Adimen artifiziala ingurumenean


Publikazioaren iturria (Berria)

Ferdidando Villak (Italia, 1961) Ekoinformatikaren eremu liluragarrian egin du bere lan ibilbide guztia. Ikerketa eremu horrek matematika, estatistika, hizkuntzalaritza, konputazio zientziak eta ingeniaritza aplikatzen dizkio ekosistemen ikerketari. Helburua mundu mailako ingurumenaren kudeaketa eta analisia hobetzea da. Ameriketako Estatu Batuetako ospe handiko erakunde akademikoetan lan egin zuen hamabost urtez, Vermonteko unibertsitatean, esaterako. 2010etik, baina, Ikerbasqueko eta Basque Center for Climate Change-Klima Aldaketa Ikergaiko (BC3) ikertzailea da.

Villa doktorea nazioarteko ikerketa talde bateko buru da gaur egun: Ingurumenerako eta Iraunkortasunerako Adimen Artifiziala (Aries). I+G+b-ko plataforma digital bat da. Gai da, lehen aldiz, hainbat diziplinatan jada badagoen informazioa hartzeko eta ezagutza berriak sortzeko, adimen artifiziala erabiliz.

Modelizazio ingurune baten bidez, Arieseko ikertzaileek euren ezagutzak partekatu eta elkarrekin lotu ditzakete, semantika baliatuz. Garapen hizkuntza bakarra da munduan, makina batek irakurtzeko moduko kontzeptualizazioetan oinarritua. Emaitza: datuen eta ereduen Wikipedia bat, guztiz elkarlanean egina eta kode irekikoa. Konputazioan oinarritutako irtenbideak eskaintzen ditu munduko iraunkortasun arazo korapilatsuenei heltzeko, eta, horrela, klima aldaketaren arintzea eta egokitzea bizkortzeko.

Arieseko talde zientifikoak funtsezko ikerketa eremuetan lan egiten du, 2030ean Garapen Iraunkorreko Helburuak bete ahal izateko: elikadura segurtasuna, itsasoko espazioaren plangintza, energia berriztagarriak edota natur kapitalaren kontabilitatea. Kontabilitate horrek naturaren onurak neurtu eta baloratu egiten ditu, ondasun eta zerbitzu gisa (ur edangarria, uholdeen kontrola…)

Aries taldea Nazio Batuen Erakundearekin lanean ari da arlo horretan. Aplikazio bat garatu nahi dute, Lurreko edozein tokitan ekosistemen kontabilitatea modu automatikoan egin ahal izateko. Aplikazioa Interneten egongo da 2021eko urtarriletik aurrera.

Villa doktorearen esanetan, Ariesen helburua da natura erdigunean duten erabakiak hartzen laguntzea. Berrikuntza teknologikoa da hori lortzeko giltzarria. Berrikuntza teknologikoaren bitartez, joera sozioekonomiko eta ingurumen joera berriak aztertu daitezke, eta aurreikusi daiteke gaur egungo erabakiek nola eragingo duten etorkizuneko gizartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.