Prentsa Oharra (2016-11-30)

Ambio izeneko Zientzien Suediako Akademiaren nazioarteko aldizkari zientifikoaren azken aleak ingurumen-aldaketa globalaren testuinguruan emakumeek betetzen duten paperari eskainitako liburuki berezi bat argitaratu du. Lan horretan, BC3, Basque Centre for Climate Change erakundeak hartu du parte.

Emakumeak ahalduntzeak klima-aldaketari aurre egiteko ahalmen handiagoa emango digu

  • Honako hau generoko diziplina arteko ikuspegi batetik aldaketa globaleko gaiei heltzen dieten hainbat azterketa zientifikoz osatutako monografiko bat da.
  • Monografiko hau batera argitaratu duen eta zenbait ikerketa ekarpen egin dituen BC3ko kide den Unai Pascual Ikerbasque-ko irakasleak hauxe azpimarratu du: “generoak beste kategoria sozial batzuekin (adibidez, etnia, klase soziala, erlijioa, etab.) batera jarduten duen ikuspegi batetik klima-aldaketaren testuinguruan generoaren gaia ulertzeko beharra. Horrela uler daiteke Hegoalde Globaleko herrialdetan zein esparru hurbilagoetan klima-aldaketara egokitzeko emakumeen gaitasuna eta kalteberatasuna”.

Bilbo. 2016ko azaroaren 30a. Ambio nazioarteko aldizkari zientifikoak monografiko berezi bat argitaratu berri du. Bertan, lehen aldiz, genero-desberdinkeriak eta klima- eta ingurumen-aldaketak erlazionatzen dira. Aldaketa horien ondorioak diferenteak direla eta aldaketen aurrean gizonek eta emakumeek erantzunak desberdinak ematen dituztela aztertzen da publikazio zientifiko honetan. Hortaz, ezinbestekoa da bi generoek aukera eta eskubide berberak izatea euren komunitateen barruan. “Giza sozietateak ingurumen-aldaketara hobeto egokitu ahal izateko, diferentzia horiek ezabatu, eta emakumeak eta babesik ez duten beste giza talde batzuk ahaldundu egin behar dira euren komunitateetan”, azaldu du Federica Ravera CREAF erakundeko eta Portugalgo Insituto de Ciências Agrárias e Ambientais Mediterrânicas (ICAAM) institutuko ikertzaileak eta aldizkariaren zenbaki honen koordinatzaile nagusiak.

Unai Pascual Ikerbasqueko irakaslea bat dator iritzi horrekin, eta klima-aldaketa bezalako ingurumeneko aldaketa globalen aurrean gizarteak egokitzeko duen gaitasunari eusteko emakumeen papera erakusteko beharra azpimarratu du. “Munduko herrialde eta eskualde askotan eskala txikian egindako nekazaritza da milioika familien sostengu nagusia, eta klima-aldaketa nekazaritza-sistema askoren bideragarritasunean ari da eragiten. Sistema horietan askotan ikusten ez den funtsezko papera dauka emakumeak” esan du Unai Pascualek. Eta honako hau gaineratu du: “Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu batean gertatzen ari diren klima-aldaketara eta beste aldaketa batzuetara (adibidez, ekonomikoak eta kulturalak) produkzio-sistema asko egokitzeko eta erresilientziako ahalmena ezingo dugu ulertu, baldin eta ez dugun baliabide naturalen erabileraren edo laborantza askotako hazi-trukeen eta aukeraketaren gaineko ezagutza tradizionala mantentzen emakumeek betetzen duten paper nagusia aztertzen. Munduko leku askotan agro-biodibertsitateak emakume-aurpegia dauka”. Argitalpenaren egileek ere azpimarratu dute, gizarte-talde bakoitzean oso diferentea dela ingurumen-aldaketei erantzuteko errekuperatzeko, egokitzeko edo berritzeko ahalmena. Horregatik, batetik, generoaren eta, bestetik, adina, posizio soziala eta ekonomikoa, etnia edo hezkuntza, sexualitatea edo desgaitasunak bezalako diskriminazioko beste elementu askoren arteko elkarrekintza kontuan hartu behar da. “Horrela, pertsona eta komunitate kaltetuenen kasuak hauteman eta ulertu, eta eurei buruz dugun ikuspegia eraldatu ahal izango dugu –biktimak izatetik aldaketa-agente izatera pasatuz–. Gainera, faktore horiek elkarrekin aztertuz, gaur egungo politikak –normalean oso orokorrak eta sinpleak– berriro planteatu ahal izango dira, eta errealitate bakoitzerako politika eraginkorrago eta inklusiboago batzuk garatu”, aipatu du Raverak. Pascualek ere honakoa aipatu du: “genero-ikuspegiak nagusi izan behar du iraunkortasunaren zientzian eta klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko erabakiak hartzeko garaian”.

