BC3 prentsa oharra “Energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa Espainian 2030-2050”

” Energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa Espainian 2030-2050″

BC3 (Basque Centre for Climate Change), Energia Ekonomiarako Espainiar Elkartea (AEEE) eta Energiaren Espainiar Kluba (Enerclub) antolatutako jardunaldia

 —
Authors

Mikel González-Eguino, Jose Blanco, Dolf Gielen, Luis Janeiro, Alevgul Sorman, Valvanera Ulargui, Miguel Antoñanzas, Maria Luisa Castaño, Natalia Fabra, Pedro Linares, Cayetana Crespo, Xaquín Garcia-Muros, Pablo del Río González, Santiago Muñoz Gámez, Mariano Olmeda, Valvanera Ulargui, Arcadio Gutierrez

Apirilaren 23an ospatu da Madrilen “Energia Berriztagarriak eta Trantsizio Energetikoa Espainian 2030-2050” jardunaldia, eta antolatzaile izan ditu BC3 (Basque Centre for Climate Change), Energia Ekonomiarako Espainiar Elkartea (AEEE) eta Energiaren Espainiar Kluba (Enerclub). Jardunaldi hau BC3n Mikel Gonzalez-Eguino buru duen TRANSrisk europar proiektuan kokatua dago, eta berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren arloan erreferentziazkoak diren eragileak izan dira parte hartzen, nola nazioartekoak hala europarrak eta estatu-mailakoak.

  • Mikel Gonzalez-Equino BC3ko ikertzaile eta AEEEko presidenteordeak aditzera eman du 2018an hartu beharreko erabakiek izango duten garrantzia kontuan izanda, aproposa dela jardunaldiak orain egitea. Nazioartean azpimarratu du Parisko Akordioaren helburuak betetzeko anbizio-maila areagotu egin behar dela, eta, Europa-mailan, zer nolako garrantzia duten berriztagarrien helburuak areagotzeko gertatzen ari diren negoziazioek. Nahi luke, esan duenez, anbizio handiago hori estatu-mailan sortzekoa den Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak ere jasotzea.
  • Jose Blanco Europako Parlamentuko Berriztagarrien Zuzentarauaren arduradunak, adierazi du berriztagarrien helburuak egungo % 27tik % 35era igotzea ezinbestekoa dela arrazoi klimatikoengatik, baina, gainera, desiragarria dela arrazoi ekonomikoengatik.
  • Dolf Gielen eta Luis Janeiro Energia Berriztagarriaren Nazioarteko Agentziako kideek (IRENA) azaldu dutenez, Europar Batasunak berrizgarrietarako asmo handiagoko helburua ezarriko balu (% 27tik % 33ra igota) 2030 urterako 25.000 milioi dolarreko aurrezki garbia sortuko lukeela. IRENAk dioenez, argi dago gaur egun energia berriztagarriak erabat lehiakorrak direla energia-iturri konbentzionalen aldean, eta oraindik badutela ahalmena 2030 urtera arte kostuak gehiago murrizten jarraitzeko.
  • Alegui Sorman BC3ko ikertzaileak azaldu du energiaren sektoreko adituen erdien esanean, beharrezkoa da energia berriztagarrietarako helburuak Europar Batasunak ezarri duen gutxienekoaren gainetik igotzea, BC3k landu eta aurkezturiko inkesta baten arabera.
  • Valvanera Ulargui Aldaketa Klimatikorako Espainiako Bulegoaren zuzendariak azaldu duenez, Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea sortuta, Espainiak asmo handieneko herrialde europarren artean egon nahi du.

Jardunaldiari hasiera emateko beta izan dute: Jose Blanco Lopez eurodiputatu eta Europako Parlamentuaren Berriztagarrien Zuzentarauaren arduradunak, Miguel Antoñanzas Energiaren Espainiako Klubaren presidenteorde (Enerclub) eta Viesgo-ko presidenteak eta Mikel Gonzalez de Eguino BC3ko ikertzaile eta AEEEko presidenteordeak.

Miguel Antoñanzasek nabarmendu du jardunaldi hau une honetan antolatu izanaren egokitasuna; izan ere, energia berriztagarrien 2030 urte bitarteko Europako partizipazio-helburuaren inguruko eztabaida-prozesua bete-betean gertatzen ari baita (azken kontsumorako energiaren % 27 eta % 35 bitartean). Halaber, azpimarratu du Espainiako Aldaketa Klimatikorako eta Trantsizio Energetikorako Legearen, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integralaren eta Adituen Batzordeak orain aste gutxi argitaratutako txostenaren egokitasuna.

