Honela egiten digu mesede naturak, eta honela eragingo digu klima-aldaketak

“Honela egiten digu mesede naturak, eta honela eragingo digu klima-aldaketak”

Science aldizkari entzutetsuak gaur argitaratu duen azterlan batek dioenez, 2050ean 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira ura kutsatu, kostaldeko ekaitzak jasan eta laboreak galtzeko arrisku handiena duten lekuetan.

Gaur egungo eremu ahulenek dute, aldi berean, arrisku horien probabilitate handiena.

Mundu osoan bildutako ebidentzietatik abiatuta, naturak pertsonen ongizateari egiten dizkion ekarpenak ulertzeko eta klima-aldaketaren inpaktuak arintzeko aukerak aurreikusteko tresna berri bat eskaintzen du azterketak.

 

Story highlights

1. 2050ean 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira ura kutsatu, kostaldeko ekaitzak jasan eta laboreak galtzeko arrisku handiena duten lekuetan.
2. Gaur egungo eremu ahulenek dute, aldi berean, arrisku horien probabilitate handiena.
“Aztertutako etorkizuneko egoera guztietan, garabidean dauden herrialdeek, gaur egun ahulagoak direnek, arrisku handiagoa izango dute naturak eta ekosistemek populazioen ongizateari dakarzkioten onurak galtzeko”.

Unai Pascual, Ikerbasque Research Professor at BC3

Citation

Chaplin-Kramer R., Sharp R.P.., Weil C., Bennett E.M., Pascual U., Arkema K.K., Brauman K.A., Bryant B.P., Guerry A.D., Haddad N.M., Hamann M., Hamel P., Johnson J.A., Mandle L., Pereira H.M., Polasky S., Ruckelshaus M., Shaw M.R., Silver J.M., Vogl A.L., Daily G.C. (2019) Global modeling of nature’s contributions to people. Science. https://doi.org/10.1126/science.aaw3372

Link to publication

Bilbon, 2019ko urriaren 11n

Ebidentzia zientifikoak eta aurreikuspenak kudeatzeko tresnak izatea funtsezko faktorea da planetako naturaren egoera hobetzeko, eta ekosistemak –egungo eta etorkizuneko gizarteentzat ezinbestekoak– babesteko eta modu jasangarrian erabiltzeko. Denbora luzez, komunitate zientifikoak tokiko informazioa bildu du naturak populazioentzat dituen onurei buruz, eta, lehen aldiz, nazioarteko ikertzaile-talde batek munduko mapa interaktibo bat sortu du, naturak mundu osoan egiten dituen ekarpenei buruzkoa. Kode irekian oinarritutako teknologia berri hori aplikatuz, azterketak aukera ematen du ikusi ahal izateko planetako zer lekutan jasotzen duten pertsonek onurarik gehien naturak egiten dituen ekarpenetatik, eta, ekosistemak degradatu eta klima-aldaketa bizkortu ahala, zein eremuk duten ekarpen horiek galtzeko arriskurik handiena. Beraz, egungo klima-ereduek proiektatzen dituzten egoera okerrenei aurre egiteko behar den informazioa eskaintzen du tresna honek, beste etorkizun baterantz aurrera egin ahal izateko, non mundu mailako giza garapenak jasangarritasuna eta ekitatea areagotu beharko baititu.

Unai Pascual, Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeko ikertzailea eta biodibertsitateari eta ekosistema-zerbitzuei buruzko gobernu arteko plataformako (IPBES) balioak ebaluatzeko presidentekidea, izan da ikerketa honen egileetako bat, zeinaren gidari Stanfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileak izan baitira. Azterketaren helburua da klima-aldaketaren inpaktuen aurrean prebentzio- eta babes-politikak eta -ekintzak zuzentzeko behar den ezagutza gizartearen esku jartzea. Science aldizkariak argitaratutako lanak erakusten duenez, natura-ingurunea gero eta ahulagoa da, eta, horren ondorioz, ura kutsatzeko, kostaldeko ekaitzak jasateko eta espezie polinizatzaileen urritzea dela-eta laboreak galtzeko probabilitate handieneko lekuetan bizi diren populazioek gero eta arrisku handiagoa dute. Lan hau argitaratzean Pascualek azpimarratu duenez, “tokiko, eskualdeko eta nazioarteko ingurumen-gobernantza huts egiten ari da munduko eskualderik zaurgarrienetako ekosistemak eta populazioak babesteko inbertsio estrategikoak zuzentzeko garaian.

Gero eta maizago gertatzen dira ur-kutsadura, kostaldeko ekaitzak eta laboreen polinizazio urria, eta natura gaitasuna galtzen ari da populazioak gertaera horien ondorioetatik babesteko. Hain zuzen, arlo horiek ditu ardatz Science aldizkariak argitaratutako azterketak. Ebidentziek adierazten dutenez, populazioek ekosistemen behar handiena duten munduko eremuetan ari da gehien urritzen naturak behar horiek asetzeko duen gaitasuna, ekosistemen degradazioa dela eta. Proiekzioen arabera, 2050ean 5.000 milioi pertsonak baino gehiagok izango dute ura kutsatzeko, kostaldeko ekaitzak jasateko eta laboreak galtzeko arrisku handiagoa.

Inpaktu horiek adierazten dute, gainera, ingurumenaren degradazioaren inpaktu negatiboak ez direla modu orekatuan banatuta egongo. Unai Pascualek dioenez, “aztertutako etorkizuneko egoera guztietan, garabidean dauden herrialdeek, gaur egun ahulagoak direnek, arrisku handiagoa izango dute naturak eta ekosistemek populazioen ongizateari dakarzkioten onurak galtzeko”.

Azterketak argi erakusten du berehala hartu behar dituztela neurriak ekosistemak kudeatzeaz arduratzen diren erakunde guztiek. Unai Pascual BC3ko Ikerbasque ikertzailearen esanean, “ibilbide horretan jarraitzen badugu, ekosistemek ezingo dute jarraitu klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko aseguru natural bat ematen, gizakion oinarrizko premiei dagokienez: elikagaiak, ura eta azpiegiturak“. Lan honek lagungarri izan nahi du naturak pertsonei egiten dizkien ekarpenak kontuan hartzeko, planeta jasangarriago eta orekatuago bat lortzeko ekintza globalen esparruan hartu beharreko erabakietan.

Zerbait behar izanez gero, jarri harremanetan BC3ko Community Manager Ainara Fernandezekin, helbide honetan:  communitymanager@bc3research.org / +34 944 014 690 ext. 180 / +34 688 818 125

Prentsa Oharra jaitsi

 

Ikerketa Stanford Woods Institute for the Environment erakundeko Natural Capital Project taldearen lanaren parte da, eta Marianne and Marcus Wallenberg Foundation-ek babestu du.

Ikusi jatorrizko prentsa-oharra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.