Gizarte eta ekosistema diferenteei buruzko nazioarteko bederatzi azterketa-kasuren bilduma

CREAFek, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak (UAM), Euskadiko Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeak eta Alemaniako Lüneburg-eko Leuphana Unibertsitateak elkarrekin koordinatutako argitalpenean bi sintesi-editorial, bi artikulu teoriko eta bederatzi azterketa-kasu biltzen dira. Azken hauek hainbat gizarte eta ekosistema barne hartzen dituzte: Estatu Batuetako behizainak eta bertako larreak, sami indigenen eta hauen elur-oreinen Suedia; Afrikako abeltzaintza- eta nekazaritza-komunitateak; Amazoniako komunitate indigenetan sendabelarren erabilera eta ezagutza; nekazaritzako laborantzen eta barietateen dibertsitatearen azterketa, edo Salomon Uharteetako arrantzaleak.

Aztertutako bederatzi kasuetan ingurumeneko aldaketa motaren batekiko kalteberatasuna, leheneratzeko ahalmena edo aldaketara egokitzeko ahalmena, testuinguru bakoitzaren arabera, ebaluatu dira. Hala egiaztatu ahal izan da lanaren banaketa eta gizabanakoek euren komunitatean betetzen dituzten rolak, erabakiak hartzeko erantzukizunak, baliabide naturalen kudeaketan botere-erlazioak eta ezagutza eskuratzeko ahalmena zuzenagoak diren neurrian, ingurumen-aldaketa horiei hobeto erantzun ahal izango zaiela.

Ipar Amerikatik Suediara, Afrikatik, Asiatik ea Salomon uharteetatik igarota

Adibidez, badira Suedian elur-oreinen artzaintzan diharduten sami indigenak edo EEBBetako hegoaldeko behizainak bezalako hainbat komunitate non emakumeek euren taldeetan rol erabat ikusezina baina funtsezkoa betetzen duten. Aziendaren kudeaketan hainbat zereginez arduratzeaz gain, bi azterketetan azpimarratu da emakumeak arduratzen direla euren talde barruan eta belaunaldien artean ezagutza transmititzeaz. Zeregin hori ezinbestekoa da talde horien biziraupena ziurtatzeko.

Etiopiako goi-lautadako komunitateetan egindako beste azterketa batean nabarmendu da emakumeek toki-erakundeetan sartzeko eta euren komunitateetan erabakiak hartzeko aukera txikiagoa izan ohi dutela. Ezaugarri horrek eragina izan dezake ingurumenari lotutako krisiaren aurrean emandako erantzunean. Talde horietan herri-larreen kudeaketa osoa gizonen esku dago, eta hauek, lehorte-garaietan, euren azienda saltzea nahiago izaten dute.  Aitzitik, emakumeek epe luzeagorako estrategiak aplikatzen dituzte eta esne-behien eta ardien elikadura lehenesten dute haurrentzako eta txahalentzako janaria edukitzeko.

