BC3 prentsa oharra: Nekazaritzaren intentsifikazioa ez da garapen iraunkorraren sinonimoa

“Nekazaritzaren intentsifikazioa ez da garapen iraunkorraren sinonimoa”

Erreferentzia

Rasmussen, L., Coolsaet, B., Martin, A., Mertz, O., Pascual, U., Corbera, E., Dawson, N., Fisher, J., Franks, P., Ryan, C. Social-ecological outcomes of agricultural intensification. Nature Sustainability 1. In press. DOI: 10.1038/s41893-018-0070-8

Link to publication

  • BC3 zentroari atxikitako Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzailearen ikerketa berri baten arabera, lurrean nekazaritza helburuetarako jarduerak areagotzeak era askotako eraginak ditu ingurumenean nahiz gizakien ongizatean garatzeko bidean dauden herrialdeetan.
  • Ikerlanaren emaitzek iradoki dutenez, arduradun politikoek gizarte eta ingurumen arloetako ondorioei buruzko aurreikuspen positiboak moderatu behar dituzte, nekazaritza areagotzeko egungo patroietatik abiatuta Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) bete ahal izateko.
  • Ikerketa munduko argitalpenik ospetsuenetakoa den “Nature” aldizkari zientifikoko “Nature Sustainability” atalean plazaratu da.

Bilbon, 2018ko ekainaren 14an – Nekazaritzaren intentsifikazio iraunkorra giltzarrizko estrategiatzat jotzen da ikuspuntu politikotik nahiz zientifikotik, Garapen Iraunkorreko Helburuetan (GIH) eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioan bildutako gizarte eta ingurumen arloetako konpromisoak bete ahal izateko; hala nola, gosea bukatzea edota ekosistemen bioaniztasuna eta zerbitzuak babestea. Hala ere, nekazaritzaren intentsifikazioak gizarte eta ingurumen arloetako ondorio positiboak dakartzala bermatzen duen ebidentzia mugatua da.

Ezagutzaren eten honi aurre egin nahian, Unai Pascualek, Erresuma Batua, Danimarka, Espainia eta Frantziako ikertzaileekin batera, azterlan zientifikoen berrikuspena egin du nekazaritzaren intentsifikazioak gizakien nahiz ingurumenaren ongizatean dituen eraginak arakatzeko asmoz.

Ikerlana Nature Sustainability aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta ikerketa taldeak bertan frogatu duenez, nekazaritzaren intentsifikazioa ezin da tresna bakartzat jo gizarte eta ingurumen arloetako helburuei dagozkien ondorio positiboak lortzeko. Aitzitik, haien iritziz, nekazaritzaren intentsifikazioak -nekazaritzako lurren produktibitatea edo errentagarritasuna areagotzeko jarduerak- oso gutxitan lortzen ditu ondorio positiboak gizakien edo ekosistemen ongizatean.

Nekazaritzaren intentsifikazioak garapen iraunkorrean lagun dezakeen itxaropena handia izan arren, ikerketa honek argi utzi du baieztapen hori bermatzeko moduko ebidentziak oso ikerketa zientifiko gutxitan bilduta daudela, eta areago, gizartearen nahiz ikusmenaren ikuspegitik “denak irabazle ateratzen diren” kasuetan ez dela egoten ekosistemen gaineko epe luzeko efektuei buruzko ebidentziarik; adibidez, ibaietako fluxu hidrologikoen erregulazioa edota lurzoruko nutrienteen zikloa, ezinbestekoak baitira nekazaritzaren iraunkortasunerako.

BC3 zentroari atxikitako Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzailearen esanetan, “garatzeko bidean dauden herrialde gehienetan gertatzen ari den biztanleriaren hazkundea eta urbanizatze-prozesu azkarraren ondorioz, gero eta txikiagoa da elikagaiak ekoizten dituzten pertsonen portzentajea, eta honek oso egoera korapilatsua sortuko du herrialde horietan. Horrexeri lotuta, garatzeko bidean dauden herrialde asko nekazaritzaren intentsifikazioaz baliatuko dira elikadura-segurtasunari dagozkion helburuak lortzen saiatzeko.

Arazoa hauxe da: nekazaritzaren intentsifikazioa kaltegarria izan daiteke ingurumenarentzat, eta horrek epe luzera ondorio negatiboak izan ditzake nekazaritzaren gainean. Hauxe da azken hamarkadetan barra-barra ikusi dugun patroia.

Horrekin batera argi utzi dugu, oro har, ingurumena ez dela nekazaritzaren intentsifikazioaren ondorioz degradatzen ari den gauza bakarra; kasu askotan, tokian tokiko nekazariek ere ondorio negatiboak jasan behar dituzte ongizateari dagokionez”.

Ikerketan bildutako beste ondorio baten arabera, nekazaritzaren intentsifikazioak giza-ongizatean eragindako inpaktuen banaketa aldakorra da, eta normalean egoera ekonomikorik onenean daudenen mesedekoa. Horrela, Bangladeshen egindako ikerketa batek frogatu zuenez, ganben ekoizpenean izandako hazkunde azkarrak mozkin handiak ekarri zizkien ekoizpen-bitartekoak baliatzeko aukera handiagoak zituzten inbertsiogile handiei, eta behartsuenei ohiko bizibideak kaltetu zizkieten ingurumen arloko ondorio negatiboak egotzi zizkieten.

Unai Pascualek dioenez, “ebidentzia zientifiko eskuragarriaren arabera, arduradun politikoek gizarte eta ingurumen arloetako ondorioei buruzko aurreikuspenak moderatu behar dituzte, nekazaritza areagotzeko egungo patroietatik abiatuta Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) bete ahal izateko”. Azkenik, zera ziurtatu du: “munduko herrialde askotan aztertutako tokian tokiko kasuetatik abiatuta lortu den ebidentzia enpiriko eskuragarrian oinarritutako ikerketa-mota honek, aukera ederra ematen digu, nekazaritzari lotutako pertsonen ongizatean nahiz ekosistemetan eta ingurumen osoan lur-erabileraren intentsifikazioak eragiten dituen inpaktuak hobeto ulertu ahal izateko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.