Bestetik, Mikel Gonzalez-Eguinok ere nabarmendu du jardunaldien egokitasuna, urtean zehar Europa- eta estatu-mailan hartu beharreko erabakiengatik. Halaber, nazioarteko mailan, azpimarratzekoa da NBEk 2018a ekintza klimatikorako funtsezko urte gisara izendatzea, izan ere, Estatuek oraindik ere ezarri ditzakete Parisko Akordioaren sinadurarekin hitzemandako horiek baino asmo handiagoko helburuak. Azkenik, berriz ere nabarmendu du asmo handiagotara jotzeko premia, bestela ezinezko gertatuko litzateke berotze globala 2 ºC-ra mugatzea –are gutxiago 1,5 ºC-rako muga– eta energia berriztagarriek funtsezko zeregina izango dute horretan.

Irekiera-hitzaldian, Jose Blanco Berriztagarrien Zuzentarauaren ardura duen eurodiputatuak, ohartarazi du negurako neurri-sortarako helburuak eta berriztagarrien inguruko zuzentarauaren proposamen berria bihurtu direla “desiragarri” izatetik, “aginduzko” izatera. “Ez da soilik gure eredu ekonomikoa jokoan dagoena, gure bizitzeko eredua baizik”, esan du helburu nazional lotesleen inguruan, baita EBk 2030erako berriztagarrien helburua egungo % 27aren aldean % 35era igotzeari dagokionez ere. Halaber, bere nahia azaldu “akordioa % 27tik baino, % 35etik gertuagokoa izateko”, betiere kontuan hartuz “berriztagarrien kostuen murrizketa oso bizkor gertatzen ari den testuingurua”. Espainiari dagokionez, eta etorkizuneko klima-aldaketarako legearekiko eszeptiko azaldu arren, azpimarratu du “etorkizuneko mehatxuei zentzuz erantzuteko eta sektorean inbertitzeko egonkortasuna bermatuko duen lege bat izatearen garrantzia”.

Jarraian, Dolf Gielenek, Director Innovation and Technology eta Luis Janeirok, Programme Officer, biak ere Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziakoak (IRENA), aurkeztu dute Europako Batzordeak eskaturiko Renewable Energy Prospects for the European Union” txostena. Dokumentu horretan, 2030 urterako energia berriztagarrien azterlan prospektibo bat egin dute, arlo honetan sortzen diren eztabaidetan sostengu izateko eta energia berriztagarrien hedakuntza egokienaz aholkatzeko.  IRENAk buruturiko ikerketa horren arabera, EBk lortu omen dezake % 33 edo gehiagoko berriztagarrien helburua 2030erako, modu errentagarri batean. IRENAk identifikaturiko aukera horiek guztiak ezartzerekin bat lortuko litzateke 25.000 milioi dolarretako aurrezki garbia 2030erako, aukera merkeenen aurrezkiek aukera garestienen kostu gehigarriak orekatzen dituztelako. Horretaz gain, saihets daitezkeen osasun eta ingurunearekiko kalteak aintzat hartuz gero, aurrezkia heldu daiteke urteko 133.000 milioi izatera.

Luis Janeirok nabarmendu duenez, Espainiak “ahalmena du energia berriztagarriak nagusi diren sistema elektriko bat 2030 urterako lortzeko “. Sistema horrek “eguzkiaren eta energia eolikoaren partizipazio oso altua izan dezake, jadanik egungo energia berriztagarriak erabat lehiakorrak direlako energia-iturri konbentzionalen aldean, eta oraindik ere ahalmen gehigarria du, 2030 urte bitarteko epean, kostuak murrizten jarraitzeko”. Hala ere, ohartarazi du elektrizitatearen erabilera “kontsumo energetikoaren 1/4 bat dela soilik” eta, horren ondorioz, “Espainian ikatza baztertzearen erronka garraio-sektorean eta berokuntzan dagoela, eta askoz ere aurrerabide motelagoa egin dute iraganaldian”.  

IRENAren txostena aurkeztu ondoren, Alevgul Sorman BC3ko ikertzaileak azaldu ditu energiaren sektoreko adituei berriztagarriek Espainian duten etorkizunari buruz TRANSrisk proiektuaren testuinguruan egin zaien inkesta baten emaitzak. Ondorio nagusietako bat izan da galdegindakoek berriztagarriekiko agertu duten anbizio-maila altua; izan ere, erdiak baino gehiagok positibotzat jo du Europar Batasunak ezarritako gutxieneko maila gainditu eta % 35era heltzea, igoera hori gehienbat eguzki-energia fotovoltaiko eta energia eolikoak sustatuta. Pablo del Rio Gonzalez Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularrak, lortutako emaitzen “discussant” rola hartu zuenak, BC3 animatu zuen galdegindako adituen laginketa zabaldu eta erantzunetan gehiago sakontzera, segmentazioa sektoreka edo adin-tarteen arabera eginda, baita berriztagarriak garatzeko lagungarri diren mekanismoetan sakontzera ere; gai horretan Xaquin Garcia-Murosek, BC3ko ikertzaileak ere parte hartu zuen.

