BC3 Prentsa oharra: Unai Pascualek zuzenduko du eta naturak giza-ongizatean dituen baloreak aztertzeko IPBES-en egingo den ikerketa

“Unai Pascualek zuzenduko du eta naturak giza-ongizatean dituen baloreak aztertzeko IPBES-en egingo den ikerketa”

  • Euskal ikertzaileak IPBESen parte hartuko du nazioarte mailan garatuko den ikerketako presidentekide modura, naturaren ekarpenek giza-ongizatean dituzten askotariko baloreak ikertzeko.
  • Hiru urtez, nazioarteko 150 ikertzaile adituren lana zuzenduko du eta IPBESen parte hartzen duten 130 gobernuen aurrean aurkeztuko du bere lana.
  • IPBESren ebaluazio nagusietako baten presidentzia eskuratuta, euskal ikertzaileak azken hamarkadatan ekonomia ekologikoaren esparruan egin duen mundu mailako ekarpena aintzatetsi egiten da.

 

Unai Pascual – Ikerbasque Professor BC3n

Bilbo, 2018ko abuztuak 3

Unai Pascual (Gasteiz 1973) naturaren baloreetako IPBES-ren ebaluazioko presidentekide izendatu berri dute. IPBES 2012. urtean sortu zen, Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta, eta bere zeregina da politika publikoen ardura duten erakundeei eskaintzea ebidentzia zientifikoak, askotariko ezagutzak, lan tresnak eta bestelako metodoak, planetako naturaren egoera hobetzeko, babesteko eta baliabide naturalak era jasangarri batez erabiltzeko, gaur egungo eta etorkizuneko gizarteen iraupenerako giltzarri baitira.

Posizio berri horretatik, Unai Pascual euskal ikertzaileak munduko 150 bat adituren lana zuzenduko du. Ebaluazio-talde honen egitekoa izango da bioaniztasunaren eta ekosistemen zerbitzuek eskaintzen dituzten askotariko baloreak ikertzea, horren bidez ulertu ahal izango baitugu naturak gizabanakoei zein herri eta eskualderen garapen ekonomiko eta sozialari egiten dizkien diziplinarteko ekarpenak. Lan honen emaitza oso baliotsua izango da politika publikoak bideratzeko, naturaren baliabideak era jasangarriago batez erabiltzeko harreman-ereduak sortzeko.

Unai Pascual BC3 (Basque Centre for Climate Change) zentroko talde zientifikoko kidea da,  eta horrez gain, Ikerbasque irakaslea eta Ikertzaile Elkartu Seniorra CDE, Garapen eta Ingurumeneko Zentroan, Suizako Berna Unibertsitatean.

2015 eta 2018 urteen artean Unai Pascual IPBES erakundeko Diziplinarteko Adituen Batzordeko kidea izan da, prestigio handiko beste 25 ikertzailerekin batera.

Unai Pascualen izendapena Frankfurten eman da ezagutzera, bertan egiten ari baita IPBESren “Bioaniztasunaren eta Ekosistemen Zerbitzuen munduko Ebaluazioa” txostena onartzeko bilera, 50 bat herrietako puntako 150 ikertzailerekin. Ikerketa hau hamarkada honetan egin den zehatzena da bioaniztasun globalaren egoera eta naturak pertsonengan egiten dituen ekarpenak analizatzeko. Behin-betiko emaitza Parisen emango da ezagutzera 2019ko maiatzean egingo den zazpigarren Osoko Biltzarrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.