Gaur argitaratu den ikerketa berri baten arabera, “kontsumitzen dugun haragi guztiak ez du eragin bera klima-aldaketan”

Gaur argitaratu den ikerketa berri baten arabera, “kontsumitzen dugun haragi guztiak ez du eragin bera klima-aldaketan”

  • Amigos de la Tierra elkarteak, Basque Centre For Climate Change (BC3) zentroarekin elkarlanean, txosten bat argitaratu du Elikaduraren Mundu Egunean, eta han jakinarazi du abeltzaintza estentsiboak eta larreen kontserbazioak klima-aldaketa arintzen dutela pentsuen inportazioa oinarri duen abeltzaintza industrialarekin alderatuta, zeinak lurzoru naturalak (larreak edo basoak) nekazaritza-lurzoru bihurtzea behar baitu; horretarako, baso tropikalak soildu behar dira, eta horrek karbono-aztarna bat eragiten du.
  • Txosten horrek haragiaren ekoizpen- eta kontsumo-ereduei buruzko irtenbideak ematen ditu agroekologiaren eta elikadura-burujabetzaren defentsaren ikuspegitik, baita gomendioak ere, haragiaren ekoizpenari eta kontsumoari buruzko politika publikoek arrakasta izan dezaten 2050erako klimarekiko neutraltasunerako bidean.

 

(Bilbo, urriaren 16a) Haragiaren ekoizpena eta kontsumoa bizi dugun klima-krisiaren erantzule nagusietako bat direlako baieztapena leitmotiv bihurtu da. Hala ere, klima-aldaketari buruzko Espainiako bulegoko zuzendari nagusi Valvanera María Ulargui Aparicio andreak inauguratu duen ekitaldi digital batean Amigos de la Tierra elkarteak Basque Centre For Climate Change (BC3) zentroarekin elkarlanean gaur aurkeztu duen “Abeltzaintza eta klima-aldaketari egiten dion ekarpena” (“Ganadería y su contribución al cambio climático”) txostenak ikuspegi berri bat ematen du abeltzaintzak larrialdi klimatikoan duen eraginari buruzko eztabaidan.

Txostenak zehazten du berotze globala eragiten duten berotegi-efektuko gasak zenbatesteko  gaur egun erabiltzen diren metodologiek mugak dituztela abeltzaintzak eragiten duen berotzea egozteko, eta ez dutela aukerarik ematen dauden abeltzaintza-eredu guztiek egiten duten ekarpena bereizteko.

“Abeltzaintzaren kontrako salaketak abereek jaten duten zelulosa hartzitzeak eragindako metano-isurietan eta lurzoruaren erabilera-aldaketaren ondorioz izaten diren karbono dioxido isurietan oinarritzen dira nagusiki. Bi faktore horiek, hein handi batean, abeltzaintza estentsiboarekin dute lotura” azaldu du Agustín del Prado BC3ko ikertzaile eta txostenaren egilekideak. “Hala ere, mota horretako azterketek ez dute kontuan hartzen abeltzaintzak oro har egiten duen ekarpena, alde batera utzita berotegi-efektuko gasen isurtzea ekoizpen- eta kontsumo-fase guztietan, barne hartuta sargaien fabrikazioa, prozesatzea eta garraioa, hala nola pentsuena, zeinak askoz gehiago erabiltzen baitira abeltzaintza intentsiboan. Era berean, isurtzeak zenbatesteko eredu horrek ez du bereizketarik egiten abere-espezieen artean ere”.

Hala, txostenean paradigma-aldaketa bat proposatzen da, zeinak kontuan hartu behar baititu bi elementu: abeltzaintzako jarduera osoaren ondorioz atmosferara sartzen den karbono fosil guztia zenbatestea (abeltegiko isuriak ez ezik, sargaien fabrikazioan, prozesatzean eta garraioan sortzen dena ere bai) eta abere-espezie bakoitzaren eta ekoizpen-eredu bakoitzaren inpaktua baloratzea.

“Abeltzaintza industrialak pentsuaren inportazioa du oinarri (artoa eta soja), urdail bakarreko animalientzat batez ere (hala nola txerriak eta oiloak). Ekoizpen horretarako, eskuarki, lurzoru naturalak (larreak eta basoak) laborantza-lurzoru bihurtu behar dira, baso tropikaleko eremuak soilduz, Hego Amerikan nagusiki, eta horrek karbono-aztarna bat eragiten du. Gaur egungo zenbatespenek ez digute aukerarik ematen inpaktu larri horiek bistaratzeko abeltzaintza estentsiboak eta ekologikoak klimarentzat dituen eragin onberen aurrean” adierazi du Andrés Muñoz Rico Amigos de la Tierra elkarteko elikagai-burujabetzako arduradunak.

Berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko helburuekin bat datorren haragiaren ekoizpen- eta kontsumo-estrategia baten diseinuari laguntzeko, politika publiko nazionalentzako lau gomendio nagusi ematen ditu txostenak amaieran:

  • Abeltzaintza-jardueratik eratorritako isuri antropogenikoak eta haiek kliman dituzten inpaktuak behar bezala zenbatetsiko dituzten irizpideak ezartzea: nola orain zenbatesten ez diren inpaktu negatiboak (abeltzaintza-sektoreko inbentario nazionaletan sartzen ez diren zeharkako isuriak), hala positiboak (larreetan karbonoa finkatzea edo eragin positiboa albedoan) edo neutroak (atmosferan metatzen ez den metano biogenikoa edo abeltzaintzako isuri naturalak).
  • Haragia ekoizteko sistemek kliman dituzten inpaktuak ebaluatzea, abeltzaintza estentsibotik hasi, eredu mistoetatik igaro eta eredu industrialetaraino. Gainera, berotegi-efektuko gasen isurian eraginik izan ez arren, kontuan hartu behar da ingurumen- eta gizarte-inpaktuen multzoa ere, hala nola landa-komunitateetan izaten den inpaktua eta uraren kutsadura, makroabeltegi industrialen kasuan.
  • Klimaren ikuspegitik ebaluatzea haragiaren ekoizpenari eta kontsumoari eragiten dioten politika publiko guztiak, hala nola Nekazaritza Politika Bateratua, merkataritza askeko itunak sinatzea (EB eta Mercosurren artekoa, adibidez), eta “Europako Itun Berdean” jasotako artzaintza-lurrak basoberritzeko proposamenak, kontuan hartuta sustatzen diren haragi-ekoizpeneko eta -kontsumoko patroietatik eratorritako berotegi-efektuko gasen isurien multzoa.
  • Haragiaren ekoizpenari eta kontsumoari buruzko politika publikoak elikadura-sistemari buruzko ikuspegi global batean integratzea, zeinak barne hartu behar baititu beste elikadura-estrategia onuragarri batzuk 2050erako klimarekiko neutraltasun-helburuak lortzeko, hala nola nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpen agroekologikoa areagotzea, abeltzaintza estentsiboa sustatzea, galtzen edo alferrik galtzen den elikagai-kantitatea murriztea eta merkaturatze-kanal laburrak sustatzea.

Elikaduraren Mundu Egunean, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea 2050erako lortu nahi diren klimarekiko neutraltasun-helburuak erdietsi ahal izateko ezinbestekoa dela estrategia konbinatu bat, non haragi industrialaren kontsumoa murriztu behar baita eta haren ordez abeltzaintza estentsiboko haragia kontsumitu, berotze gordina murrizteko ahalmen handiagoa baitu.

“Abeltzaintza eta klima-aldaketari egiten dion ekarpena” (“Ganadería y su contribución al cambio climático”) txostena aurkezteko ekitaldia, zeina gaur 11:00etan egingo baita Facebook eta Youtube sare sozialen bidez, Amigos de la Tierra elkarteak #GoodFoodGoodFarming kanpainaren barruan antolatu duen Pertsonentzako eta planetarentzako elikadura-sistema zuzenagoa izateko ekintza-hilabeteko sei topaketetako bat da.

 

Txostenera esteka

https://www.tierra.org/wp-content/uploads/2020/09/Informe-Ganaderia-Cambio-climatico-Amigos-de-la-Tierra.pdf

 

 

Kontaktua:

BC3ko prentsa saila

press@bc3research.org

+34 944 014 690

Amigos de la Tierra prentsa saileko arduraduna

Cristina Porras Bravo prensa@tierra.org

+34 680 936 327

 

 

Amigos de la Tierra elkarteari buruz

Amigos de la Tierra irabazi-asmorik gabeko elkarte ekologista bat da, eta ingurumena babesten duen gizarte zuzen eta solidario bat lortzeko aldaketa lokala eta globala sustatzea du xede. Berrogei urtetik gorako bidea egin du, eta mundu osoko hirurogeita hamar herrialde baino gehiagotan dago. Haren xedea da ingurunearekiko eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea eta gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzea, justizia klimatikoa, elikadura-burujabetza, lankidetza, biodibertsitatea eta baliabide naturalak babestuta.

 

 

BC3ri buruz

Basque Centre for Climate Change (BC3) diziplinarteko ikerketarako nazioarteko zentro bat da; Bilbon du egoitza, eta klima-aldaketa ikertzen du Eusko Jaurlaritzak sustatuta, zientzia eta ikerketa bultzatzeko. Zentroaren bazkide dira, besteak beste, Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ihobe, Ingurumen Jarduketarako eta Kontserbaziorako Euskal Sozietatea, eta Maria de Maeztu estatu-zentroetako bat da.

Baliabide gehiagarriak

Comments are closed.





Financiado por el Ministerio de Ciencia Innovación y Universidades y la Agencia Estatal de Investigación,
a través de la Convocatoria: Maria de Maeztu 2017 (BOE 21/10/2017) siendo la referencia de nuestro expediente: MDM-2017-0714

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change. Excelencia María de Maeztu.


We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options. If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.

ACEPTAR
Aviso de cookies