Horren ostean, energia-sektoreko eta klima-aldaketaren arloko adituek eztabaidatu zuten Espainian energia berriztagarrien garapen-faktore garrantzitsuenen inguruan. Eztabaida moderatu zuen Maria Luisa Castañok, CIEMAT zentroaren Energia Saileko zuzendariak.

Natalia Fabra Carlos III Unibertsitateko Ekonomia katedradunak ohartarazi zuen funtsezkoa dela, asmo handiko helburuak ezartzeaz gain, sektore elektrikoaren erregulazio eta diseinu egoki bat izatea, horren araberakoak izango direlako bai kostuak eta bai elektrizitate-kontsumitzailerentzako azken prezioak, eta horrek baldintzatuko duelako handiagoa ala txikiagoa izango den sostengu sozial eta politikoa.  Horretaz gain, berriztagarrien enkanteen diseinua hobetzeaz hausnartu zuen aditu honek, eta aldezten zuen energiaren prezioa zehaztea enkante horietan, baina ez potentzia, eta beti neutraltasun teknologikoko irizpide berari segi beharrik ez izatea.

Pedro Linares Economics for Energy-ko zuzendariak azpimarratu zuen nahitaezkoa dela berriztagarrien garapenerako politikak koordinatzea klima eta industriaren arloko eta Autonomia Erkidegoetako politikekin. Halaber, inbertsio-kostuak berreskuratzea eta laguntzarako ahalmen handiagoa edukitzea premiazkotzat jo zituen berriztagarrien aurrerabidea ahalbidetzeko.  Azkenik, nabarmendu zuen epe luzerako aldagai seguruak dituen merkatu bat diseinatzeko borondate politikoaren premia.

Cayetana Crespo Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteko arduradunak azaldu zuen kontsumitzaileak berriztagarrien onuren ezaguera behar duela izan, gero ikatza baztertzeko prozesuan lagundu ahal izateko. Halaber, berriz nabarmendu zuen zer garrantzia duen erregulazioak kontsumitzaileari parte-hartze handiagoa eskaintzeak.

Mahai-inguruan partaide izan zen Santiago Muñoz Gamez Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko energia elektrikoaren zuzendariordea, eta, bere esanean, berriztagarrien inguruko helburuak lortzeari begira dagoen arriskurik handiena da Espainian interkonexio nahikorik ez izatea.

Mariano Olmeda ITHAKA TPG Senior Advisorrak garrantzi handia eman dio trantsizio energetikoaren finantzazioari. Horren harira, oroitarazi du egin beharko diren diren inbertsioak egiteko, segurtasun handiagoa eduki behar dutela inbertitzaileek.

Ekitaldiaren amaieran, Valvanera Ularqui Aldaketa Klimatikorako Espainiako Bulegoaren zuzendari orokorrak aditzera eman duenez, Espainiak beteko omen ditu berotegi-efektuko gasen eta energia berriztagarrien arloan Europar Batasunak ezarritako helburuak, eta “horrek lagunduko digu hobeto kokatzen 2030, 2040 eta 2050erako. Horren ondoren azaldu du Espainiako Gobernua aldi berean ari dela Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen eta Energia eta Klimaren Planaren lanketan. Lege horrek ezarriko ditu ikatza baztertzeko oinarrizko printzipioak, eta inbertitzaileei segurtasuna eskainiko dien gobernantza-mekanismo guztiz sendoa, eta, aldi berean, malgua izango dena teknologia berriei eta kontsumo-eredu berriei egokitzeko. Berotegi-efektuko gasei aurre egiteko, efizientzia energetikoaren aldeko eta berriztagarrientzako 2030erako helburuak ezarriko ditu. Ularguik espero du “ziklo politikoak gaindituko dituen kontsentsuzko legea” adostea.  Azkenik, azaldu du lege honekin nazioarte eta europar mailako negoziazioetan Espainiak anbizio-maila handieneko herrialde europarren artean egon nahi duela.

Arcadio Gutierrez Enerclub-eko zuzendari orokorrak jardunaldia itxi zuen, bere hitzaldian eskerrak emanez etorritako lagun eta txostengileei, eta eskatu zuen trantsizio energetikorako eragile desberdinak elkar topatzeko horrelako jardunaldiak antolatzen jarraitzea.

Miguel Antoñanzas (President of Viesgo) Jose Blanco (Eurodeputy) and Mikel González-Eguino (BC3)

Hasierako argazkia (ezker-eskubi) Miguel Antoñanzas (Presidente de Viesgo) Jose Blanco (Eurodiputado) eta Mikel González-Eguino (BC3)

    Arcadio Gutierrez (Director Enerclub), Valvanera Ulargui (Directora Oficina de Cambio Climático) and Mikel González-Eguino (BC3)

    Amaierako argazkia (ezker-eskubi) Arcadio Gutierrez (Director Enerclub), Valvanera Ulargui (Directora Oficina de Cambio Climático) eta Mikel González-Eguino (BC3)

      Utzi erantzuna

      Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





      María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

      ©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.