Ikerketa aitzindari batek aztertu du zer eragin dituen deforestazioaren eta klima-aldaketaren kontra biodibertsitatea kontserbatzeaz gain gizarte-ekitatea aintzat hartzeak

“Ikerketa aitzindari batek aztertu du zer eragin dituen deforestazioaren eta klima-aldaketaren kontra biodibertsitatea kontserbatzeaz gain gizarte-ekitatea aintzat hartzeak”

 

Ignacio Palomo BC3ko ikertzaileak gidatu du ikerketa, eta zentroaren zuzendari zientifiko María José Sanzek, Unai Pascual ikertzaileak eta ospe handiko beste hiru ikertzaile frantsesek hartu dute parte. Estatu Batuetako Zientzia Akademia Nazionalaren PNAS aldizkari entzutetsuan argitaratu da ikerketa.

Azterketa aitzindari honek ikertu du nola txertatu ekitatea garabidean dauden herrialdeetako basoen Degradazio eta Deforestazioaren ondoriozko Emisioak Murrizteko Nazio Batuen lankidetza-programan (REDD+ programa), haren funtsak munduan banatzerakoan, eta nola eragiten duen horrek programaren klima-helburuetan: deforestazioa murriztea eta biodibertsitatea kontserbatzea.

Photo: Yoly Gutierrez_CIFOR

Citation

Palomo I., Dujardin Y., Midler E., Robin M., Sanz M.J., Pascual U. Modeling trade-offs across carbon sequestration, biodiversity conservation, and equity in the distribution of global REDD+ funds

Link to publication

Klima-aldaketa eta biodibertsitatea kontserbatzea dira gure garaiko bi ingurumen-erronka nagusiak. Gizarte-erronka handienetako bat ekitatea da, zeina baita Nazio Batuen 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen zutabe nagusietako bat. Aurretiko zenbait azterlanek klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen arteko erlazioak aztertu dituzte, eta bi aldagaien artean korrelazio positiboa dagoela erakutsi dute. Orain arte, ordea, oso gutxi aztertu da gizarte-alderdiek, kasu honetan ekitateak, nola eragin dezaketen REDD+ programaren funts-banaketa orokorrean, eta zer ondorio dituen horrek deforestazioa murrizteko eta biodibertsitatea kontserbatzeko orduan.

Diziplina anitzeko azterlan honek neurtu nahi du zer eragin izango lukeen REDD+ programaren funtsak modu optimizatuan banatzeak alderdi hauek uztartuz: deforestazioa murriztea, karbono-bahiketa, biodibertsitate-kontserbazioa eta ekitatezko banaketa, 2030era arte. Hala, ikusten da nola lor daitekeen basoetako espezie endemikoak ahalik eta gehiena kontserbatzea eta basoetan ahalik eta karbono gehiena bahitzea. Funtsen banaketan ekitate-irizpide apal batzuk sartzeak ez du eragiten galera handirik programaren eraginkortasunean (karbonoa-bahiketari eta biodibertsitatearen kontserbazioari dagokienez).  Hala ere, azterketak erakusten du ezen, ekitatea programaren helburu nagusietako bat bihurtzen denean, nabarmen murrizten direla karbonoaren bahiketa eta biodibertsitatearen kontserbazioa.

Egindako ikerketaren helburua da ekarpen bat egitea REDD+ programaren inguruko goi-mailako eztabaidei, hau da, ea baliabideak “emaitzetan oinarritutako ordainketen” bidez banatu behar diren (deforestazioa murriztea “ordainduz”) ala ez. REDD+ programako eztabaidei buruzko informazioa ematea eta funtsen balizko banaketen inpaktuak aurreikustea ahalbidetzen duten tresnak garatzea ezinbestekoa da nazioartean erabakiak oinarri zientifiko baten arabera eta modu gardenean hartzeko.

 

Ignacio Palomori buruzko informazioa

Ignacio Palomo (Madril, 1980) doktorea da Ekologian eta Ingurumenean, doktoratu ondoko ikertzailea Klima Aldaketaren Euskal Zentroan (BC3), eta Sistema Sozioekologikoen Laborategiko ikertzaile elkartua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gizakiak naturarekin duen harremana eta jasangarritasunerako trantsizioa ditu ardatz haren ikerketak, betiere biodibertsitatea zaintzea eta klima-aldaketa arintzea izanik helburu. Mendiko sistema sozioekologikoetan espezializatu da. Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernu arteko Plataformaren (IPBES) egile nagusia da, Gazte Akademia Globaleko kidea eta Espainiako Gazte Akademiaren batzorde exekutiboko kidea. Horretaz gain, Nazio Batuen Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuneko eremu babestuen batzordeko kide ere bada. Frantziako eta Alemaniako gobernuen Make Our Planet Great Again finantziazio-programa jaso du. Doktoretzako aparteko saria jaso zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta 40 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu aldizkari akademikoetan, baita hainbat liburu eta dibulgazio-artikulu ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.