Argia aldizkaria: “Klimaren Parisko Hitzarmena: AEB eta hidrokarburo ekoizleak garaile”


20160216_argia_Unaipascual

Prof. Unai Pascual, Bc3ko ikerlaria Argia aldizkariarekin mantendutako solasaldia COP21 klima aldaketaren gailurraren gainean.

Atalak: Klima aldaketa

“Parisko Hitzarmenak ez du planeta salbatuko baina klima aldaketaren aurkako gurpila hasi da biratzen, eta ez da gutxi”. Txio batean idatzitako hitz horien bidez laburbildu du Unai Pascual BC3ko ikerlariak COP21 klimaren gailurra. Akordioaren behin betiko testua aurkeztu dute jada Parisen; berrespenerako epea 2016ko apirilean zabalduko da.

“Oso espektatiba onekin hasi zen gailurra”, azaldu digu Pascualek, “baina laugarren egunean AEBek garbi esan zuen ezin zuela sinatu ‘lotesle’ hitza zuen akordio bat, bere Senatuak ez zuelako onartuko”. AEBen betoa realpolitik dosi ederra izan zen, batez ere gailurra hasi aurretik bertan adostutako akordioa loteslea izango zela aldarrikatzen zuten EBrentzat eta herrialde pobreentzat.

Gardentasuna, alde positiboetako bat

Halere lotesletzat aurkeztu dute Parisko Hitzarmena, hala izango direlako zati batzuk. “Gardentasunari dagokiona da loteslea”, dio Pascualek; “batetik, denek sistema bera erabili beharko dute gas emisioen zenbaketa egiteko, bestela tranpak egiteko aukera asko dago, eta adibidez Txinari horixe leporatu izan zaio; bestetik, herrialde guztiek edukiko dute aukera besteak zertan ari diren hurbiletik jarraitzeko”.

Izan ere, eta AEBen betoak eragindako egonezina orekatzeko-edo, COP21en hurrengo urratsa aldizkako berrikuskapenak egiteko beharra ezartzea izan zen. Zehazki, estatu bakoitzak gutxienez bost urtero aurkeztu beharko ditu bere emisio planak –ingelesezko INDC siglez ezagunak–, beti ere aurrekoa zorroztuz.

Akordioaren ahuldade nagusia da ezerk ez duela behartzen INDC horiek betetzera. Hori da AEBen garaipen nagusia, klima aldaketak herrialde pobreenetan eragindako kalte konponezinak ordaintzeko beharra esplizituki adierazi ez izanarekin batera. Parisko Hitzarmenak, besterik gabe, kalte horiek arintzeko beharra aitortzen du, eta geroko uzten du arazoari aurre egiteko mekanismoen garapena.

Akordioaren alderdirik positiboena, beharbada, bigarren artikuluan aipatzen den helburu nagusia da: Lurreko batez besteko tenperaturaren igoera, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta, bi gradutik behera egon dadila nabarmen, eta ahaleginak egin daitezela 1,5 ºC-an gelditzeko. Testuari azken orduan gehitu zaio formulazio hori –hasiera batean, helburua bi graduak ez gainditzea izan behar zen, gradu eta erdiaren xedea desiragarriagoa zela onartuz–, eta horrek poza eragin du hainbat sektoretan, klima aztertzen duten zientzialari askorengan berbarako. Greenpeacek ere txalotu du hitzarmenaren berridazketa hori.
COP21en presidentzia-mahaiko kideak, akordioa ospatzen.

COP21en presidentzia-mahaiko kideak, akordioa ospatzen.

Emisioen gailurra, “ahalik eta lasterren”

Arazoa da NBEko kideek 2015ean zehar aurkeztu dituzten INDCak kontuan hartuta –gutxi batzuek ez dute egin oraindik– hiru gradu inguruko beroketa globalerantz goazela. Hitzarmenaren atariko testuan onartzen da hori horrela dela, baina artikuluek dioten bakarra da estatu bakoitza “ahalik eta lasterren” iritsi beharko dela bere berotegi efektuko gas igorpenen gailurrera, garapen bidean daudenek epe zabalagoa beharko luketela onartuz.

