Antibiotikoekiko erresistentzia ingurumenean: errealitate lazgarri baten iturria

“Antibiotikoekiko erresistentzia ingurumenean: errealitate lazgari baten iturria

EAEn egin den ikerketa osatu nahi du JRL taldeak, eta emaitzek ahalik eta ondoriorik handiena izatea bermatu nahi du 

Uztailaren 18an eta 19an, Plentziako Itsas Estazioan, antibiotikoekiko erresistentzia hizpide duen ikastaroa izango dugu, UPV/EHUko uda ikastaroen baitan. Antibiotikoekiko erresistentzian aditu diren ikerlari batzuek osasun publikoaren arazorik larrienetariko honen inguruko aspektu ezberdinak jorratuko dituzte eta gizakion, animalien eta ingurumenaren osasunean duen ondorioez arituko dira.

Bakterio multierresistenteek sortzen dituzten infekzioak mehatxurik handienetarako bat dira osasun publikoarentzat, heriotza dezente eragiten dituztelako eta gastu ekonomiko handi baten erantzule direlako. Nahiz eta ondorio lazgarrienak esparru klinikoan hautematen diren, antibiotikoekiko erresistentziaren barreiadurak ingurumenean du jatorria, hau da, laborantza-, azienda- eta hiri-eremuetan.

Orain arte, bakterio erresistenteen arazoa jorratzerako orduan, medikuntzaren eta albaitaritzaren alorretako antibiotikoen erabilera eta gehiegizko erabilera hartu izan dira kontuan. Halere, gutxi aztertu da ingurumenak arazo honetan duen rola eta gizakion osasunean eta ekosistemetan duen eragin negatiboa. Eragin negatibo hori ingurugiroan dauden honako elementuek sortzen dute, geneen transferentzia horizontalean parte hartzen dutenak, hain zuzen: (i) antibiotikoak, (ii) antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak, (iii) antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak eta (iv) elementu genetiko mugikorrak (plasmidoa, integroiak eta transposoiak).

Goraka ari diren kutsatzaile hauek ez dute soilik ekosistemen funtzionatzeko era eraldatzen, esposizio-bideen parte direlako gainera, eta gure organismora iristen direlako bektore ezberdinen bidez (ur-kontsumoa eta alimentuak). Orain dela gutxi, antibiotikoekiko erresistentziaren gorakadaz ohartarazi du NBEk, hein batean, ingurumenera botatzen diren farmakoen ondorio baita. Hori gutxi balitz, antibiotikoekiko erresistentzia NBEren “Ingurugiroa” programak argitaraturiko “Mugak” informean jorraturiko gaia da, eta goraka ari diren sei kezka-iturrietako bat da haien aburuz.

Osasun-arazo honi irtenbidea aurkitzeko helburuarekin, ikerketa bateraturako ekimen bat sortu zen 2018ko urrian: Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance. Xede nagusia honakoa sustatzea da: antibiotikoekiko erresistentziaren gorakadaren eta horrek giza eta inguru-osasunean sortzen duen arriskuaren ikerketa zientifikoa eta ezagutzaren transmisioa. Alor honetan EAEn egin den ikerketa osatu nahi du JRL taldeak, eta emaitzek ahalik eta ondoriorik handiena izatea bermatu nahi du. JRL horren baitan UPV/EHUko ikertzaile-talde ezberdinak ditugu: Neiker-Tecnalia eta Basque Centre for Climate Change (BC3). Beren esperientzia eta interes zientifikoak partekatuko dituzte denek, giza osasunean eta ingurugiroaren ongizatean zuzenean eragiten duen arazo honi irtenbide holistikoak emateko.

Uztailaren 18an eta 19an, Plentziako Itsas Estazioan (PiE), JRL on Environmental Antibiotic Resistance taldeko kideek antibiotikoekiko erresistentziak dituen ondorioen inguruko ikastaro espezializatua eskainiko dute, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Parte hartzen duten ikasleek oinarrizko ezagutza eta ezagutza aplikatua jasoko dituzte, jakiteko zein den antibiotikoekiko erresistentziaren rola (sorkuntzari eta barreiadurari dagokienez) eta haren eragina ingurumenaren osasunean eta giza osasunean.

Zehatzago esanda, antibiotikoen ekintza-mekanismoak eta bakterio-erresistentziaren mekanismoak aztertuko ditugu. Antibiotikoekiko erresistentziaren barreiadurak izaten dituen prozesu ezberdinak landuko dira. Antibiotikoekiko erresistentzian ingurumenak duen garrantzia ikusiko dugu, eta gizakien eta ingurumenaren osasunean zer eragin duen ikusiko dugu, batez ere medikuntza, nekazaritza, azienda, janarigintza eta hirigintzaren esparruetan. Halaber, klima-aldaketak antibiotikoekiko erresistentziaren arazoetan dituen ondorioak ikusiko ditugu, eta, bukatzeko, antibiotikoekiko erresistentziari loturiko ingurumen-arriskua ebaluatzeko egungo metodologiak ezagutuko ditugu.

Kontaktua:

IKASTAROAREN ZUZENDARIA:

Itziar Alkorta Calvo doktorea

Biokimika eta Biologia Molekularra Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU.

Telefonoa: 620898424

E-maila: itzi.alkorta@ehu.eus

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.