Unai Pascual BC3ko Ikerbasque irakaslea da IPBESen “Biodibertsitatearen eta ekosistema-zerbitzuen ebaluazio globala” txostenaren egile nagusietako bat

IPBES

IPBES

“Unai Pascual BC3ko Ikerbasque irakaslea da IPBESen “Biodibertsitatearen eta ekosistema-zerbitzuen ebaluazio globala” txostenaren egile nagusietako bat

  • Nazio Batuek sustatutako mundu mailako foro zientifiko arau-emailea da IPBES (Intergovernmental Platform on Biodiversity and Ecosystem Services), eta biodibertsitatearen eta ekosistema-zerbitzuen ebaluazio globalari buruzko lehen txostena argitaratu du.
  • IPBESen Ebaluazio Orokorreko kudeaketa-batzordeko kide izan da Unai Pascual, eta txostenaren egile nagusietako bat ere bada; estatuko egile nagusi bakarra.
  • Mundu mailako ebaluazio honetan, lehen aldiz biltzen dira sistematikoki azken 50 urteetako ikerketa zientifikoa eta komunitate indigenen eta tokiko komunitateen ezagutza. Txostena osatzeko, 000 ikerketa hartu dira oinarri, eta nazioartean ospea duten 145 egile aritu dira.
  • Txostenak gaur egungo egoerari buruzko ikuspegi osatua ematen du, nazioarteko helburu garrantzitsuei dagokienez: Garapen Jasangarriko Helburuak, Dibertsitate Biologikorako Aichiko Helburuak eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Hitzarmena.
  • Ignacio Palomo BC3ko doktoratu ondoko ikertzaileak ere parte hartu du txostenean, ikertzaile gazteak prozesuan integratzea helburu duen trebakuntza-programaren bidez (Fellowship Programme).
“Gaur egun gizateriak duen arazo garrantzitsuenetako bat naturaren andeatze azkarra da —biodibertsitate- eta ekosistema-galerari dagokionez—, eta oso lotua dago klima-krisiak sortzen dituen erronkekin”

Unai Pascual, Ikerbasque Research Professor at BC3

Bilbon, 2019ko maiatzaren 6an

IPBES biodibertsitateari eta ekosistemen zerbitzuei buruzko gobernu arteko plataformaren arabera, gizateriaren historian inoiz ez bezala ari da andeatzen natura. Espezie-desagertzea azkartzen ari da, eta gizateriarentzat eragin kaltegarria du, gero eta nabariagoa. Txostenaren laburpena iragan astean onartu zen Parisen (apirilak 29 – maiatzak 4), IPBESen osoko bilkuraren zazpigarren saioan.

IPBESek 132 gobernu biltzen ditu, eta, ebaluazio global honen bidez, naturaren, biodibertsitatearen eta ekosistemen egoerari buruzko laburpen bat aurkezten du, bai eta gizakiaren ongizaterako egiten diren ekarpen material, ez-material eta erregulaziokoen laburpen bat ere. Mota honetako lehen txostena da 2005ean Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioa argitaratu zenetik, eta hainbat gobernuk parte hartu duten lehena da.

50 herrialdetako 145 adituk osatu dute txostena, eta orekatua izan da natura-zientzien eta giza zientzien ordezkaritzaren aldetik. Gainera, dibertsitate biologikoari eta ekosistemen zerbitzuei buruzko gobernu arteko plataforma zientifiko arau-emaileko (IPBES) beste 250 aditu laguntzailek ere parte hartu dute. Dibertsitate biologikoari eta ekosistemen zerbitzuei buruzko mundu mailako ebaluazio hau oinarria izango da politika hobeak formulatzeko eta hurrengo hamarkadetan ekintza eraginkorragoak martxan jartzeko.