2050eko epea ezarri da –urtea zehazki aipatu gabe, halere–, “neutraltasun klimatikora” iristeko. Hau da, gizakiak isuritako gasaren eta karbono xurgatzaileek –basoek batez ere– eta balizko konponbide teknologikoek atmosferatik kendutakoaren arteko orekara. Artikulu horren formulazioa petrolio ekoizleen presioaren ondoriozkoa da, haiek ez baitzuten inola ere onartu nahi “deskarbonizazio” terminoa hitzarmenean aipatzea. Testuaren beste itzal handi bat da hori. Gainera, hegazkinek eta itsaso bidezko nabigazioak eragindako emisioak ez dira kontabilizatuko –hala izan da orain arte ere–, datozen hamarkadetan izugarri handituko direla aurreikusita dagoen arren.

“Petrolioa [ustiatzea] merkea den bitartean, daukaten herrialdeek ez dute lurpean utziko”, iritzi dio Unai Pascualek. “Nork aginduko dio nori hala egiteko, zientzialariek ezinbestekotzat joko balute ere? Ez dago horretarako mekanismorik”.

Ekologisten erreakzioa

COP21en Parisko Hitzarmenaren behin betiko bertsioa aurkezten zuten bitartean, milaka lagun mobilizatu dira Frantziako hiriburuko karriketan, talde ekologistek eta altermundialistek deituta, klima aldaketari benetako soluzioak ematearen eta eredu aldaketaren alde. Bertatik igorritako balorazioan, Greenpeace itxaropentsu agertu da, hitzarmenak agertutako helburuen eta proposatutako mekanismoen arteko desoreka sumatu arren. “Hitzarmen honek ez gaitu zulotik aterako, baina aurrerantzean bidea ez da hain malkartsua izango”.

“Beroketaren langa 1,5 º C-an ezartzeak eta 2050ean gas emisio garbiak zerora jaisteko asmoak egonezina eragingo du ikatz sektoreko administrazio kontseiluetan eta petrolio esportatzaileen jauregietan”, adierazi du Greenpeacek, “hala ere, orain arte proposatutako emisio helburuak ez dira nahikoak, eta akordioak ez du ezer egiten hori konpontzeko”.

Friends Of the Earth ezkorragoa da, baita Ekologistak Martxan ere: “Herritarren aurrean entzungorra den akordio etsigarria” izenburua du bigarrenak Parisetik igorritako prentsa oharrak. “Aukera galdu da energia berriztagarrietan oinarritutako eredu aldaketari nazioarteko izaera emateko eta indartzeko”. Eredu horrek, elkartearen esanetan, erregai fosilen %80 lurpean mantentzea ekarri beharko luke. “Horren ordez klimaren merkantilizazioa eta irtenbide faltsuak kontsakratu dituzte”.

Estatuen konpromisoen lehen berrikuspena –2023rako ezarri du akordioak– berandu helduko dela uste du Ekologistak Martxanek, “1,5 ºC-ko beroketatik hurbilegi egon gaitezke ordurako”. Bestalde, herrialde garatuek garatu gabekoei eman beharreko finantzazioa –bai emisioak murrizteko bai klima aldaketaren inpaktuetara egokitzen laguntzeko– bermerik gabe geratu dela salatu dute, Hitzarmenak ez baitu zehazten, eta etorkizuneko gailur batek hartu beharreko erabaki baten menpe utzi baita. “Horrek ahalbidetzen du noizbait atzerapausoa egin ahal izatea”.

Prozedura hemendik aurrera

Parisko Hitzarmenak berak ezartzen ditu hemendik aurrerako urratsak. 2016ko apirilaren 22tik 2017ko apirilaren 21era bitartean, estatuek testua sinatzeko aukera edukiko dute NBEren egoitza nagusian, New Yorken. Gutxienez COPeko 55 kidek sinatu eta hilabetera sartuko da hitzarmena indarrean. Baldintza da sinatzaileak negutegi efektuko gas emisioen %55en erantzuleak izan behar direla gutxienez.

Ez du ematen tramite hori betetzeko arazorik egongo denik, isurle handienek beren neurriko akordioa lortu dute eta.

20160216_argia_Unaipascual_II

Elkarrizketa eskuragarri hemen: Iturria, Argia aldizkaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





Financiado por el Ministerio de Ciencia Innovación y Universidades y la Agencia Estatal de Investigación,
a través de la Convocatoria: Maria de Maeztu 2017 (BOE 21/10/2017) siendo la referencia de nuestro expediente: MDM-2017-0714

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change. Excelencia María de Maeztu.


We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options. If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.

ACEPTAR
Aviso de cookies