Etorkizunean lurraren erabilerek klima-aldaketa leuntzen zenbateraino lagunduko duten ikertu du BC3k, beste batzuekin batera

“Etorkizunean lurraren erabilerek klima-aldaketa leuntzen zenbateraino lagunduko duten ikertu du BC3k, beste batzuekin batera “

 

Nature Climate Change aldizkari ospetsuak txosten bat argitaratu du lurraren erabilerek klima-aldaketa leuntzen izan dezaketen eraginari buruz; azterlanaren arabera, posible da 2040rako lurraren sektorearen karbono-aztarna zero izatea eta 2050erako CO2 hustubide garbi izatea.

María José Sanz Basque Centre of Climate Change (BC3) erakundeko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasqueko irakaslea da azterlanaren egileetako bat, nazioartean ospe handia duten beste akademiko batzuekin batera.

Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldearen Klima-aldaketa eta Lurra txostena egiteko erabili dira ikerketaren emaitzak, zeinean aztertu baitute zenbateraino den bideragarria 2040rako karbono-aztarna zero izatea lurraren sektorean.

 

Nature Climate Change aldizkari entzutetsuak txosten bat argitaratu berri du, zeinean aztertzen baita zenbateko ahalmena duten lurraren erabilerek klima-aldaketa leuntzeko, eta nola mundu mailan ezarri beharko litzatekeen erabilera-modu hori tenperatura igo dadin saihesteko. Azterlanak erakusten du zein ekintza diren garrantzitsuenak basoetan, nekazaritzan eta elikadura-sistemetan.

Zehazki, azterketa hori aitzindaria da identifikatzen zer ekintza zehatz egin behar diren 2020tik 2050era hamarkada bakoitzeko emisioak % 50 murrizteko, berotze globala 1,5 ºC baino handiagoa izan ez dadin. Horretaz gainera, aztertzen du zer eragin duen lurraren erabilerak klima-aldaketara egokitzea bideragarria izan dadin, eta garapen jasangarriko helburuak bete daitezen.

Ikerketa honen egileetako bat da María José Sanz, Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeko zuzendaria, Ikerbasqueko irakaslea eta Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeko (IPCC) kidea. Ikerketaren buruak, berriz, Virginiako Unibertsitateko eta IIASAko ikertzaileak izan dira. Nazioarteko talde batek egin du azterketa, eta hainbat klima-eredu aztertu dituzte. Halaber, lurra kudeatzeko 24 praktika ebaluatu dira azterketan; hain zuzen, klima aldatzeko potentzial handiena dutenak eta, horrekin batera, beste gizarte- eta ingurumen-onura batzuk ere badituztenak.

Lurraren sektorean 2040rako CO2 emisioak zerora murrizteko herrialdeek egin ditzaketen ekintza zehatzak identifikatzen ditu azterlanak. Hala, mundu osoan tenperatura-igoera 1,5 ºC baino handiagoa izatea ekidingo litzateke.

Zehazki —azterlanaren arabera—, herrialdeek ekintza horiek martxan jarriko balituzte, lurraren sektoreak karbono-aztarna zero izatea lortuko luke 2040rako, eta CO2 hustubide garbi izatea 2050erako.

Gaur egun, munduko emisio guztien % 25 eragiten du lurraren sektoreak. Proposatutako ekintzei esker, urtean 15 Gt CO2 baliokide gutxiago izango lirateke: erdia emisioak murriztearen ondorioz eta beste erdia lurrak karbonoa xurgatuta.

Txosten honekin egileek ez dute pentsarazi nahi sektore honek egindako ahaleginak ordezkatu dezakeela beste sektoreek egin beharreko ahalegina —hala nola energiaren sektoreak egin beharrekoa—; izan ere, lurraren sektorearen potentziala txikiagoa izan liteke azterlanean kontuan hartu ez diren beste faktore batzuen eraginez, hala nola klima-aldaketak eragindako lurreko ekosistemen ahuleziaren eraginez ” azaldu du María J. Sanzek.

María José Sanzen biografia

Sanz irakasleak ibilbide luzea du. Hogeita bost urtetik gorako esperientzia du zientziaren arloan; zehazki, gai hauetan: karbonoaren eta nitrogenoaren zikloa, lurreko ekosistemetan airearen kalitateak duen eragina eta berotegi-efektuko gasen inbentarioak. Azken bi hamarkadetan, ekarpen handia egin du klima-aldaketari buruzko alde anitzeko negoziazioetan: EBko negoziatzaile gisa (Espainiako ordezkaritzan), Klima Aldaketaren Esparru Hitzarmenaren Idazkaritzako ofizial senior gisa eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) UNREDD programaren koordinatzaile gisa. 2001etik IPCCren txosten batean baino gehiagotan hartu du parte, egile eta editore gisa. Eta, horretaz gain, artikulu ugari argitaratzen laguntzen du zientzia-aldizkari entzutetsuetan. BC3ko zuzendari zientifikoa da 2016tik, zeina bikaintasunezko María de Maeztu ikerketa-zentroa baita eta nazioarteko erakunde, sare zientifiko eta eragile sozioekonomiko nagusiei lotuta baitago

Citation

Roe, S., Streck C., Obserteiner M., Frank S., Griscom B., Drouet L., Fricko O., Gusti M., Harris N., Hasegawa T., Hausfather Z., Havlík P., House J., Nabuurs G-J., popp A., Sanz M.J., Sanderman J., Smith P., Stehfest E,. Lawrence D. 2019.Contribution of the land sector to a 1.5 °C world. Nature Climate Change. 9pages817–828. DOI (https://doi.org/10.1038/s41558-019-0591-9)

Link to publication

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.