Hiru urtean egin da ebaluazioa, eta 2,4 milioi dolar estatubatuar baino gehiagoko kostua izan du. 15.000 ikerketa ditu oinarri, eta, besteak beste, gobernuek emandako informazioa eta lan zientifikoak jasotzen ditu. Mundu osoko komunitate indigenen eta tokiko komunitateen ezagutzak, arazoak eta lehentasunak sistematikoki aztertzen eta kontuan hartzen dituen mundu mailako lehen ebaluazioa ere bada.

Txostenak gaur egungo egoerari buruzko ikuspegi osatua ematen du, nazioarteko helburu garrantzitsuei dagokienez: Garapen Jasangarriko Helburuak, Dibertsitate Biologikorako Aichiko helburuak eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Hitzarmena. Txostenak besteak beste aztertzen ditu naturan gertatzen diren aldaketen kausak —biodibertsitatearekin eta ekosistemekin lotuta—, pertsonengan dituzten ondorioak, datozen hiru hamarkadetarako aukerak eta politikak —oraingo joerekin jarraituz gero—, eta mundu mailako beste egoera posible batzuk.

Adituen asmoa da laburpen zehatz bat aurkeztea politikak gauzatzeko ardura dutenei, eta, laburpen horretan, funtsezko mezuen, aurkikuntzen eta txostenean ebaluatutako aukeren berri ematea.

BC3ko Ikerbasque irakasle Unai Pascualen esanean,  “gaur egun gizateriak duen arazo garrantzitsuenetako bat naturaren andeatze azkarra da —biodibertsitate- eta ekosistema-galerari dagokionez—, eta oso lotua dago klima-krisiak sortzen dituen erronkekin. Ezin diogu behar bezala erantzun gaur egungo klima-larrialdiari naturak giza ongizateari egiten dizkion ekarpenak kontuan hartzen ez baditugu. Klima-krisiaren erronka globala —gizakiarentzat funtsezkoa— ingurumen-larrialdi globalaren icebergaren punta da. Ezinbestekoa da naturaren degradazioa saihesteko neurriak lehenestea, klima-krisiari modu eraginkor eta bidezkoan aurre egin ahal izateko”.

IPBESen ebaluazio globalaren txostenari buruzko informazio gehiago, (hemen).

Unai Pascuali buruzko informazioa:

Unai Pascual (Gasteiz, 1973) doktorea da Ingurumen Ekonomian eta Politikan, Ikerbasque irakaslea da BC3 Basque Centre for Climate Changeko ekipo zientifikoan, eta ikertzaile seniorra Suitzako Bernako Unibertsitateko Garapen eta Ingurumen Zentroan. Lehenago, Cambridgeko Unibertsitateko (2003-2013) eta Manchesterreko Unibertsitateko (2001-2003) irakasle titularra izan zen. 2015etik 2018ra, IPBESeko Adituen Diziplina Anitzeko Batzordeko kide izan zen —nazioarteko 25 zientzialarik osatu zuten batzorde hura—. Batzordearen erantzukizunetako bat izan zen IPBESen Ebaluazio Globalaren Txostena egin duten 145 zientzialari nagusiak hautatzea. Era berean, Ebaluazio Globalaren Kudeaketa Batzordeko kide izan da, eta txostenaren egile nagusietako bat. 2018an, IPBESen 2018-2021eko Naturaren Balioen Ebaluazioko presidentekide izendatu zuten.

Ignacio Palomori buruzko informazioa:

Ignacio Palomo (Madril, 1980) doktorea da Ekologian, eta doktoratu ondoko ikertzailea BC3n. Fellowship Programme trebakuntza-programan parte hartu duten 16 ikertzaileetako bat da (programa horrek aukera ematen du ikertzaile gazteak txostena idazteko prozesuan sartzeko eta haien gaitasunak garatzeko). Gaur egun, IPBESen Naturaren Balioen gaineko Txosten Metodologikoaren egile nagusia da.

*Zerbait behar izanez gero, jarri harremanetan BC3ko komunikazio-arduradun Estíbaliz Sanzekin, helbide honetan: estibaliz.sanz@bc3research.org,

Tel. +34 944 014 690/ Mug. 675709754

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.