Cristina Monge izango da (Zaragozako Unibertsitatea).

Hauek dira OTEA 2020 txosteneko mugarri garrantzitsu batzuk:

  • 2020. urtea, 2017. urtearekin batera, Espainiako urterik beroena izan da 1961ean seriea hasi zenetik.
  • OTEAren zenbatespenen arabera, 2020an emisioak % 13,6 murriztu dira, serie historiko osoko beherakadarik handiena. Hala, emisioak 1990ekoak baino % 6 txikiagoak dira. COVID gabeko egoera batean, % 4 gutxituko ziren emisioak ikatz-kontsumoaren murrizketaren ondorioz.
  • Ibilgailuetarako erregaien eta hegazkinerako kerosenoaren kontsumoa amildu egin da, mugikortasunari eta garraio pribatu eta publikoari ezarritako murrizketengatik: % 17,5 eta % 65 gutxitu ziren kontsumoak, hurrenez hurren. Garraio publikoaren erabiltzaile-kopurua % 47 murriztu zen 2020an.
  • Ikatza hondar-energia bihurtu da sektore elektrikoan, 2018an hasitako bideari jarraituz. 2020an, ekarpen historikorik txikiena erregistratu zen Espainiako energia-sorkuntzaren egituran (guztizkoaren % 2), eta ekainean ikatz-zentraletatik erdiak itxi egin ziren, Europako zuzentarauak betetzeko (15 zentraletik 7; 4,6 GW-eko potentzia).
  • 2020an, OTEAren datu aurreratuekin egindako kalkuluen arabera, azken energia-kontsumoan, iturri berriztagarriek % 21.4ra suposatu zuten. Beraz, EBk ezarritako % 20ko helburua bete zen.
  • 2020an, energia berriztagarrien kuotaren errekor historikoa lortu zen sektore elektrikoan: % 44. Hau da, 2019. urtearen aldean, % 12,8ko hazkundea. Igoera hori eskariaren beherakadaren ondorio da, baina baita 4 GW-eko potentzia berriztagarri berria abian jartzearen ondorio ere.
  • Ibilgailu elektrikoen matrikulazioak gora egiten jarraitzen du. 2020an 37.000 unitate saldu ziren, eta parkea 125.000 ibilgailura iritsi da.
  • Elektrizitatearen prezioaren jaitsiera historikoa, eskaria murriztu izanaren eta energia berriztagarrien parte-hartze handiagoaren ondorioz. Etxeko kontsumitzailearentzat kWh-aren kostua % 6,7 jaitsi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta etxekoentzat % 4,4.
  • Energia-sektoreko enpresetako plantilletan, emakumeak % 28,5 dira; 2010ean, berriz, % 23,8 ziren. Goi-zuzendaritzako lanpostuak betetzen dituzten emakumeak % 22 bakarrik dira.
  • Energia berriztagarrien sektoreak 95.000 lanpostu sortzen ditu urtean, zuzenekoak eta zeharkakoak barne, aurreko urtean baino % 17 gehiago.
  • Azken hamarkadan, energia-pobreziaren adierazle gehienak hobetu egin dira. Hala ere, ezkutuko energia-pobreziaren indizearen arabera, energia-pobreziak etxeen % 11ri eragiten dio, eta handiagoa da emakumeak erreferentzia nagusi diren etxeetan.
  • Herrialdeek Nazio Batuetara 2020ko abenduaren 31ra arte Parisko Akordioa betetzeko bidalitako plan klimatiko berriak ez dira aski inola ere. Gaur egungo helburuekin, berotegi efektuko gasen emisioak % 1 murriztuko lirateke 2030erako, 2010eko mailekin alderatuta; IPPCren arabera, berriz, % 45 murriztu beharko lirateke munduko batez besteko tenperaturaren igoera 1,5 °C-ra mugatzea lortzeko.

Jardunaldian, COVID-19ak berotegi-efektuko gasen emisioetan duen eraginari buruzko azterlan bat ere aurkeztu da. Azterlan horrek metodologia berri bat garatzen du, aukera ematen duena emisioak lehen aldiz hilabetez hilabete, eta soilik bi hilabeteko atzerapenarekin, zenbatesteko. Lan horri esker, ziurgabetasun-tarte onargarri batekin osa daitezke emisioen datu ofizialak, harik eta 2021. urtearen erdialdean MITERD ministerioak Berotegi Efektuko Gasen Inbentario Nazionalaren urteko aurrerapena aurkeztu arte eta 2022. urtearen amaieran emisioen behin betiko datuak argitaratu arte.

Kontaktua:

Eva Alonso

contacto@otea.info

+34 679 038 164

BC3ri buruz

Basque Centre for Climate Change (BC3) diziplinarteko nazioarteko ikerketa-zentroa da, eta Bilbon du egoitza, Eusko Jaurlaritzak zientzia eta ikerketa sustatzeko sortu zuen.Zentroa BERCen (Basque Excellence Research Center) artean dago, eta bazkideen artean ditu Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ihobe, Ingurumena Kudeatzeko eta Kontserbatzeko Euskal Sozietatea, eta Maria de Maeztu estatuko zentroetako bat da. BC3 aktiboki aritzen da lankidetzan gizarte- eta enpresa-ingurunearekin, eta diziplina anitzeko ezagutza sortzen du, nazioartean garapen jasangarrirako erabakiak hartzea errazteko eta bultzatzeko.

 

OTEAri buruz:
BC3ren ekimena da OTEA, trantsizio energetikoan eta klima-ekintzan adituak diren BC3ko diziplina anitzeko ikertzaileen talde batek osatua. OTEA Iberdrolak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren María de Maeztu bikaintasun-zentroetarako laguntza-programak finantzatzen dute. AEMENER (Asociación Española de Mujeres de la Energía), AEEE (Asociación Española de Economía de la Energía) eta etorkizunean formalki atxikiko diren beste erakunde batzuen laguntza du. https://otea.info/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.