Lehendakariak BCAM, BC3 eta BCBL BERC-etako arduradunei egin die harrera, beren X. urteurrena dela eta


  • BERCek, bikaintasuneko ikerketa-zentroek, zenbait zientzia-eremutan lan egiten dute, 2008an Hezkuntza Sailak abiarazi zituenetik
    • BC3k klima-aldaketaren ingurumenaren, gizarte- eta ekonomia-arloaren eta etikaren dimentsioak ikertzen ditu
    • BCAMek biozientzien, fabrikazio aurreratuaren eta energiaren eremuei aplikatutako matematikari buruz ikertzen du
    • BCBL-k kognizioari, garunari eta hizkuntzari buruz ikertzen du
  • 300 zientzialari inguruk 3 ikerketa-zentro horietan egiten dute lan; zentro horiek Estatuko bikaintasuneko bereizgarririk gorena eskuratu dute ikerketan
  • 3 zentro horien lehen hamarkadan, horietako ikertzaileen partaidetza izan duten ikerketa-proiektuen bidez, Euskadirako 48 milioi euroko funtsen itzulera lortu da, eta, ondorioz, 1.700 argitalpen baino gehiago izan dira nazioartean ezagunak diren zientzia-aldizkarietan.
  • Hezkuntza Sailak 14,6 milioi eurorekin finantzatzen du 3 zentroren ikerketa, 2018-2021 aldian

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, BC3, BCAM eta BCBL BERCeko 3 ikerketa-zentroetako zientzia-zuzendariei egin die harrera –Maria Jose Sanz, Luis Vega eta Manuel Carreiras, hurrenez hurren-; hiru zentro hauek 10 urte bete dituzte, 2008an sortu zirenetik. Topaketan, BERCetako arduradunek Lehendakariari beren zientzia-lanaren ibilbidearen berri eman diote, bai eta gaur egun aurrez aurre dituzten erronka nagusien berri ere.

Eusko Jaurlaritzak, 2007an, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa sortu zuen, Euskadin zientzia-ikerketa sustatzeko. Helburu horrekin, Ikerbasquek ikertzaileak erakartzeko nazioarteko programak jarri zituen abian, eta, era berean, Euskadirako arlo estrategikoetan BERC bikaintasuneko ikerketa-zentro berriak sortzea sustatu zuen. Lan horren ondorioz, 2008an hiru ikerketa-zentro berri eratu ziren, eta BERCen (Basque Excellence Research Centers) sarean sartu ziren; aurten, hamargarren urteurrena bete dute.

Hamarkada honetan, 3 ikerketa-zentro horiek erreferentzia gisa finkatu dira euskal zientzia-sisteman, eta, Estatu mailan, bikaintasuneko zentroen aitorpena eskuratu dute. 20 herrialdetako 300 zientzialari inguruk 3 ikerketa-zentro horietan egiten dute lan; zientzialari horien partaidetza izan duten ikerketa-proiektuen bidez Euskadirako 48 milioi euroko funtsen itzulera lortu dute, eta, ondorioz, 1.700 argitalpen baino gehiago izan dira nazioartean ezagunak diren zientzia-aldizkarietan.

BC3 – Basque Center for Climate Change zentroak klima-aldaketaren kausen eta ondorioen inguruan ikertzen du, eta diziplina anitzeko ezagutza sortzen du, klima-aldaketaren ingurumenaren, gizarte- eta ekonomia-arloaren eta etikaren dimentsioak jaso dituzten erabakiak hartzeko bide emateko. Mª Jose Sanz Ikerbasqueko ikertzailea 12 nazionalitatetako 51 ikertzaileren taldeko buru da. 10 urteotan, BC3k 10 milioi euroren itzulera lortu du, Estatuko eta nazioarteko finantzaketa-iturrietatik. 2017an, BC3ren finantzaketa osoaren % 40 baino gehiago Europako Batzordetik eta nazioarteko beste iturri batzuetatik etorri zen.

