BC3 erreferentziazko zentroa da IPCCren azken txostenean (“Berotegi-efektuko gas nazionalen inbentarioen 2006ko gidalerroak fintzea 2019an”), María José Sanz eta Agustín del Prado doktoreen parte-hartzeari esker

“BC3 erreferentziazko zentroa da IPCCren azken txostenean (“Berotegi-efektuko gas nazionalen inbentarioen 2006ko gidalerroak fintzea 2019an”), María José Sanz eta Agustín del Prado doktoreen parte-hartzeari esker”

  • IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change) Nazio Batuek babestutako klima-aldaketaren gobernu arteko erakundea da, eta berotegi-efektua eragiten duten gasen inbentario nazionalak ebaluatzeko gidalerro berriei buruzko azken txostena argitaratu berri du.
  • María José Sanz BC3ko zuzendari zientifikoak eta Agustin del Prado zentroko ikertzaileak, hurrenez hurren, koordinatzaile eta egile nagusi gisa hartu dute parte txostenean, Nekazaritza, Lurren Erabilera eta Basogintzaren atalean.
  • IPCCren azken txosten berezi hau, “Berotegi-efektuko gas nazionalen inbentarioen 2006ko gidalerroak fintzea 2019an” izenekoa, IPCCren 49. osoko bilkuran onartu da (Kyoton egin da, Japonian, 2019ko maiatzaren 8tik 13ra).
  • Gidalerro eguneratu hauen bidez, herrialdeek kalkulatu ahal izango dute zenbat BEG aireratzen eta ezabatzen duten, metodo operatiboak erabiliz sektore guztietarako inbentarioetan (energia, prozesu industrialak, nekazaritza, lurren eta basoen erabilera, eta hondakinak), eta nazioarteko azken aurrerapen zientifiko eta teknologikoak bateratuz.

 

“Garrantzitsua da metodologia berria onartzea, emisioen kalkulu eta kontabilizazio gardenagoa egiten baita, eta hori oinarria da herrialdeen arteko konfiantza eta anbizioak handitzeko, Parisko 2015eko Hitzarmenean adostutako helburuetan aurrera egiteko”

María José Sanz, Scientific Director at BC3

Bilbon, 2019ko maiatzaren 13an

IPCCko berotegi-efektuko gasen inbentario nazionalen lantaldeak (TFI) egin du 2006ko inbentarioko gidalerroak berriro definitzeko txosten metodologiko berria. Txosten metodologiko berri horren azken dokumentua IPCCren 49. osoko bilkuran onartu dute —Kyoton egin dute, 2019ko maiatzean—.

Munduak BEGen emisioak murrizteko konpromisoa hartu du, klima-aldaketari aurre egiteko. Baina ezin dugu murriztu neurtu ezin duguna. BEGen zenbateko emisioak sortzen ari garen eta zein giza jarduerak sortzen dituzten jakin behar dugu, eraginkortasunez jokatu ahal izateko. Gida eguneratu honen bidez, herrialdeek kalkulatu ahal izango dute zenbat BEG aireratzen eta ezabatzen duten, gidak proposatutako metodoak erabiliz. Horretarako, kontuan hartuko da emisio horiek nondik datozen eta denborarekin nola handitzen edo murrizten diren. Izan ere, informazio zehatzagoa eta osoagoa izanda, klima-aldaketari aurre egiteko erabaki informatuagoak eta eraginkorragoak hartu ahal izango dira, eta klima-aldaketari aurre egiteko modu berritzaileagoak erabili.

IPCCren azken txosten horren helburua da herrialdeei laguntzea mundu mailan konfiantza sortzen, herrialdeen emisio-txosten nazionalak gardenagoak, koherenteagoak eta konparagarriagoak eginez. Izan ere, ezinbesteko oinarria da COP24 goi-bileran, Katowicen, Parisko Akordioaren baitan, hitzartutako gardentasun-esparrua martxan jartzeko.

Zentzu horretan, IPCCk onartutako azken dokumentu horretan proposatzen den metodologiak aukera ematen du emisioak zehatzago, gardenago eta erantzukizun handiagoz neurtzeko mundu osoan, herrialde bakoitzak egindako inbentarioaren hobekuntza kolektiboaren bidez. Metodologia estatu mailan erabiltzeko sortu da, baina eskualdean eta tokiko mailan ere erabil daiteke, eta baita kalkulu horiek behar dituzten alderdi anitzeko beste prozesu batzuetan ere. Lan honen helburu nagusia izan da herrialde guztietan eta egoera guztietan funtzionatuko duen gida bat sortzea, eta aldaketak proposatzen ditu orientazio orokorrean eta sektore hauetarako metodologietan: energia, industria-prozesuak eta produktuen erabilerak, nekazaritza, basogintza, lurzoruaren beste erabilera batzuk eta hondakinak.

Zehazki, BEGen emisioen kalkuluan aditu diren 280 zientzialari baino gehiagoren lanean oinarritu da gida berri hau, eta azken aurrerapen zientifiko eta teknologikoak bildu ditu. Gainera, arduradun politikoek eta nazioarteko esperientzia teknikoek ekarpenak egin dituzte, txostenaren zirriborroak berrikusteko prozesuaren bidez. Ikuspegi praktikoa txertatzea izan da helburua, metodologia berriaren aplikazioa errazteko.