Argitalpenean ere jaso da Ingurumen Teknologiaren eta Zientziaren Institutua (ICTA-UAB) buru duen azterketa bat. Bertan egiaztatzen da Amazonako Tsimane tribuko emakumeek gaixotasunak tratatzeko erabil daitezkeen landare gehiago ezagutzen dituztela. Hala ere, bi generoek tratamendu berbererako landare desberdinak ezagutzen dituztenez, ezagutza horiek bateratuz gero, tsimanetarrek sendatzeko eta Amazonia jasaten ari den aldaketetara egokitzeko askoz ere ahalmen handiagoa izan dezaketela pentsa arazten digu.

Generoak soilik ez ditu azaltzen desberdinkeriak eta aldaketei emandako erantzuna

Indian Federica Ravera buru izan duen azterketak argitalpen osoko mezu nagusietako bat erakusten digu. Ikertzaileek ikusi dute, generoaz gain, leinua, hezkuntza, gizarte-maila edo lurra edukitzeko aukera bezalako beste faktore batzuk definitzaileak direla ingurumen-aldaketak murrizten saiatzeko eta haietara egokitzeko. Himalayako komunitateetan, lurra edukitzeko eta hezkuntza jasotzeko aukera handiagoa duten emakumeak bakarrik dira nekazaritza-biodibertsitatea eta ingurumen-aldaketei erantzuteko gaitasuna gordetzeko gai. Hori horrela gertatzen da, batez ere emakumeek erabakiak hartzeko eta nekazaritzako jardueren gaineko kontrola dutenean; hala, lan kolektibotan euren indarrak batu eta trukatzeko sare sozialak osatzen dituzte. Halaber, Gangesko lautadetan leinu goreneko emakumeek soilik eskura ditzakete nekazaritzako eta ekologiako berrikuntzak; izan ere, emakume gehienak nekazaritzako langile gisa lan egiteko aukera baino ez dute, emigratu duten gizonen lana betez.

Ikerketa sozioekologikorako beste ikuspegi feminista eta diziplina anitzeko bat

“Hauxe da azterketa-bilduma batek ingurumen-aldaketa global baten gaineko azterketa batean hurbilketa feminista bat aplikatzen duen lehen aldia”, azaldu du argitalpenaren koordinatzaileak. Horretarako, natura- zein gizarte-zientzietako hainbat diziplina, metodo eta teknikatara zabaldu behar izan da ikerketa.  Hala, ikerketan zehar ekologokoek, soziologoek, ekonomialariek, antropologoek, etnobotanikoek eta politologoek hartu dute parte. Horietako gehienak emakumeak ziren.

“Beharra ere baden borondate honek gaur egungo ikerketa sozioekologikoan paradigma-aldaketa erakusten du. Historikoki, ingurumen-aldaketen ondorioak eta basoen, laboreen edo arrantzaren gaineko krisi ekologikoak arlo batzuetatik baino ez dira aztertu. Orain, ekosistema horien egokitzeko eta leheneratzeko ahalmena handitzeko, ekosistema horietara moldatutako dinamika sozialak barne hartu behar ditugu”, ondorioztatu du Federica Raverak.

ARGITALPENA

Ravera, F., Iniesta-Arandia, I., Martín-López, B., Pascual, U., Bose, P. (ed.) (2016). Special Issue: Gender perspectives in resilience, vulnerability and adaptation to global environmental change. Ambio, Volume 45, Issue 3 Supplement. ISSN: 0044-7447 (Print) 1654-7209 (Online).

SARE SOZIALAK

Argitalpen honi lotutako egileek eta erakundeek #genderGEC etiketa sortu dute gaiari buruz sare sozialetan hitz egiteko. Etiketa hau jarraitzera eta askatasun osoz erabiltzera gonbidatzen zaituztegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude





María de Maeztu Excellence Unit 2023-2027 Ref. CEX2021-001201-M, funded by MCIN/AEI /10.13039/501100011033

©2008 BC3 Basque Centre for Climate Change.