2018an, BC3k Maria de Maeztu bikaintasun-zentro gisa jaso du aitorpena, Estatu-mailan, eta, 2016an, klima-aldaketaren politikaren eta ekonomiaren eremuan munduko bigarren Think Tank eraginkorrenaren aintzatespena jaso zuen, lehenengoa Europa-mailan. BC3k, normalean, zenbait erakunderen zientzia-lanean laguntzen du, besteak beste, IPCC eta IPBES erakundeen lanean; horiek mundu-mailako erreferentzia nagusiak dira. Halaber, nazioarteko erakundeei (WHO, FAO, WRI, WB, UNEP), estatu-mailakoei (Oficina Española de Cambio Climático, etab.) eta euskal eremukoei (Ihobe, Eusko Jaurlaritza edo Ararteko) ematen die aholkularitza. BC3ko taldeak, gainera, zientzia-ekarpen handia egin du, inpaktu handiko aldizkarietan (Nature, Science, PlosOne, Lancet, PNAS, etab.) egin dituen argitalpenen eta mundu-mailan oso aintzatetsiak diren zentro eta unibertsitateekin eginiko lankidetzaren bidez.

BCAM – Basque Center for Applied Mathematics diziplina anitzeko ikerketa-zentroa da; Bilbon dago eta matematika aplikatuaren eremuan egiten du lan. BCAMek, gaur egun, 25 herrialdetako 90 ikertzaile baino gehiago ditu; ikertzaileek hainbat eremutan ikertzen dute, besteak beste, naturaren zientziak arautzen dituzten funtsezko ekuazioak, datuen zientzia eta machine learning-a (adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren aplikazioetarako oinarria), berezitasunen azterlana ikuspuntu geometrikotik eta matematika konputazionaletik. BCAMek beste erronka garrantzitsu bati ere heltzen dio: bikaintasuneko ikerketa honen emaitzak zientziaren, teknologien, industrien eta osasun-eremuaren arloko beste eragile batzuei eta gizarteari transferi dakizkien sustatzea eta, horretarako, eredu matematikoak eraikitzea eta, ondoren, hiru eremutan simulatzea, alegia, energian, fabrikazio aurreratuan eta biozientzietan.

Luis Vega UPV/EHUko katedraduna da Euskadin bigarren urtez Estatu-mailan Severo Ochoa bikaintasun-zentroaren aintzatespena jaso duen lehen ikerketa-zentroko buru. BCAMk, sortu zenetik, 13 milioi euroko itzulera lortu du, bai eta bere egoitzerako inbertsioa, nazioarteko bikaintasuneko zenbait proiektu eta zientzia-ekoizpena ere, eta, horien bidez, erreferentziazko bilakatu da nazioarte-mailan dagokion eremuan, eta ERCOM – Matematikako Ikerketako Europako Zentroen Sareko kide hautatu dute.

BCBL – Basque Center for Cognition, Brain and Language ikerketa-zentroa Donostian dago, eta hizkuntzaren eta garunaren arteko harremana ikertzen du. Ikerketa horren bidez, hizkuntza geureganatzean, ulertzean eta ekoiztean tartean diren mekanismo neurokognitiboak argitu nahi dira, enfasi berezia jarrita elebitasunean eta eleaniztasunean. Manuel Carreiras Ikerbasqueko ikertzailea da ikerketa-zentro honen buru, eta Europako zientzia-ekipamendu aurreratuenak ditu neurozientzian eta 27 herrialdeko 76 zientzilariren talentua. BCBLk, era berean, Estatu-mailan Severo Ochoa bikaintasun-zentroaren aintzatespena jaso du. 10 urteotan, BCBLk 25 milioi euroko itzulera lortu du, Estatuko eta nazioarteko finantzaketa-iturrietatik.

UPV/EHUk 3 zentro horietan parte hartzen du, zientziaren euskal sistemako eragileen artean elkarlaneko ikerketa sustatuz. Ikerbasquerekin eta UPV/EHUrekin batera beste erakunde batzuek ere parte hartzen dute bazkide gisa ikerketa-zentro horietan: Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Innobasque, IHOBE.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zentro horien zientzia-jarduera finantzatzen du, BERC programaren bidez; horren bitartez, 14,6 milioi euro bideratuko dira 2018-2021 laurteko honetan 3 ikerketa-zentro horietara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





Financiado por el Ministerio de Ciencia Innovación y Universidades y la Agencia Estatal de Investigación,
a través de la Convocatoria: Maria de Maeztu 2017 (BOE 21/10/2017) siendo la referencia de nuestro expediente: MDM-2017-0714

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change. Excelencia María de Maeztu.


We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options. If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.

ACEPTAR
Aviso de cookies