María José Sanz doktore eta BC3ko zuzendari zientifikoak zuzenean parte hartu du Kyoton maiatzaren 8tik 13ra azken txostena onartzeko egindako saioetan. Azpimarratu duenez, “garrantzitsua da metodologia berria onartzea, emisioen kalkulu eta kontabilizazio gardenagoa egiten baita, eta hori oinarria da herrialdeen arteko konfiantza eta anbizioak handitzeko, Parisko 2015eko Hitzarmenean adostutako helburuetan aurrera egiteko”.

Bestalde, Agustín del Pardo doktoreak “azken 10-15 urteetako ebidentzia zientifikoaren arabera dagozkion metodologiak eguneratzeko egin den lan itzela” azpimarratu du. Txosten berri horrek hainbat aldaketa dakartza abeltzaintzatik datozen emisioak zenbatesteko metodologietan eta emisio-faktoreetan, eta, zalantzarik gabe, inbentario nazionaletan berotegi-efektua eragiten duten gasen kalkulu zehatzagoak egiten lagunduko dute.

IPCC-49ari buruz

IPCCren berrogeita bederatzigarren jardunaldiko saioak (IPCC-49) 2019ko maiatzaren 8tik 12ra egin dira, Kyotoko Konferentzien Nazioarteko Zentroan (Japonia). Saio honetako gai-zerrendako puntu nagusia izan da “Berotegi-efektuko gas nazionalen inbentarioen 2006ko gidalerroak fintzea 2019an” (2019ko Fintzea) txosten metodologikoa onartzea.

IPCCren txostenak hainbat etapatan idatzi eta berrikusten dira, eta, horrela, haien objektibotasuna eta gardentasuna bermatzen dira. Bestalde, oinarrizko informazio zientifikoa ematen diete gobernuei, maila guztietan, beren klima-arloko politikak garatzeko, zeinak funtsezkoak baitira klima-aldaketari aurre egiteko nazioarteko negoziazioetan.

IPCCren Ebaluazio Globalaren 49. Txostenari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi hemen.

María Jose Sanz doktoreari buruzko informazio gehiago:

María José Sanz (Valentzia 1963) Biologia Zientzietan doktorea eta lizentziaduna da, eta 2016tik BC3ko zuzendari zientifikoa. Eskarmentu handia du gai hauetan: karbonoaren zikloa, airearen kalitateak ekosistemetan duen eragina, klima-aldaketa arintzea emisio natural negatiboen bidez (hustubideak) eta berotegi-efektuko gasen inbentarioak. Baita klima-aldaketari buruzko alde anitzeko negoziazioetan ere. Aditua da lurreko ekosistemetako karbono-zikloan, eta 25 urtetik gorako esperientzia du alor horretan. Europako Batasuneko negoziatzaile izan zen 2000tik 2007ra bitartean, Espainiako ordezkaritzan. 2007tik 2011ra, Klima Aldaketaren Esparru Hitzarmenaren Idazkaritzako zuzendaritzako kidea izan zen eta, ondoren, 2012tik 2015era, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) UNREDD programaren koordinatzaile. 2001az geroztik IPCCko lantaldeko kidea da, eta ordutik argitaratu diren IPCCren inbentarioei buruzko txosten metodologiko guztietan parte hartu du egile eta editore gisa, bai eta 2007ko Laugarren Ebaluazio Txostenean ere.

Agustín del Prado doktoreari buruzko informazio gehiago

 Agustin del Prado (Barakaldo 1973) Biologia Zientzietan doktorea eta lizentziaduna da. Gaur egun Ramón y Cajal ikertzailea da, eta BC3ko nekazaritza-sektoreko modelizazio-taldeko burua ere bada 2009tik. Berotegi-efektuko gasak kalkulatzeko simulazio matematikoko ereduak garatzen aditua da, eta abeltzaintzan eta laborantzan klima-aldaketa arintzeko hainbat azterketa egin ditu. REMEDIA sarearen (2012-2017) sustatzaile nagusia eta presidentea da (nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan klima-aldaketaren aurkako borroka ikertzen duten Espainiako ikertzaileak biltzen ditu sare horrek). 2002tik 2009ra, Institute of Grassland and Environmental Researchen (Erresuma Batua) egin zuen lan nutrienteak modelizatzeko ikertzaile moduan.

*Zerbait behar izanez gero, jarri harremanetan BC3ko komunikazio-koordinatzaile Estíbaliz Sanzekin, helbide honetan:  estibaliz.sanz@bc3research.org,

tel.: +34 944 014 690/ Mug. 675709754

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





Financiado por el Ministerio de Ciencia Innovación y Universidades y la Agencia Estatal de Investigación,
a través de la Convocatoria: Maria de Maeztu 2017 (BOE 21/10/2017) siendo la referencia de nuestro expediente: MDM-2017-0714

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change. Excelencia María de Maeztu.


We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options. If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.

ACEPTAR
Aviso de cookies