BC3k bat egin du klima-larrialdiaren adierazpenarekin, eta eskatu du berehala hartzeko trantsizio ekologikoa azkartzeko neurri irmoak eta zehatzak

“BC3k bat egin du klima-larrialdiaren adierazpenarekin, eta eskatu du berehala hartzeko trantsizio ekologikoa azkartzeko neurri irmoak eta zehatzak”

 

Leioan, 2019ko irailaren 27an

New Yorken mundu osoko buruzagiak Klima Ekintzarako Goi Bileran elkartu diren honetan, eta gizartearen eta gazteen eskaerak— irailaren 27ko mundu mailako grebaren aurreko giroan— gero eta indar handiagoa hartzen ari diren honetan, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroak bat egin du erakunde akademiko, sozial eta politikoek onartutako klima-larrialdiaren adierazpenarekin.

Ikerketa-zentro bat da BC3, 2008an sortua, eta haren helburua da klima-aldaketari buruzko ezagutza zehatza eta objektiboa ematea, diziplina anitzeko ikuspegi baten bidez. BC3k uste du, gainera, benetako aldaketak lortzeko ikerketa eraginkorrena inplikatutako eragileekin lankidetzan egiten dela. Krisi klimatikoari aurre egiten laguntzea da BC3ren izateko arrazoia.

BC3ren komunitate zientifikoak ez du inolako zalantzarik: aurrekaririk gabeko krisi klimatiko global baten erdian gaude. Eta krisi horrek eskatzen du gobernuak, enpresak eta herritarrak azkar eta eskala handian mugitzea, batetik, krisiaren ondorioei heltzeko, eta, bestetik, krisiaren inpaktua eta arriskuak maila onargarri batera ekartzeko. Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Panelaren txosten zientifikoek argi erakusten dute aldatu beharrak ditugula gure garapen-eredua eta, bereziki, erregai fosiletan oinarritzen diren energia-sistemak. Gero eta denbora gutxiago dugu trantsizio hori eta egin eta Parisko Akordioaren helburuak betetzeko. Orain arte bezala jarraituz gero, 10-15 urtean 1,5 gradu baino gehiago igoko da batez besteko tenperatura. IPCCren arabera, kalteak murrizteko eta Parisko Akordioa betetzeko, eskura dugun zientziarik onenak esaten digu 2030erako emisio globalak erdira murriztu behar direla, eta ia ezerezean geratu behar dutela 2050erako. Horrek adierazten du zer neurritakoa den hurrengo urteetarako dugun erronka.

BC3 ados dago IPCCrekin, eta uste du larrialdi-egoeran gaudela. Eta bat egiten du klima-larrialdiaren adierazpenaren bidez egoeraren larritasuna adierazi nahi duten eta horren arabera jardun nahi duten ekimen guztiekin.

Gobernuek eta parlamentuek kima-larrialdiaren adierazpenarekin bat egitea ekintzarako aukera bat da. Hala ere, BC3k ohartarazi nahi du klima-larrialdiaren adierazpena eraginkorra izan dadin premiazko neurri zehatzak eta sendoak hartu behar direla, herritarrek ikus dezaten zer egin daitekeen eta zer egin nahi den egoera hori konpontzeko.

Amaitzeko, BC3k azpimarratu nahi du klima-krisia gainditzeko neurriak, beharrezkoak izateaz gain, aukera bat ere izan daitezkeela gure ekonomiak eta gure gizarteak oinarri sendoagoen gainean berreraiki eta hobetzeko. Beharrezkoa da gure garapen-eredua berriro planetaren muga fisikoen eta sozialen barruan kabitzea; gure ekosistemak zaintzen eta berreskuratzen laguntzea eta desparekotasuna murriztea. Eta, era berean, prest egon behar dugu trantsizio horren ondorioak zuzen banatzeko.

Aste honetan New Yorken Klima Ekintzarako Goi Bileran elkartu diren agintariek aukera dute horren arabera jokatzeko eta gazteenen eskaerak entzuteko: etorkizun hobea nahi dute, eta komunitate zientifikoaren ohartarazpenak kontuan izanda jarduteko eskatzen diete.

Horrekin lotuta, BC3ren konpromisoa da klima-aldaketari buruzko bikaintasunezko ikerketa bultzatzen jarraitzea eta gizartearen zerbitzura egotea, eragin handiena duten lan-ildoak bultzatuz. Halaber, ahalegin handiagoa egingo dugu jakintza gizarteari eta erabakiak hartzen dituztenei helarazteko, krisi klimatikoa ezagutza zientifiko onenarekin landu ahal izan dadin.

Jakitun gara ahalegin guztiek balio dutela, eta, horregatik, konpromisoa hartzen dugu gure emisioak murrizteko plan integral bat martxan jartzeko, ez bakarrik BC3ko langile gisa, baita bizimodu jasangarriagoa sustatu nahi duen herritar arduratsu gisa ere.

Deskargatu: BC3K BAT EGIN DU KLIMA-LARRIALDIAREN ADIERAZPENAREKIN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





Financiado por el Ministerio de Ciencia Innovación y Universidades y la Agencia Estatal de Investigación,
a través de la Convocatoria: Maria de Maeztu 2017 (BOE 21/10/2017) siendo la referencia de nuestro expediente: MDM-2017-0714

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change. Excelencia María de Maeztu.


We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options. If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.

ACEPTAR
Aviso de cookies