Prentsa Oharra: Alex Txikonek eta haren taldeak K2ra egingo duten espedizio berrian parte hartuko du BC3k

“Alex Txikonek eta haren taleak K2ra egingo duten espedizio berrian parte hartuko du BC3k”

BABELUR proiektuaren bidez parte hartuko du BC3k Alex Txikon mendizaleak K2ra igotzeko egingo duen WinterTopAppeal espedizioan. Espedizioak izango duen oihartzuna aprobetxatu nahi da berotze globalaren arazoa nabarmentzeko. Horretarako, BC3 buru duen proiektua eta beste ekimen aitzindari batzuk egingo dira; besteak beste, eguzki-panelak eta errota eolikoak erabiliko dira. Ekimen horien bidez, espedizioak ere klima-aldaketaren arazoekiko sentsibilitatez antolatu daitezkeela helarazi nahi da. Horrez gain, BALELUR diziplina anitzeko proiektuaren bidez, eskualdean klima-aldaketak izango dituen eraginak egiaztatzeko eta horien inguruan sentsibilizatzeko aukera egongo da. Horretarako, bi helburu lortu nahi dira.

  • Jakin nahi da zein diren Karakorum-eko glaziarretan eta mendirik altuenetan gertatzen ari diren azken klima-aldaketak, eta zenbatetsi nahi da zenbaterainokoa den gizakien eragina (eragin ‘antropogenikoa’) aldaketa horietan. Gainera, urrunetik eskualderaino garraiatutako karbono-beltzaren eta bestelako aerosolen presentzia atzeman nahi da, eta prezipitazio-historia berriena zenbatetsi, ur isotopoen bidez.
  • Sare sozialetan klima-aldaketari buruz egindako komunikazio-estrategien eraginkortasuna ebaluatu nahi da.

Horretarako, BC3ko ikertzaile bat joango da Alex Txikonen taldearekin batera, landa-lana egiteko, hots, neurketa geofisikoak egiteko eta elur- eta lur-laginak hartzeko altuera ezberdinetan.

Mendiak dira klima-aldaketaren eragin handiena pairatzen duten ekosistemetako bat. Hala ere, klima-aldaketak naturan dituen inpaktuak, naturak pertsonei egiten dizkien ekarpenak eta gizakien ongizatea ulertzeko asko falta da, batez ere, mendi-komunitate urrun eta zaurgarriei dagokienez. Mendi-eskualdetako klima-aldaketak aurpegi asko ditu, askotan muturrekoa da, eta hango komunitateek egokitzeko dituzten oztopoek areagotu egiten dute haren inpaktua. Aldi berean, mendiko turismoa erronka bihurtzen ari da inguru haietan, arazo berriak agertu baitira, zaborra botatzeko arazoak eta komunitateen identitate kulturalarentzako mehatxua, adibidez.

BALELUR proiektuak klima-zientziak tokiko glaziar-ekosistemen bilakaera nolakoa den jakiteko aukera ematen du. Zientzia eta mendizaletasuna bateratzen dituen espedizioak, gainera, altuera handitan elur-laginak hartzeko aukera ematen du eta, aldi berean, klima-aldaketari buruzko komunikazio-estrategiak probatzeko.

Glaziologia Karakorum-en, Baltoro glaziarrean eta K2n.

Karakorumeko anomalia deritzo udan mendilerro horretan gertatzen den ohiz kanpoko hozteari; Himalaiako gainerako eremuetan behatu ohi den berotzearen justu kontrakoa gertatzen da han. Uste da eskualdean dagoen zirkulazio-sistema atmosferiko aktibo berezi batengatik gertatzen dela hori (Forsythe et al. 2017). Klima-aldaketari lotutako fenomeno interesgarri hori hobeto ezagutzeko, hainbat azterketa proposatzen ditugu.

Proposatutako azterketak bi helburu nagusiren arabera sailka daitezke.

Elur-laginak hartzea K2n eta inguruetan

Jarduera honen egiteko nagusia da elur-laginak hartzea, laginen analisi kimikoa egiteko eta isotopoak, aerosolak eta karbono-beltza bilatzeko (azken hori da interesgarriena). Baltoro glaziarrean, K2ko baseko kanpalekuan eta K2ko tontorrean hartuko dira laginak. Analisi kimikoak mota horretako analisietan munduko liderrak diren laborategiekin lankidetzan egingo dira. 

Baltoro glaziarraren neurketa geofisikoak

Baltoro glaziarrean, geolokalizaziorako neurketak, erradiazio-neurketak eta neurketa geomorfologikoak egingo dira, aurreko azterketetako emaitzak eguneratzeko. 60 km baino gehiagoko luzera duen Baltoro glaziarra munduko haran-glaziar handienetako bat da, eta hainbat azterketa egin dira bertan. Hondakinez estalitako glaziarra da, eta, beraz, hondakinen propietateen mende dago bere masa-oreka (izotzaren galera/irabazia). Izotzaren eta hondakinen arteko elkarrekintzak aztertzeko asmoa dugu, glaziar horrek klima-aldaketarekiko duen sentikortasuna hobeto ulertzeko.

Mendizaleen eta zientzialarien arteko lankidetza ezinbestekoa da elur-laginak altuera handitan hartzeko eta klima-aldaketa globalak toki horietan duen inpaktua ezagutzeko. Proiektu honi esker, klima-aldaketaren arrazoiak eta halako ekosistema zaurgarrietan dituen ondorioak hobeto ezagutzen lagundu nahi du BC3k.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.