Dr.Agustin del Prado, BC3 ko ikerlariak Berria" />

Berria egunkaria: “Nitrogenoz gainezka”


Dr.Agustin del Prado, BC3 ko ikerlariak Berria egunkariari eskeinitako elkarrizketa jarraian (2016-02-07)

Osasunean, ingurumenean eta klima aldaketan eragin kaltegarriak ditu gizakiak sorrarazitako nitrogeno erreaktiboak. Ikerketa batek arazoaren tamaina mahai gainean jarri du.

Gizakiak sorrarazitako karbonoa jotzen da klima aldaketaren erantzule nagusitzat, eta horren eragina zenbatu ahal izateko karbono aztarna kontzeptua ere eguneroko hizkeran sartu da. Erakunde edo gizabanako bakoitzak bere jardueraren ondorioz isurtzen duen karbono kopurua kalkulatzen da horrela. Hain ezaguna ez bada ere, nitrogenoak klima aldaketan, osasunean eta ingurumenean eragin handia du, eta, hortaz, bere aztarna kalkulatzea ere badago.

Atmosferaren %78 betetzen du elementu horrek, baina egoera horretan dagoenean oso egonkorra da. Oxigenoarekin batzen denean, ordea, nitrogeno erreaktiboa bilakatzen da, baina hor ere ez dago arazorik. BC3 Basque Centre for Climate Change institutuko Agustin del Prado biologoak azaldu duenez, bizitzarako behar-beharrezkoa da nitrogeno mota hori, landareek hazteko eta proteinak sortzeko erabiltzen dutelako. «Hala ere, ongarri sintetikoak asmatu zirenetik, landareek aprobetxatu ezin duten kopuru bat ingurumenera isurtzen da».

Arazoa, beraz, nitrogenoaren eta nitrogeno erreaktiboaren arteko oreka galtzen denean sortzen da. Eta, kasu horretan ere, adituek ohartarazten dutenaren arabera, giza jardueraren ondorioz oreka hori aldatzen ari da. Orain zientzialariek datu gehiago dituzte mahai gainean. Nature Geoscience aldizkarian hilabete honetan argitaratu den ikerketa batek neurtu du lehen aldiz nitrogenoari lotutako datu sorta bat mundu osoan. 2010eko datuak hartuta, 189 milioi tona inguru isuri ziren mundu osoan. Horietatik 161 milioi tona industriari dagozkie, eta 28 milioi tona, berriz, kontsumitzaileei. Txina, India, Ameriketako Estatu Batuak eta Brasil dira nitrogeno honen %46aren erantzuleak.

Bereziki, garatzeko bidean diren herrialdeek egiten dituzte nitrogeno isuri gehienak, baina herrialde aberatsen eskaria betetzeko egiten dute. Luxenburgo, Hong Kong eta antzeko herrialdeetan, esaterako, biztanleko 100 kiloko isuria izaten da urtero, eta Papua Ginea Berrian, Boli Kostan edo Liberian, berriz, 7 kilo baino ez.

«Gizarteak kezka handiagoa agertu beharko luke nitrogeno erreaktiboak eragiten dituen kalteen harira», adierazi du Sydneyko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile Arunima Malikek. Ikerketan parte hartu duen zientzialari hori iraunkortasunari loturiko gaietan aditua da.

Ongarri sintetikoak

Analisian, 188 herrialde eta 15.000 ondasun aztertu dituzte. Guztira 5.000 milioi horniketa-kate kontuan hartu dituzte. Kezka nagusia ingurumenean eta giza osasunean izaten diren ondorioen aldetik dator. «Airearen eta uraren kutsadura, klima aldaketa eta euri azidoa eragiten ditu nitrogenoak. Bereziki ongarrietan erabiltzen diren nitratoek lur azpiko urak kutsa ditzakete. Era horretan, ur hori giza kontsumorako desegokia bilakatzen da. Soroek asko sufritzen dute nitrato erreaktibo horren isuria dela-eta, eta zenbaitetan iturriko ura edatea ez da segurua. Horrek behartzen ditu eremu horietako biztanleak botilaratutako ura erostera».

«Populazioak gora egin ahala, gero eta nitrogeno sintetiko gehiago sortzen dugu ongarri gisa erabiltzeko», azpimarratu du Malikek. Nekazaritza, garraioa eta energiaren ekoizpena dira nitrogeno erreaktiboaren iturri nagusiak. Zehazki, animalia produktuen kontsumo handia, prozesatutako janariak eta energia asko xahutzen duten kontsumo-ondasunak dira emisio gehien sortzen dutenak.

Karbono isuriei buruz hitz egiten den modu berean, nitrogeno isuriei buruz ere mintzatzen hasi beharko litzatekeela uste du Malikik. «Nazioarteko hitzarmenak ezarri beharko lirateke nitrogenoa sortzen duten ondasunen garraioa kontrolatzeko. Ekoizleak eta kontsumitzaileak bere gain hartuko dituzten politikak, alegia». Isurien erantzukizuna nitrogenoari lotutako ondasuna sortzen duen herrialdearen eta produktua kontsumitzen duen herrialdearen artean banatzearen alde azaldu da aditua.

Agustin del Pradoren arabera, badago aukera nitrogeno aztarna gutxitzeko. Nekazaritzan erabiltzen diren ongarri sintetikoak modu eraginkorragoan erabiltzearen alde agertu da.

«Nekazariek ere dirua aurreztuko lukete horrela». Abeltzaintzari dagokionez, abereek elikaduran jasotzen duten proteina kopurua gehiegizkoa dela uste du adituak. «Kopuru hori %1 gutxituta ere emisioak asko jaitsiko lirateke». Zaborretara botatzen diren elikagaiei erreparatu die Del Pradok. «Sortzen diren produktuen %40 ez dira jaten. Ikaragarria da zifra». Elikagai horiek janda ere, gizakiak nitrogeno horren zati bat ez du aprobetxatzen, eta komunetik hondakin-uretara heltzen da. Hor ere egoera hobetzeko aldea ikusten du adituak. «Nitrogeno hori araztegietan berreskuratzeko teknologia eskura dago, baina oraingoz ez da egiten».

20160208_Berria_AgustindP.PG_II

Ikusi elkarrizketa hemen: Iturria, Berria egunkaria (2016-02-07)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.