Berotze globala 1,5ºC-ra mugatzeko erronka

Berotze globala 1,5°C-ra mugatzeko erronka”

Nazio Batuen Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) txosten berezi bat egin zuen beroketa globalaren efektuei buruz ohartarazteko eta planetaren batez besteko tenperatura 1,5°C-ra mugatzeko beharra azaltzeko. Txosten horren ondoren, Europako ikerketa-zentro nagusietako batzuek helburu hori lortzeko giltzarri zientifiko eta politikoak aztertuko dituzte Klima Aldaketari buruzko Udako Eskolaren 10. edizioan.  BC3k eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute, elkarlanean, Udako Eskola hori.

 

 

(Leioa, 2019ko uztailaren 5a) BC3k eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) antolatutako Klima Aldaketari buruzko Udako Eskola hiru eguneko ikastaro trinko bat da, nazioartekoa eta diziplina anitzekoa. Ikastaroaren helburua da klima-aldaketari buruzko ezagutza sakontzea eta ezagutza hori erabakitze-organo politikoetara eta gizarte-eragileengana helaraztea.

Udako Eskolaren 10. edizioaren izenburua “1,5°C-ko berotze globala: eraldaketa, egokitzapena eta arintzea” da, eta Ibon Galarragak (BC3) eta Alberto Ansuategik (EHU) zuzenduko dute. Klima-aldaketaren arloko adituak bilduko ditu Udako Eskolak, datozen uztailaren 8, 9 eta 10ean. Europako ikerketa-zentro nagusietako adituak bilduko dira (Yorkeko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ingurumen eta Teknologia Institutua, Norvegiako CICERO Klima Aldaketaren Ikerketa Zentroa, Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Hidraulikako Institutua edo London School of Economics), eta IPCCren txosten bereziarekin lotutako auzi garrantzitsuenak jorratuko dituzte.

1,5 °C-ko berotze globalari buruzko IPCCaren txosten berezia

 2015eko abenduan, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioan (UNFCCC), Pariseko akordioa sinatu zuten herrialdeek adostu zuten ezen tenperatura globalaren  igoerak 2°C-tik beherakoa izan behar zuela, industriaurreko tenperatura-mailarekin alderatuta, eta ahalegina egingo zela tenperatura-igoera 1,5 °C-ra mugatzeko. Alabaina, CO2-aren isurpenak murrizteko egungo konpromisoek aurrekaririk gabeko berotze globala aurreikusten dute 2100 urterako, gutxienez 3 °C-koa, eta horrek inflexio-elementu naturalak piztea eragin dezake, hala nola permafrost eremu handiak urtzea eta, beraz, munduko tenperatura are gehiago igotzea.

Hori dela eta, IPCCaren txosten bereziak zenbait bide deskribatzen ditu berotze globala 1,5°C-ra mugatzeko. Soluzio horiek martxan jartzeko, orain arte inoiz egin ez diren ahaleginak egin behar dira, 2030erako % 45 murriztu behar baitira berotegi-efektuko gasen emisioak, eta 30 urteko epean ia erabat baztertu beharko baita gas horien erabilera.

Udako Eskolaren 10. edizioa

BC3k eta EHUk klima-aldaketari buruz antolatutako lehen Udako Eskola 2010eko uztailean egin zen. Garai hartan, nazioarteko komunitatea akordio egoki baten bila zebilen, Kiotoko Protokoloaren jarraipen gisa, 2009an proposatutako Kopenhageko Akordio ez-loteslearen ondoren. Ordutik hona, Udako Eskolak gai sorta zabal bat jorratu du diziplina asko kontuan hartuz, eta gertutik jarraitu ditu klima-aldaketari buruzko nazioarteko negoziazioak. Aurreko edizioetan bezala, hamargarren edizio honetan ere mundu zientifiko eta akademikoko aditu ospetsu ugari bertaratuko dira, eta horrek aukera emango du sakontasunez eta  ikuspegi askotatik aztertzeko zer dioten klima egonkortzeari buruzko azken ikerlanek.

Udako Eskolaren 10. edizioaren lehen egunean trantsizio eta eraldaketa kontzeptuak jorratuko dira. Trantsizio eta eraldaketa horiek gure bizimodua aldatzea dakarte berekin, eta kontzeptuok klima egonkortzen nola laguntzen duten aztertuko da. Azken urteotan, geroz eta agerikoagoa da egungo ekoizpen- eta kontsumo-eredu eta -politikek planetaren muga ekologiko kritikoak gainditzera garamatzatela, eta, beraz, aldaketa handiak egin behar direla. Hala, trantsizio kontzeptua, batik bat energia, mugikortasuna eta beste azpisistema sozial batzuen aldaketak aztertzeko erabili izan da. Baina, berriki, asko zabaldu da eraldaketa kontzeptuaren erabilera. Kontzeptu hori eskala handiagoko aldaketa sozialekin lotuta dago, eta osagai sozial eta biofisikoen arteko elkarrekintza dakar berekin.

Bigarren egunean, hiri-inguruneetako egokitzapen-estrategiak landuko dira. Hiriak klima-politika ez-estatalen ardatz dira, eta komunitate zientifikoak geroz eta arreta handiagoa jartzen du klima-aldaketak hirietan izango duen eragina arintzearekin eta hirien egokitzapenarekin lotutako gaietan. Auzi horri buruzko adostasuna erabatekoa denez, ikuspegi berezi hori IPCCaren 6. Ebaluazio Txosteneko prozesu guztietan txertatuko da, eta 7. Ebaluazio Txostenak (2023-2028) Klima Aldaketari eta Hiriei buruzko txosten berezi bat ere izango du.

Azkenik, Udako Eskolako hirugarren eta azken egunaren ardatza hau izango da: munduko tenperaturaren igotzea 1,5°C-ra mugatzeko arintze-politika azeleratuen diseinua eta aplikazioa. Geroz eta ahots gehiagok eskatzen dituzte krisi klimatikoaren eragina arintzeko ekintza politikoak. Hirugarren saio horretan, ekintzailetza politikoak klima egonkortzeko behar dituen “tresna kita” eta “erabilera-eskuliburua” aurkeztuko dira.

 

Kontaktua: BC3, Estíbaliz Sanz. (estibaliz.sanz@bc3research.org), 675709754

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.